Nafarroako herritarren %47k soilik du bere udalarekiko konfiantza
Hobe baloraturiko erakundea da halere
Nafarroako herritarren %47k soilik du bere udalarekiko konfiantza. %16k udalarekiko konfiantza handia adierazi du eta %30ak aldiz, konfiantza nahikoa. Kontrako iritzia du ordea %33k, mesfidantza nahikoa edo handia adierazi baitu. %19k ez du ez konfiantzarik ez mesfidantzarik adierazi. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak egindako inkestaren xede izandako erakunde publikoen artetik udala da balorazio hoberena lortu duena.
Konfiantza mailari erreparatuta, udalen atzetik dago Nafarroako Gobernua gutxiegi borobil batekin: balorazio positiboen %40 lortu ditu (inkestatuen %8k Gobernuan konfiantza handia duela adierazi du eta %31k nahiko konfiantza duela). Hala ere, %34 inguruk Gobernuarekiko mesfidantza nahikoa edo handia sentitzen duela adierazi du eta %18k ez du ez konfiantzarik ez mesfidantzarik adierazi.
Espainiako Konstituzioa hirugarren baloratuena da, herritarren %38k soilik adierazi duen arren horrekiko konfiantza handia edo nahikoa duela.
Nafarroako Parlamentuari helduta, Nafarroako herritarren heren batentzako konfiantza handia edo nahikoa eskaintzen du baina herritarren erdiak Parlamentuarekiko mesfidantza handia edo nahikoa adierazi du.
Rankingaren amaieran, alderdi politikoak daude; 100 herritarretik 14k soilik adierazi du horiekiko konfiantza handia edo nahikoa. %70ak mesfidantza nahikoa edo handia du alderdiekiko. Antzeko egoeran, zertxobait hobe, daude Espainiako Parlamentua eta Gobernua, hedabideak eta sindikatuak.
Administrazio mantsoak
Administrazioei dagokienez, inkestatuen erdiak baino zertxobait gehiagok uste du mantsoak direla eta zuzenean edo aurrez aurre harremanetan jartzeko bide gehiago eskatzen ditu. Gainera, inkestatuen ia erdiak prozeduren eta zerbitzuen inguruko informazio argiagoa eskatzen du. Gehiengoak burokrazia gutxiago eskatzen du. Hala eta guztiz ere, %60k balorazio positiboa edo oso positiboa du Nafarroako administrazioen inguruan.
Gehiengoak ontzat ematen ditu garraio publikoak, herritarren segurtasuna, hezkuntza, herri-lanak eta azpiegiturak, ingurumenarekiko babesa, gizarte zerbitzuak, herritarrekiko arreta eta genero berdintasuneko politikak. Hala ere, gutxiengoa dira honako programak ontzat hartzen dituztenak: I+G programak, ekonomia eta ogasuneko zerbitzuak, osasun, justizia eta etxebizitza zerbitzuak.
Azkenik, hona hemen gestioak edo izapideak egitean aipatu dituzten arazorik nabarmenenak: burokrazia, mantsotasuna izapidea egitean eta mantsotasuna erantzuteko garaian.