Nafarroako toki-erakundeek errolda modernizatuko dute Europako funtsekin
Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi euro jaso ditu proiektu horretarako. Ekimenari esker, berehala eskuratu ahal izango da erregistro horretako informazioa
Udal erroldaren eraldaketa digitala da Nafarroako Gobernua buru duen proiektu horren xedea. 1,5 milioi euroko kostua du, Next Generation programaren barruan Europar Batasunak emandako funtsekin estaliko dena.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Félix Tabernak, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Luis Campok eta Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendari Pablo Cebriánek proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten toki-erakundeetako ordezkariei irailaren 27an izandako informazio-saio batean.
Denbora errealean errolda eguneratzea
Proiektuak bi jarduketa-lerro aurreikusten ditu: Alde batetik, toki-erakundeen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) artean informazioa online eta denbora errealean trukatzeko sistema berria ezartzea. Gogoan izan behar da orain udalek hilean behin jakinarazten dizkiotela Institutuari beren erregistroetako altak eta bajak eta EINek datuok herritarraren entitateari berretsi egiten dizkio. Beraz, denbora-tarte bat igaro arte, erroldan egondako aldaketak ez dira burutzen.
Beste alde batetik, erroldako informazioa kudeatzeko sistema berria ere abiatzea aurreikusten dute. Sistema horri esker, etxebizitzen datu-base bat osatuko da estatu mailan eta katastroarekin lotuta, herritarrak datu-base horrekin lotu eta herritarren geoerreferentziazioa lortzeko.
Finean, asmoa da katastroarekin bateratutako lurraldeko informazio-sistema bat sortzea, erroldako herritarrak zehaztasun osoz etxebizitzetan kokatu ahal izateko. Hori udalen mesedetarako izango da haien sistemak kudeatzerakoan eta administrazioak bere estatistikako informazioa eta larrialdiko edo osasuneko sistemak hobetu ahalko ditu. Izan ere, egun, administrazioak arazoak baititu bere zerbitzuak behar dituzten etxebizitzak identifikatzeko, bereziki, sakabanaturik dauden biztanleguneetan.
Erroldako hobekuntza hori Nafarroako udalerri guztietan ezarriko da Estatistikako Institutu Nazionalak ezarritako parametroei jarraiki. Gainera, Nafarroako Gobernuak udalei aholkularitza emango die egungo informazio-sistemak egokitzeko.
Argazki oina
Proiektua udaletako alkateei eta teknikariei aurkezteko saioa.