Nafarroako Parlamentuak berriro ere jaso du NUKFren eskaera hauteskunde-elkarteek tokiko hauteskundeetan kanpaina duina egin ahal izateko
Federazioa aurreko legealdian saiatu zen arazoari irtenbide bat bilatzen baina alderdi handiek ez zituzten haren eskaerak kontuan hartu

Nafarroako Parlamentuak, beste behin ere, ebazpen bat onetsi zuen zeinaren bidez Diputatuen Kongresua premiatzen baita “datorren hauteskunde-deialdia baino lehen, konpon ditzan baldin eta aipatu aldaketak sartzen ez badira, tokiko hauteskunde-elkarteek eta tokiko alderdiek izanen dituzten arazoak”.
Jakina denez, Kontuen Auzitegiak aurreko legealdian jakitera eman zuen, tokiko hauteskunde-elkarteek eta tokiko alderdiek hauteskunde-gastuaren muga gainditu egiten zutela. Legearekin bat, gastu-muga hauteskundeetara non aurkeztu udalerri horretako biztanle bakoitzeko 11 zentimokoa da. Gainera, hauteskunde-gastua ezarritako gehienekoaren % 10 baino gehiago gainditzen den kasuetan, 50.000 euroko gutxieneko isunarekin zigortzen da.
Nafarroan oro har finkatutako alderdiek ordea, gastu handiagoa egiteko aukera dute beste bide batzuetatik.
NUKFk aurreko legealdian zehar behin eta berriro eskaera egin zuen
2015eko hauteskunde-gastuengatik dozenaka tokiko hauteskunde-elkartek isuna jasotzeko arriskua zela medio, eta legeak ezarritako hauteskunde-gastuaren mugak gutxieneko kanpaina bat (esku-orriak edo boto-paperak inprimatzea esaterako) egitea ekiditen duela kontuan harturik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hainbat erakunderekin kudeaketak egin zituen; Kontuen Auzitegiarekin, Gorte Nagusiekin, dagokion Ministerioarekin, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioarekin (FEMParekin) eta Nafarroako Parlamentuarekin. Gainera, kaltetutako zenbait hauteskunde-elkarterekin bildu zen eta horiekin batera, adierazpenak onetsi. Hauteskunde-elkarte batzuetan gehiegizko gastuak antzeman zituen Kontuen Auzitegiak berak sistemaren irrazionaltasuna agerian utzi eta botere politikoei irtenbide bat eskatu zien.
Orain, Pablo Azcona NUKFko lehendakari ohiaren bultzadarekin, Parlamentuak berriro ere eskatu die Gorteei hauteskunde-legea eta alderdi politikoena erreforma ditzan herritarrek herrietako afera publikoetan parte hartzeko duten eskubidea urratzen duen eta hauteskunde-elkarteak alderdi politikoen aurrean baldintza okerragoetan jartzen dituen arazoa konpontzeko.
Gogoan izan behar da, Nafarroan, 272 udalerrietatik 200ek dituztela haien udalbatzetan hauteskundeetara herritarren taldeen formularen bidez aurkeztutako hautetsiak eta tokiko gobernu askok hauteskunde-elkarteak dituztela buru. Are gehiago, udalerri askotan alderdi handiak ez dira hauteskundeetara aurkezten.