2023ko maiatzak 9

NUKF eta Eusko Ikaskuntza batera lanean arituko dira Nafarroako toki entitateekin loturiko proiektuak gauzatzeko

Hitzarmena izenpetu dute toki administrazioari buruzko ikerketak egiteko eta landa inguruneko toki entitateei despopulazioaren aurkako proiektuak eskaintzeko

Foto noticia

Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu zuten apirilaren 25ean Nafarroako toki administrazioarekin loturiko ikerketak sustatzeko eta landa inguruneko toki entitateei mundu digitalarekin eta despopulazioaren kontrako borrokarekin loturiko proiektuak eskaintzeko.

Hitzarmenaren barruan, Nafarroako toki entitateen eta kolektibitateen amankomuneko premiak aztertu eta identifikatzeko, eta horiei irtenbideak emateko ekimenak egitea adostu dute bi erakundeek eta, hori lortzeko proiektuak eskainiko dizkiete toki entitateei.

Lankidetza horren xede diren gaiak Nafarroako toki administrazioaren eremuari, haren ezaugarriei, eskumenei eta erronkei buruzkoak dira, bai eta, horien esparruan toki entitateek beren komunitateen garapenean, ongizatean eta kohesio sozialean izan dezaketen zereginari buruzkoak ere.

Datozen hilabeteetan, bi alderdiek gauzatuko diren proiektuak zehaztu eta adostuko dituzte bai eta abiatu beharreko baliabideak eta jarduerak adostu ere. Besteak beste, antolatuko diren jarduerak ikerketak, jardunaldiak, hitzaldiak eta mintegiak, argitalpenak edota jendaurrean zabaltzeko dokumentuak edo ekitaldiak izaten ahalko dira.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du eta beste horrenbeste epealditan luzatzen ahalko da. Urtean behin, gutxienez, Eusko Ikaskuntzako eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariez osatutako jarraipen batzordea bildu egingo da.

 

Argazki oina

NUKFko eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu zuten egunean.

Volver arriba