NUKFk Batzar Arrunta egingo du abenduaren 13an
Batzorde Betearazleak Batzarraren gai-zerrendaz gain, erroldarekin eta elikadura jasangarriarekin lotutako gaiak eta DANAk kalteturiko erakundeentzako laguntza ere onetsi zituen
Batzar Nagusia abenduaren 13rako, 17:00etan, deitzea adostu zuen NUFKko Batzorde Betearazleak. Ohi moduan, Iruñeko Iruña Park hotelean izango da. Batzorde Betearazleak honako afera hauek onetsi zituen, ondoren, Batzarraren onespenera jartzeko: 2024ko Kudeaketa Txostena, 2025eko Jarduketen Programa eta 2025eko Aurrekontuak. Batzarraren onespenera jarriko dira, halaber, 2023ko Kontuak, aurreko saio batean Batzorde Betearazleak onetsi zituenak.
Bilkura berean, gai hauek ere landu zituen Batzordeak:
Erroldatzeen inguruko protokoloa. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak Nafarroan erroldatzeko irizpideak bateratzeko dokumentua onetsi zuen Batzordeak. Zehazki, benetan bizi diren udalerrian bizitokia egiaztatzeko zailtasunak dituzten pertsonen eta bizitokirik ez dutenen kasu berezietarako irizpideak bateratzen ditu dokumentuak. Zenbait udalek, besteak beste Iruñekoak, osaturiko lantalde batean landu da protokoloa, foru erakunde batzuek eskatuta abiatu zelarik.
Elikadura jasangarriari buruzko lana. Bestalde, Batzordeak Mirua kooperatibaren proposamenaren berri izan zuen, elikadura jasangarria eta hurbilekoa sustatzearekin loturik. Batzordeak arlo horri buruz sustatuko diren foro eta gune guztietan parte hartzea adostu zuen.
DANAk kalteturiko udalerrientzako laguntza. Federazioak funts zehatz bat sortu zuen DANAk kalteturiko udalerrientzat toki-erakundeen laguntza biltzeko. Batzordeak funts horri 5.000 euroko ekarpena egitea onetsi zuen bai eta bildutako zenbateko ekonomikoa toki-erakundeei ahalik eta modurik zuzenean helarazteko modua aztertzea ere.
Despopulazioa. Bestalde, despopulazioaren eta Nafarroako Gobernuak horren inguruan egingo duen legearen inguruan toki-erakundeen proposamenak biltzeko, Federazioak parte-hartze prozesu bat abiatuko duela jakinarazi zion lehendakariak Batzorde Betearazleari. Halaber, prozesu hori koordinatzeko eta urtarrilaren bigarren hamabostalditik aurrera egingo diren eremuko bilerak antolatzeko lantalde bat sortu dela jakinarazi zuen lehendakariak.
Energia arloko kudeaketa. Azkenik, energiaren alorrean Nafarroako Gobernuarekin izenpeturiko hitzarmenaren barruan, Federazioak hasitako jarduketen berri eman zuen lehendakariak. Zehazki, NUKF prestakuntza ekintza zenbait eskaintzen hasi da eta toki-erakundeei zuzenduriko gida bat argitaratuko du.
Argazki oina
Batzorde Betearazlea bilkura arrunt batean.