Nafarroako Toki Entitateetako Emakume Politikarien Foroak azkeneko topaketa egin du

Nafarroako Toki Entitateetako Emakume Politikarien Foroak martxoaren 23an eman zion legealdiari amaiera Neus Albertos gizarte langile eta berdintasunerako agentearen “Politikak politikekin egiten direnean eta politikak babesten dituztenean” hitzaldiarekin.
Saioan zehar, Albertosek legealdian gauzatutako programa berrikusi eta foroaren garrantzia azpimarratu zuen “egunerokoan emakume gisa kargu publiko baten jardunean trukatzeko, ezagutzeko, kontrastatzeko, ikasteko eta laguntza topatzeko gunea baita, banakako esparruan bai politikako esparruan ere”.
“Udalen moduko gune batean, ezinbestekoa da tresna tekniko, juridiko eta kontzeptualak barneratzea lana egin ahal izateko –esan zuen-. Soilik emakumeak parekotasunez ordezkaturik badaude bermatu daiteke haien interesak, kezkak eta lehentasunak kontuan hartuko direla politika publikoak identifikatu, planifikatu eta gauzatzerakoan”.
Hitzaldiaren ondoren, Foroan hasieratik parte hartu duten edo egun aritzen diren emakume batzuek bertan izandako esperientziaren berri eman zuten. 2019an foroa abiatu zenetik, 51 udalerritako 331 emakumek parte hartu dute ekimenean; toki entitateetan kargu politikoak dituzten emakumeen %12k hartu dute parte.
Emakume horien lekukotasunen arabera, guztien arteko etengabeko prestakuntzak, ezagutzen eta esperientzien trukeak eta babesak haien ahalduntzea, segurtasuna eta indarra sustatzen lagundu dute. Gaineratu dutenez, foroan politika egitean batzen dituenak eduki du lehentasuna alderdien arteko ezberdintasunen gainetik eta, haien hitzetan, argi geratu da “politikan emakume gehiago egoteak politika egiteko beste modu bat ahalbidetzen duela”.
Foroak emakume politikarientzako gaitzea, ahalduntzea eta laguntza-sareak sortzea sustatzea asmo du, genero ikuspegia duen politika egiteko tresna gisa. Hala, lurralde bakoitzak (Iruña eta Iruñerria, Erribera, Lizarrerria, Erdialdea eta Pirinioak) 8 hilabetez hilean behin bilkura egiten dute Nafarroako emakume politikarien arteko lankidetzarako gune bat eta lanerako sareak sortzeko helburuarekin, emakumeei haien ardura politikoak aurrera eramateko baliabideak emanez.
Gero eta emakume gehiago
Nafarroako udalbatzetan dagoen emakume kopurua haziz joan bada ere, oraindik ere ordezkaritza txikia dute. Legealdi honetan, %38 izan dira udalbatzetan eta %27 alkatetzetan. Kontzejuetan berriz, %31 eta %26.
Argazki oina
Foroak egindako azken saioa.