2025eko martxoak 3

Nafarroako toki-erakundeen 350.000 euro bideratzen ditu NUKFk garapenerako lankidetza proiektuak egiteko

130 udal eta kontzejuek parte hartzen dute Nafarroako Garapen Lankidetzarako Toki Funtsean. 15 proiektu finantzatu zituen iaz, nagusiki Afrikan, GGKEekin elkarlanean

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) kudeaturiko eta Nafarroako 130 toki-erakunderen parte-hartzea duen Nafarroako Garapen Lankidetzarako Toki Funtsak 350.000 euro baliatu zituen iaz garapen bidean dauden herrialdeetan proiektu solidarioak egiteko. Edizio horri esker, nazioarteko 14 proiektu finantzatu dira, eta beste bat Mendebaldeko Saharan, ia 24.000 euroko ekarpena eginez proiektu bakoitzeko.

2023ko deialdian, 2024an zehar gauzatu den horretan, Nafarroako Garapen Lankidetzarako Toki Funtsak 15 GGKEen proiektuei laguntza eman die hainbat tokitan: Txad, Sierra Leona, Burkina Faso, Ruanda, Bolivia, Dominikar Errepublika, Tanzania edota Aljerian. Eta zenbait erakunderekin elkarlanean gauzatu dira; besteak beste, Alboan, UNHCR, UNICEF, Gurutze Gorria edo Medicus Mundi erakundeekin. Proiektuen helburu nagusia berriz, komunitate onuradunen bizi-kalitatea hobetzea izan da, premiazkoenak diren oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuz: edateko ura, saneamendua, oinarrizko hezkuntza, osasun arreta edo nekazaritza jasangarria.

Federazioak, dagoeneko, aurtengo deialdia zabalik du iazko aurrekontu antzekoarekin. Horrela, parte-hartu ohi duten toki-erakundeei bai eta hainbat arrazoi direla medio oraindik parte-hartzera animatu ez direnei ere gutunak igorri dizkie.

Aurtengo edizioan, gainera, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen finantzaketa 24.000 eurotik 30.000ra handitzea aurreikusia dago. Garapeneko GKEak aurkeztu ahalko dira deialdira eta proiektuaren memoria xehea aurkezteaz gain, tokian tokiko kontraparte bat eduki beharko dute. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 16an amaituko da.

Funtsak Nafarroako udal eta kontzejuetako ekarpenetatik datoz. Urtero haien aurrekontuetan horretarako partida bat dute, bakoitzaren finantza-ahalmenaren arabera, jarduketa solidarioak batera eta modu eraginkorragoan gauzatzeko.

Lankidetzako Toki Funtsak 26 urte

Lankidetzako Toki Funtsa Nafarroako toki-erakundeen batasunean oinarrituriko eredu arrakastatsua da, zeinean erakundeek urtero baliabideak batzen dituzten inbertituriko euro bakoitzaren eragina optimizatuz. Modu horretan, erakunde txikienek ere finantzaketa eskain dezakete, zenbateko txikietan, eragin handiko urteko funts amankomun batera batuz.

26 urteko ibilbidean zehar, Funtsak 4,6 milioi euro bideratu ditu lankidetza proiektuetara, toki esparrutik erakutsitako elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren erreferente gisa finkatuz. Guztira, 203 proiektu egin dira garapen bidean diren 48 herrialdetan, 4 milioi pertsonari on eginez.

Toki-erakundeentzat Funtsaren kide izatea aparteko aukera da garapenerako lankidetzan parte-hartzeko, toki elkartasunak mundu mailako eragina ere izan dezakeela erakutsiz. Modu horretan, gainera, konpromiso soziala indartu eta Nafarroako herritarren arteko sentikortzea sustatzen da.

NUKFk, gainera, baliabide horiek koordinatzeko eta kudeatzeko funtsezko zeregina izan du, funtsak hautaturiko GGKEei eta, azkenik, komunitate hartzaileei ere eraginkortasunez iristen zaizkiela bermatuz.

Volver arriba