2026ko uztailak 14

Nafarroako toki-erakundeek 2025eko superabita finantzarioki jasangarriak diren inbertsioak egiteko erabili ahalko dute 13/2026 Errege lege-dekretua onetsi ondoren

Ogasuneko Ministerioak maiz egindako galderak biltzen dituen dokumentu bat argitaratu du eta zirkular bat amaitzear du, laster toki-erakundeei igorriko diena, lege-dekretua aplikatzeko jarraibideekin eta argipenekin

Foto noticia

Onetsi da ekainaren 2ko 13/2026 Errege lege-dekretua, zeinaren bidez lurralde-finantzaketa sistemen baliabideei buruzko neurriak hartzen baitira. Horrek Nafarroako toki-erakundeentzako berritasun bat dakar; hain zuzen ere, salbuespen gisa, 2025eko aurrekontuaren superabita finantzarioki jasangarriak diren inbertsioetarako erabili ahal izatea, zorra amortizatzeko erabiltzeko betebehar orokorra ekidinez.

Lege-dekretua 2026ko ekainaren 3ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 2026ko ekainaren 4an jarri zen indarrean, eta Diputatuen Kongresuak 2026ko ekainaren 18an baliozkotu zuen. Beraz, indarrean jarri zenetik guztiz aplikagarria da.

Oraingoz, neurria praktikan aplikatzearen inguruan dagoen informazioa mugatua da ordea. Errege Lege-dekretuaren edukiaz gain, Ogasuneko Ministerioak maiz egindako galderak biltzen dituen dokumentu bat argitaratu du (FAQ), eta finantza tutoretzako organoak zirkular bat amaitzear du, laster toki-erakundeei igorriko diena, lege-dekretua aplikatzeko jarraibideekin eta argipenekin.

Nafarroako toki-erakundeentzat lege-dekretu berri horren onespenaren ondorio nagusia izango da, berriro ere aukera dutela aurrekontuaren superabita finantzarioki jasangarriak diren inbertsioetarako erabiltzeko. Orain arte, finantzarioki jasangarriak diren inbertsioei buruzko arautze berririk ez zegoenez, Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikulua aplikatu behar zen. Horri jarraikiz, ekitaldiaren likidazioan izandako superabita zorra amortizatzeko erabili behar zen.

13/2026 Errege Lege-dekretua indarrean jarri denetik, betebehar hori salbuetsita gelditu da 2025eko ekitaldiko superabiterako. Hori horrela, toki-erakundeek zerbitzu publikoen prestazioa hobetzeko erabili ahalko dute superabit hori.

Gainera, legeak etxebizitzaren arloko berariazko neurri bat ere barne hartzen du. Ohiz kanpo eta interes orokorreko arrazoiak direla medio, Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian adierazitako baldintzak betetzen dituzten toki-erakundeek, 2025eko superabitaz gain, 2026, 2027, 2028 eta 2029ko superabitak ere erabili ahalko dituzte «152. Vivienda» izeneko programen taldean inbertsio-gastua 2026tik eta 2030a bitarte finantzatzeko. Edonola ere, udalbatzak ezingo du defizita eduki aurreko ekitaldiaren superabita aplikatu duen ekitaldiaren amaieran.

Jarduketa horiek urte anitzeko inbertsio gisa izapidetu ahalko dira, gehienez ere lau urtez, epeak, portzentajeak eta gainontzeko baldintzak betetzen badira.

Azkenik, gogoan izan behar da finantzarioki jasangarria den inbertsioaren kontzeptua 2025eko ekitaldiaren superabitaren jomugari loturik dagoela eta inbertsio mota horiek gastu konputagarritik kanpo daudela gastu arauan. Inbertsio mota horiek aurrekontu aldaketen bidez gaitzen dira eta diruzaintzako gerakinarekin finantzatzen.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba