2026ko urtarrilak 8

NUKFk 200.000 euro gehiago izango ditu 2026ko aurrekontuetan berdintasun politikak indartzeko, despopulazioaren aurka egiteko eta toki-erakundeei laguntza emateko

2026rako kontuek 1,5 milioi dituzte guztira eta, horri esker, toki-erakundeentzako funtsezko programak sendotu eta jardute-lerro berriak abiatu ahalko dira

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 1.509.918 euroko aurrekontu finkatua izango du 2026an; aurreko ekitaldian baino % 15,49 gehiago. Zehazki, aurrekontua 202.552 euro handitu da eta horri esker, toki-erakundeentzat arlo estrategikoak direnetan aurrera egin ahalko da; besteak beste, berdintasunean, etxebizitzarako sarbidean, lurralde garapenean, Plan estrategikoaren eguneraketan eta herri ondasunen immatrikulazioen eraginaren ikerketan.

Aurrekontuen proiektuaren arabera, langileen gastuak % 5,30 murriztu dira, nagusiki, zenbait langileren erretiroa dela medio eta langile berriek antzinatasunik ez dutelako. Hala eta guztiz ere, ordainsarien igoera aurreikusia dago, Funtzio Publikoaren ordainsariekin loturiko estatuko akordioei jarraiki.

Ohiko funtzionamenduari dagokionez, aurrekontuak diru-partidak eguneratu ditu aurreko urteetako benetako exekuzioen arabera egokitzeko. Horrela, igoerak aurreikusten ditu elektrizitatearen, informatika ekipoen eta aseguruen arloetan eta garbiketa zerbitzuetan eta bestelako horniduretan berriz, zenbatekoak jaitsi egin dira.

Berdintasuna, despopulazioa eta herri ondasunak

Erakundearen jarduerari dagokionez, datorren urtean NUKFk berdintasun politika publikoen aldeko apustua egonkortuko du. Horretarako, arlo horri eskainitako 40.000 euroak bere horretan mantendu dira eta, lehen aldiz, 30.000 euroko partida berri bat gehitu da Berdintasunaren aldeko Toki-erakundeen Sarea sortzeko. Bi zenbatekoak Nafarroako Aurrekontu Orokorren barruan barne hartutako 60.000 euroko dirulaguntza batekin konpentsatzen dira.

Lurraldearen arloan, despopulazioaren aurka egiteko partidari eutsi egiten zaio, arrisku demografikoari aurre egin behar dioten udalerri txikientzat ezinbestekoa baita, eta 5.000 euro bideratuko dira Federazioaren Plan Estrategikoa eguneratzeko. Era berean, partida berri bat sortu da toki-erakundeetan etxebizitzari buruzko berariazko ikerlan bat egiteko, toki-erakunde guztiei eragiten dien arazo amankomuna baita.

Aurrekontuak, bestalde, zuzkidura berri bat jasotzen du Eliza Katolikoak immatrikulaturiko herri ondasunei buruzko ikerketa lizitatzeko. 2025ean, ikerlana zati batean egin zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin eta Federazioak jarraitasuna eman nahi dio 2026an ere.

Komunikazio arloko inbertsio berriak eta prestakuntza lanaren jarraipena

Berritasunen artean, 15.000 euroko partida bat dago Federazioaren Komunikazio Plana egiteko; erakundearen hedapena eta Nafarroako udalgintzaren jendaurreko presentzia indartzeko balioko duen tresna. Bestalde, mantendu egiten dira NUKFko organoentzako eta banku-zerbitzuetarako zuzkidurak —azken horiek murriztu egin dira komisio-karga apalagoa dela eta— bai eta informatika ekipoetarako inbertsioak mantendu ere.

Federazioaren barruko programei dagokienez, Concejo aldizkarirako aurrekontua egonkor mantendu da, Prestakuntza Plana 2025eko dirulaguntzaren arabera handitu da eta Lankidetza Funtsa nabarmen handitu da, 367.200 eurora iritsita; iaz baino 100.000 euro gehiago.

Toki-erakundeen ekarpena

Diru-sarrerei helduta, egonkor mantendu dira Federazioko kideen kuotak eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik datorren transferentzia % 2,40 eguneratu da, 7/2022 Foru Legeari jarraiki. Halaber, berdintasunaren eta herri ondasunen arloetarako aurreikusitako diru-sarrerak barne hartu dira bai eta epe finkorako ezarpenetik eratorritako errendimendu finantzarioak ere.

Lau programen (Federazioaren, CONCEJO aldizkariaren, Prestakuntza Planaren eta Lankidetza Funtsaren) aurrekontu bateratuak programa horien arteko barne transferentziak kontuan hartzen ditu, eta guztira 1,51 milioi euroko gastua islatzen du, toki-erakundeen zeregina indartzeko eta datorren urteko gizartearen, lurraldearen eta ekonomiaren erronkei aurre egiteko gaitasuna hobetzeko bideratuko direnak.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba