Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) 2024ko ekitaldi ekonomikoa 51.268 euroko superabitarekin itxi duela jakin zuen Batzorde Betearazleak maiatzaren 13an izandako saio arruntean. Gauzaturiko aurrekontua 817.175 eurokoa izan zen eta diru-sarrerak berriz, 868.444 eurokoak.
Balantze ekonomikoak kudeaketa orekatua eta Nafarroako toki-erakundeen lehentasunetara doitua islatzen du, Federazioaren bideragarritasun finantzarioa eta erakundeak udal eta kontzejuei zerbitzuak emateko duen gaitasuna bermatzen dituelarik.
Gastuei dagokienez, partida nagusia langileria gastuekin lotutakoa izan zen, 501.008 eurokoa, ondoren gastu arruntena (223.897 €), transferentziena gero (88.944 €) eta, azkenik, inbertsio errealena (3.324 €).
Diru-sarrerak, nagusiki, dirulaguntzetatik etorri ziren (551.514 €) eta erakundeari atxikitako udal eta kontzejuen kuota arruntetatik (295.633 €). Federazioak egindako jarduerek eta zerbitzuek ordea, 21.295 euroko gastua izan zuten.
GASTUAK | |
Langileria gastuak | 501.008 € |
Gastu arruntak | 223.897 € |
Transferentziak (Concejo aldizkaria, Prestakuntza Plana, Lankidetzako Funtsa eta FEMParen kuota) | 88.944 € |
Inbertsio errealak | 3.324 € |
GASTUAK, GUZTIRA | 817.175 € |
| |
DIRU-SARRERAK | |
Kuota arruntak | 295.633 € |
Jarduerak eta zerbitzuak | 21.295 € |
Dirulaguntzak | 551.514 € |
DIRU-SARRERAK, GUZTIRA | 868.444 € |
| |
EMAITZA (superabita) | 51.268 € |
Modu horretan NUKFk erakundearteko bitartekari lanari eutsi egiten dio eta Nafarroako udal eta kontzejuei babesa ematen segitzen du, toki esparruaren interesak zainduta eta udal kudeaketa hobetzen lagunduko duten zerbitzuak eta baliabideak sustatuta.
Hartutako gainontzeko akordioak
2024ko kontuez gain, Batzorde Betearazleak pisuzko beste bi gai jorratu zituen. Batetik, Hezkuntza Departamentuak 0-3 hezkuntza ziklorako proposaturiko finantzaketa eredu berria. NUKFk horren inguruko jarrera formalik hartu baino lehen, proposamena aztertzea adostu zuen, haur eskolak kudeatzen dituzten toki-erakundeentzat garrantzizko afera baita.
Bestetik, Batzordeak Nafarroako GGKEn Koordinakundearekiko hitzarmena ere onetsi zuen. Hitzarmenak, besteak beste, honakoak barne hartzen ditu: lankidetzako udal politikei buruzko aholkularitza, informazio-buletinen zabalpena, migrazioei eta aterpeari buruzko gidaren eguneraketa eta hezkuntza baliabideen katalogo bat egitea. Era berean, NUKFk Koordinakundeari urtero egiten dion ekarpena 8.000 eurotik 9.000 eurora handituko da; 2017az geroztik zenbatekoak bere horretan zirauen.