Nafarroako toki entitateek berretsi egin dute emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko duten konpromisoa
140 udal, kontzeju eta mankomunitatek kanpainarekin bat egin dute
Udal batzuek azaroaren 25aren, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, karietara bultzatutako emakumeenganako indarkeriaren aurkako adierazpena onetsi dute Nafarroako 140 toki entitatek.
Aldarrikapen horrekiko konpromisoa agerian jartzeko, entitate horietako hamarnaka ordezkarik gaur hartu dute parte Iruñean izan den ekitaldian. Bertan, aipatu adierazpen instituzionala eta horrekin bat egin duten toki entitateen zerrenda irakurri dituzte. Ekitaldian hitza hartu dute Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak (ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duen entitatea den aldetik); Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari-kudeatzaileak; Estrella Lamadrid Nafarroako Espainiako Gobernuko Ordezkaritzako emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko Koordinazio Unitatearen buruak; Idoia Aritzala Etxauriko alkateak; eta Icíar Ezpeleta Cadreita aldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearen lehendakariak.
Federazioko lehendakariak bere mintzaldian berretsi egin du toki entitateek genero indarkeriaren aurka borrokatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa. “Udalerriek indarkeria mota horren kontrako borrokan duten ibilbidea luzea da eta urtetik urtera aberastu egiten da” esan du. Gogoan izan ditu herritarrei zuzenduriko sentiberatze jarduerak, langileen prestakuntza ekintzak eta arlo horretan eginiko zenbait protokolo. “Ez da nahikoa ordea –gehitu du-. Gero eta aktiboagoak diren, langileria eta baliabide gehiago eta zerbitzu hobeak dituzten administrazioen jarduketa irmoak ez du lortzen urtetik urtera genero indarkeriako hildakoen kopurua gutxitzea”. Alcuazen esanetan, emakumeek gero eta berdintasun kota handiagoak edukitzeak ez du beti harrera onik izaten gizon batzuen artean, eta gizarteak indarkeria banalizatu egiten du. Bi alderdi horiek jo ditu, besteak beste, genero indarkeriaren arrazoi. “Beraz, -esan du- ezinbestekoa da gizarte eredu egokiagoa, bidezkoagoa eta berdintasunaren eta bizikidetzaren baloreak indartuko dituena eraikitzeko are gehiago saiatzea”.
Patricia Abad NABIko zuzendari-kudeatzaileak berriz, ekitaldiko kanpainaren gisakoek berdintasunerantz baloreak aldatzeko sustapenean duten garrantzia nabarmendu du. Eta prebentzioa hobetzeko eta indarkeria zuzentzeko erakundeen eta langile profesionalen elkarlana balioetsi du. Zentzu horretan gogoan izan du Berdintasunerako Institutuak aurten eginiko kanpainak sexu indarkerian jarri duela garrantzia eta esan du indarkeria mota horren inguruan hitz egitea beharrezkoa dela, horren jatorriaz hausnartzea emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkerian oinarriturik baitago.
Estrella Lamadrid Espainiako Gobernuko Ordezkaritzako ordezkariak indarkeria kasuen inguruko zifrak eman ditu. Aurten 52 hildako zenbatu ditu, 2022ko guztizkoa baino kopuru handiagoa, dagoeneko, eta Nafarroan hildako Zhen Jiang izan du gogoan. Lamadridek adierazi duenez, Viogen sistemak 1.600 emakume barne hartzen ditu eta Nafarroan 209k babes-agindua dute.
Azkenik, Estatu Itunaren baliabideak genero indarkeriaren aurka borrokatzeko egiazki erabilgarriak diren jardueretan erabiltzeko beharra azpimarratu du.
Bestalde, adierazpena irakurtzeko ardura berriz, Icíar Ezpeleta Cadreitako Mankomunitateko lehendakariak (gaztelaniaz) eta Idoia Aritzala Etxauriko alkateak (euskaraz) izan dute.
Azkenik, Aurora Sanz (Teder) eta Amaia Paz (Ultzama eta Leitzako Mankomunitatea) udal berdintasuneko teknikariek kanpainarekin bat egin duten 140 entitateen zerrenda irakurri dute.