2026ko urtarrilak 29

Nafarroako toki-erakundeen ordezkaritza batek Europako erakundeetara bisita egin du

EBren funtzionamendua hurbiletik ezagutzea eta bertako politika nagusienak udal esparruari erakustea izan da bidaiaren helburua

Foto noticia

Nafarroako toki-erakundeen ordezkaritza bat Europako erakundeetara bisitan joan da aste honetan. EBren funtzionamendua ezagutzera ematea eta bertako politika nagusienak udal esparruari hurbiltzea izan da bidaiaren helburua. Ekimena “Europako Alkateak” izeneko misioaren barruan dago eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatzen du 2022az geroztik. Bidaia instituzional horren aurtengo edizioa hirugarrena da eta 2025-2028 Nafarroako Kanpo Ekintzako II. Planaren “Nafarroa Europan” ardatzaren barruan dago.

Udal ordezkaritza horretako kideak izan dira Xabier Alcuaz, NUKFko lehendakaria eta Tafallako alkatea; Arantza Arregi, Doneztebeko alkatea; Aitor Silgado, Iruñeko zinegotzia; Olga Risueño, Tuterako zinegotzia; Esther Villanueva, Martzillako alkatea; eta Aitana Duque, Vianako alkatea. Ordezkaritzak egitarau zabala izan du eta erakundeetara bisita egiteaz gain, toki-erakundeentzat interesgarriak diren zenbait arlotako topaketa teknikoagoetan ere parte hartu du.

Era berean, misioko parte-hartzaileek Bruselan bizi eta lan egiten duten nafartarrak ezagutzeko aukera izan dute horietako askok Europako erakundeetan lan egiten baitute. Europar Batasunerako Nafarroako Bulego Iraunkorrak antolaturiko bidaia horrek Ana Ollo lehendakariordea izan du buru eta Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia ere bertan izan da.

Egitaraua

Astelehenean, egitarauari hasiera eman eta Europar Batasunerako Nafarroako Bulego Iraunkorrari bisita egin zioten. Bertan, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren baliabide horren funtzioak azaldu zituzten eta Zuzendaritza bera toki-erakundeekin lankidetzan aritzeko prest agertu zen. Ondoren, egitaraua osatzeko, udal ordezkariak Europako Eskualdeen Batzordean izan ziren, eskualdeko agintaritzen 353 ordezkarik osatutako organo aholku-emailean, bai eta Europako Parlamentuan eta Europar Batasuneko Kontseiluan ere.

Halaber, Nafarroako alkateen ordezkarien bisitaren barruan, gaurkotasuneko eta toki administrazioen intereseko gaien inguruko zenbait saio monografiko izan dituzte Europako Batzordeko langileen eskutik. Erakunde horretan asteartean egon zen ordezkaritza.

Saio monografiko horien barruan, kohesio soziala eta lurraldekoa izan ditu ardatz María Gafo Gómez-Zamalloak (Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren Jasangarritasun Sozialeko Unitateko buru albokoak) emandako «Mundo Rural y reto demográfico: contribuyendo a la sostenibilidad social de nuestras zonas rurales» izeneko mintzaldian.

Mintzaldi horren ikuspegia osatzeko, Carlos Maravallek (Energiako Zuzendaritza Nagusia) politika energetikoari buruzko azalpena egin zuen Industria Garbi baten aldeko Itunaren eta Energia Eskuragarriaren aldeko Ekintza Planaren inguruan.

Bidaiaren egitarauak EACEA Hezkuntza eta Kulturako Europako Agentzia Exekutiboko Inma Pérez Rocharekin bilkura bat ere izan du senidetze programa eta hirien sareak jorratzeko; Herritarrak, Berdintasuna, Eskubideak eta Europako Baloreak izeneko programaren barruan (ingelesez CERV). Gai hori bereziki interesgarria da toki-erakundeentzat, besteak beste, herri eta hirien arteko senidetzeak finantzatzeko deialdia barne hartzen duelako.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba