2026ko apirilak 30

Nafarroako toki-erakundeetako 5.700 langileri baino gehiagori zuzenduriko Prestakuntza Plana aurkeztu du NUKFk

Programak, aurten, 157 erakunde atxiki ditu, 118 prestakuntza ekintza eskaini ditu jada, eta arreta berezia jarri du teknologia berrietan, araudian, tokiko kudeaketan eta udal eta mankomunitateen berariazko eskaeretan

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 2026ko Etengabeko Prestakuntza Plana aurkeztu du, zeina Nafarroako toki-erakundeetako langileei zuzentzen baitzaie. Aurten, 157 toki-erakundek bat egin dute programarekin, guztira 5.724 langile publiko batzen dituztenak.

NUKFren Etengabeko Prestakuntza Plana AFEDAP Administrazio Publikoetan Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Akordioaren barruan dago eta, aurten, Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 179.750 euroko dirulaguntza du. Planaren helburua da prestakuntza-eskaintza erabilgarri, eguneratu eta toki-erakundeen benetako beharretara egokitua ahalbidetzea, bai ikuspuntu tekniko batetik bai eta antolakuntza aldetik ere.

Berehala, maiatzean, egingo diren prestakuntza-ekintzen artean honako hauek dira nabarmentzekoak: “Barne eta kanpo komunikazioaren lau koloreak”, lantaldeen lidergoa jorratuko duena; “Igerilekuetako operadoreak”; “Sormenerako teknikak udal batean, ohikotasunez egiten denak balio ez duen kasuetan irtenbideak bilatzeko”; “BEZa Toki Entitateetan”; “Biztanleen errolda kudeatzea”; eta “ChatGPT eta Adimen Artifiziala. 0 maila”. Egun, horietan guztietan izena emateko epea zabalik dago.

115 prestakuntza ekintza dagoeneko abian

Planak 118 prestakuntza ekintza eskaini ditu jada, edo zehaztuak ditu toki-erakundeekin. Horietatik, 60 ikastaro orokorrak dira eta 58, berriz, berariazkoak. Ikastaro orokorrak izen-emate orokorrekoak dira, eta berariazkoak aldiz, talde jakin batzuetara daude zuzenduak, eta izen-ematea murriztua dute.

Prestakuntza ekintza horietako batzuk eginak daude dagoeneko, eta beste asko uda baino lehen egingo dira. Hori horrela, NUKFk, berriz ere, urteko lehenengo seihilekora aurreratu du programazioaren zati esanguratsu bat, ikastaroak urtearen amaierako hilabeteetan ez pilatzeko. Plangintza horrek, gainera, men egiten die 2026ko Prestakuntza Plana lantzeko toki-erakundeei urrian egindako inkestetan jasotako beharrei.

Aurtengo prestakuntza eskaintzak  askotariko edukiak ditu beste behin ere, eta tokiko kudeaketaren beharretara egokitzen da. Planak, besteak beste, honako arlo hauek barne hartzen ditu: teknologia berriak, araudi berrietara egokitzea, administrazio elektronikoa, artxiboen digitalizazioa, kontabilitate publikoa, datuen babesa, berdintasuna, ofimatika, 2030 Agenda, lidergoa kudeatzea, lehen sorospenak, zuhaitzen inausketa eta produktu fitosanitarioak erabiltzea.

NUKFk azpimarratu nahi izan duen moduan, aniztasun horri esker, toki-erakundeek amankomunean dituzten beharrak asebetetzeaz gain, profil profesional zenbaitek edo udalek dituzten eskaera zehatzagoak ere barne hartzen dira. Lan-ildo hori bereziki garrantzitsua da toki administrazioaren askotariko gaien inguruan ezagutzak eguneratzeko, araudi-betekizun berriei men egiteko edo gaitasun teknikoak indartzeko beharra duten udal eta mankomunitateentzat.

Ikastaroak, bestalde, aurrez aurrekoak dira gehienbat, baina bideokonferentzia bidez eta online ere eskaintzen dira, toki-erakundeetako langileen parte-hartzea errazteko eta formatuak prestakuntza edukiaren ezaugarrietara egokitzeko.

Lehenengo ikastaroak argitaratu ondoren, NUKF prestakuntza ekintza berriak gehituz joango da, urtean zehar, Federazioaren prestakuntzarako web-atarian (formacion.fnmc.es/eu/). Horregatik, toki-erakundeetako langileei gomendatzen zaie web-atari hori aldian-aldian begiratzea, deialdi berrien, izen-emate epeen eta ikastaroen modalitateen inguruko informazio eguneratua eskuratu ahal izateko.

2025eko Prestakuntza Planaren nondik norakoak

2025ean, NUKFko Prestakuntza Planak 173 ikastaro eskaini zituen guztira; horietatik, 127 aurrez aurrekoak, 2 bideokonferentzia bidez eta 44 online, eta 4.123 pertsonak izen-eman zuten. Azkenean berriz, 2.749 pertsona bertaratu ziren ikastaroetara, eta horietatik, 2.359k jaso zuten prestakuntza ekintza egin izanaren ziurtagiria.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba