Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) abian jarriko du despopulazioari buruzko parte-hartze prozesuaren bigarren fasea Nafarroako toki-erakundeekin, laster Despopulazioari eta Landa garapenari buruzko Foru Legearen zirriborroa argitaratuko baita. Prozesua eskualdeko bilkuren bidez artikulatuko da, iaz egindako prozesuaren antzeko dinamika izango du bai eta berariazko laguntza teknikoa ere.
NUKFk laster emango die toki-erakundeei bigarren prozesu horren berri, asmo izango duena Nafarroako Gobernuaren Aurreproiektua aztertzea, lehenengo fasean toki administrazioetatik egindako ekarpenak zein neurritan barne hartzen dituen ikustea eta, hala badagokio, alderdiren bat aldatzeko edo hobetzeko proposamenak egitea.
NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek asteazken honetan emandako prentsaurrekoan azpimarratu duen moduan, etorriko den lege horrek garrantzi estrategikoa izango du Nafarroaren orainerako eta etorkizunerako, zailtasun demografiko handienak dituzten eremuetako toki-erakundeentzat bereziki eta, zehatzago, udalerri txikientzat eta despopulatze arriskuan daudenentzat. Alcuaz Batzorde Betearazleko eta NUKFren despopulazioaren kontrako talde eragileko kide den Susana Castanerarekin batera mintzatu da eta defendatu du etorkizuneko legeak lurralde kohesioa indartzeko balio behar duela, herritarren aukera berdintasuna bermatzeko, bizitokia edozein dutela ere, eta lurralde osoan kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzen direla bermatzeko.
Prozesu parte-hartzaile berria
Prozesua egiteko ekimenak jarraipena emango dio NUKFk 2025ean bultzaturiko lanari. Orduan, lehenengo parte-hartze prozesu bat egin zuen toki-erakundeekin erronka demografikoaren aurrean zituzten kezkak, lehentasunak eta proposamenak biltzeko. Parte-hartze prozesu hartan, 113 toki-erakundetako 162 hautetsik hartu zuten parte eta lan horren fruitu, dokumentu bat osatu zen zazpi printzipio gidari eta 74 proposamen jasota. Idatzia Nafarroako Gobernuari eta Foru Parlamentuari helarazi zitzaien egite bidean ziren legeari egindako ekarpen konstruktibo gisa.
Toki esparruak fenomeno horren gainean duen kezka guztiz justifikaturik dago. Egindako parte-hartze prozesu hartan gogora ekarri zen modura, egun Nafarroako 174 udalerri daude despopulazio arriskuan, guztizkoaren % 64 alegia, eta fenomeno hori bereziki larria da udalerri txikiagoetan; horietan, 100 biztanletik beherako udalerrietatik % 96k biztanleak galdu ditu azken urteetan.
Horregatik, NUKFren iritziz Despopulazioari eta Landa Garapenari buruzko Foru Legea tokiko ikuspegiarekin sortu behar da argi eta garbi, eta Nafarroako lurraldearen aniztasuna eta bertako herrien eta kontzejuen errealitatea kontuan hartuta. Federazioak defendatzen duena da despopulazioari aurre egiteko edozein ekimen eraginkorra izango bada, toki-erakundeen protagonismoa izan behar duela oinarri, herritarrekiko hurbilen dauden administrazioak direlako eta lurralde bakoitzaren benetako beharrak hobekien ezagutzen dituztelako.
Gainera, Alcuazek azpimarratu duenez, lege horrek lurraldearen oreka mantentzen lagundu behar du, abiadura ezberdinak izango dituen Nafarroa bat ekidin behar du eta ahalbidetu behar du udalerri txiki batean bizitzeak zerbitzuen, aukeren edo eskubideen murrizketarik ez suposatzea. Horretarako, ezinbestekoa izango da Foru Lege berriak neurri baliagarriak, errealistak eta landa eremuetako beharretara egokituak jasotzea, zeharkako ikuspegi batetik abiaturik etxebizitza, konektagarritasuna, mugikortasuna, zerbitzu publikoak, jarduera ekonomikoa eta pertsonekiko arreta barne bilduko dituena.
Bigarren parte-hartze fasea aktibatzeko erabakia NUKFren 2026rako Jarduketen Programan jasotako konpromisotik dator; izan ere, Programak despopulazioa baitu erakundearen lan-ildo estrategikoen artean. Testuinguru horretan, Federazioak legearen tramitazioa hurbiletik jarraitzeko borondatea berretsi du, toki-erakundeen ikuspegia adieraztekoa eta behar adina baliabide ematekoa toki esparruaren proposamenak entzunak izan daitezen eta legearen amaierako testuan txerta daitezen.
NUKFren Batzorde Betearazleak horrenbestez erabaki du parte-hartze prozesuaren bigarren fase hori abian jartzea, lehenengo fasean egindako dokumentua eta Legearen zirriborroa oinarritzat harturik. Adostu du halaber, prozesua diseinatzen eta garatzen hastea aholkularitza teknikoa kontratatuz eta, beharrezkoa izanez gero, baliabide egokiak emanez.