Nafarroako toki-erakundeek berretsi egin dute emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko duten konpromisoa
151 udal, kontzeju eta mankomunitatek bat egin dute kanpainarekin. Aurten, indarkeria bikarioa gaitzesten du kanpainak.
Udal batzuek azaroaren 25aren, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, karietara bultzatutako emakumeenganako indarkeriaren aurkako adierazpena onetsi dute Nafarroako 151 toki-erakundek.
Aldarrikapen horrekiko konpromisoa agerian jartzeko, erakunde horietako hamarnaka ordezkarik gaur hartu dute parte Iruñean izan den ekitaldian. Bertan, aipatu adierazpen instituzionala eta horrekin bat egin duten toki-erakundeen zerrenda irakurri dituzte. Ekitaldian hitza hartu dute Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak (ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duen entitatea den aldetik); Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari-kudeatzaileak; Estrella Lamadrid Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzako emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko Koordinazio Unitatearen buruak; Burlatako alkate Berta Arizkunek eta Erroibarko alkate Leire Ramirok.
Ekitaldia Pilar Mayo eta Aizaga Zeberio hurrenez hurren Iruñeko eta Altsasuko berdintasun teknikariek gidatu dute. Adierazpena berriz, udaletako berdintasun teknikarien sareak egin du eta irakurketa errazerako formatuan ere eskuragarri jarri dute. Kanpainako irudia Liébana Goñiren lana izan da.
Ekitaldiaren hasieran, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Patricia Abadek administrazioen eta profesionalean arteko koordinazioa nabarmendu du ekintzetan eraginkortasun handiagoa lortzeko funtsezko elementu gisa. Kanpainak ardatz duen indarkeria bikarioari lotuta adierazi duenez, foru araudiak indarkeria hori emakumeenganako indarkeria mota gisa jasoa du eta arlo horretan eraginkortasunez ekiteko mekanismoak artikulatzen eta hobetzen jarraitzeko proposamena egin du. Horrela, gogoan izan du seme-alaben aurkako indarkeria aitaren bisitetan gertatzen dela hein handi batean.
Estrella Lamadrid Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzako emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko Koordinazio Unitatearen buruak berriz, indarkeria bikarioaren inguruko datuak eman ditu: indarkeria bikarioko kasuen %60tan gizonak aldez aurretik mehatxuak eginak zituen eta kasuen %80tan erasotzailea aita biologikoa zen.
Ondoren, azken lege-erreformak zehaztu ditu; besteak beste, Adin Txikikoak Babesteko Lege Organikoa aipatu du. Lege horri jarraiki, aitaren bisitak eteteko araubidea aldatu egin da eta, orain, aitaren bisitak justifikatu egin behar dira.
Azkenik, Atenpro emakumeenganako indarkeriaren biktimak artatzeko zerbitzua dagoela gogoan izan du eta toki-erakundeei zerbitzua zabaltzeko deia egin die.
Federazioko lehendakariak aldiz, berretsi egin du bere mintzaldian toki-erakundeek genero indarkeriaren aurka borrokatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiteko duten konpromisoa. Bestalde, toki-erakundeek zer gehiago egin dezaketen galdetzeko beharra dagoela adierazi du indarkeria mota horri lotutako zenbatekoak gutxitzen ez direla ikusita. Gogoan izan du, halaber, berdintasunaren eta indarkeriaren arloko lorpenak ezin direla ziurtzat jo eta lortutako zenbait konkista galtzeko arriskua dagoela. Horri loturik berriro ere adierazi du berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako jarrera aktiboa egunerokotasunera eramatea ezinbestekoa dela.
Azkenik, emakumeei gogoratu die udaletan aliatu bat dutela.
Ekitaldian aurtengo adierazpena irakurri dute baita kanpainarekin bat egin duten 151 toki-erakundeen zerrenda ere.
Argazki oina
Alkateak eta teknikariak kanpainaren aurkezpen ekitaldian.