2025eko irailak 26

NUKFk 152 prestakuntza ekintza eskaintzen ditu Nafarroako toki-erakundeetako langileentzat

Udalen Federazioaren Etengabeko Prestakuntza Planak ikastaroak euskaraz eskaintzen ditu aurten eta eutsi egiten dio berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxista prebenitzeko hautuari

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) Foru Komunitateko toki-erakundeetako langileen gaikuntzarekiko duen konpromisoa gehiago sendotu du 2025ean. Urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan, Federazioak 152 prestakuntza ekintza eskaini ditu urtero sustatzen duen Etengabeko Prestakuntza Planaren barruan. Prestakuntza ekintza horietatik 66 berariazkoak dira eta 86 berriz, orokorrak.

Parte-hartzea aztertuta, egun,  56 ikastaro amaitu dira jada eta 14 abian daude; gainontzekoak ekitaldia amaitu baino lehen egingo dira. Planak izandako harrera ikusita, Federazioak berretsitzat ematen du prestakuntza eskaintza zabala eta udal esparruaren errealitateari eta udalen eskaerei egokitzen dena eskaintzen jarraitu behar duela.

Plana AFEDAP Administrazio Publikoetan Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Akordioaren barruan dago eta INAP Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalak finantzatzen du laguntza-deialdi publiko baten bidez.

Bide bikoitza: prestakuntza orokorra eta berariazkoa

Programaketan ikastaro orokorrak eskaintzen dituzte, toki-erakundeetako edozein langileri zuzenduak, eta berariazko ikastaroak, kolektibo zehatzei begira diseinaturikoak eta izen-emate murriztua dutenak. Azken hauek, askotan, udalak berak bereziki eskaturiko neurrira egindako prestakuntza izaten da.

Egun, zenbait prestakuntza ekintza praktiko eta askotarikoetan izena emateko epea zabalik dago. Besteak beste, honako ikastaro hauek dira izen-emateko epea zabalik dutenak: JEZ Jarduera-ekonomikoen gaineko zerga, “Nire nomina ulertzeko gakoak” (bideokonferentziaz); “Word-eko 7 funtzio ez intuitibo; behar zenituela ez zenekien ere”; “Baina zer da hodeia? – zero patatero maila”; “Bihotz-biriketako bizkortzearen eta desfibriladorearen ezagutzen birziklapena”; “Suteak aurreikustea eta su-itzalgailuak erabiltzea”; eta “Produktu fitosanitarioak erabiltzeko karneta berriketa”, oinarrizko maila eta kualifikatua.

Horretaz gain, etengabe eskaintzen dira toki-erakundeetako politika publikoetan berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko ikastaroa baita indarkeria matxista prebenitzeko ikastaroa ere. Biak ala biak online eskaintzen dira eta erreferentzia bihurtu dira NUKFren prestakuntza ibilbidean.

Berritasuna: ikastaroak euskaraz

NUKFren Etengabeko Prestakuntza Planaren berritasun nagusien artean nabarmentzekoa da, aurten, euskaraz ere ikastaroak eskaintzen dituztela. Helburua da udaletako langileek euskaraz ere ikastea eta gaitzea ahalbidetzea. Hain zuzen ere honako ikastaro hauek eskaintzen dituzte euskaraz: “Euskaraz lan egiteko interneteko baliabideak” (aurrez aurre); “Nire nomina ulertzeko gakoak” (bideokonferentzia bidez); toki-erakundeetako politika publikoetan berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko ikastaroa eta genero indarkeriari buruzko oinarrizko ikastaroa; azken biak online. Eskaintza zabalduta, NUKFk lurraldearen aniztasun linguistikoarekin bat etortzeko helburua du eta prestakuntza gero eta udal-langile gehiagori heltzea bermatu nahi du.

Federazioak nabarmentzen du prestakuntza programa udalentzako laguntza-tresna nagusi bihurtu dela, udaletako langileei baliabideak eskaintzen baitizkie kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko, gaitasun profesionalak sendotzeko eta Nafarroako toki-erakundeek dituzten erronka sozial, digital eta ingurumeneko berriei aurre egiteko.

Interesa duen pertsona orok prestakuntza ekintzen katalogoa osorik kontsulta dezake eta izena eman NUKFren prestakuntzako web-orrian:

IZENA EMAN HEMEN

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba