Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, toki-erakundeei eta udalei bigarren ordainketa egitea onartu du gaur, 2026ko ekitaldiko transferentzia arrunten ondorioz toki-erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsari dagokiona.
Guztira, toki-erakundeek eta udalek 172,25 milioi euro jasoko dituzte, eta horiei aurtengo martxoan jasotako 158,3 milioi euroak gehituta, 330 557 163 euroko ekarpena osatzen dute, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak finantzatzeko eta Nafarroako Foru Komunitatea osatzen duten 272 udalerri eta 345 kontzejuen funtzionamendu eraginkor eta fidagarria bermatzeko.
2025ean baino % 4,4 gehiago
2025eko ekitaldian toki-erakundeek eta udalek jasotako zenbatekoarekin alderatuta, 14 milioi euro inguru handitu da aurten jasoko duten diru-kopurua. Kontuan izan behar da 2025eko ekaineko Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) % 2,4koa izan zela, eta horri legeak ezarritako % 2a gehitu behar zaiola. Horrenbestez, 2026ko ekitaldirako transferentzia arrunten funtsaren guztizko gehikuntza % 4,4koa da.
Honako hauek dira aurten funtsetarako esleitutako zenbateko orokorrak: 256 milioi Finantzaketa Orokorreko Funtsaren esparruan, udalek eta kontzejuek beren ohiko gastuei aurre egin ahal izateko. Horri esker, 2 500 biztanletik beherako udalek zenbateko finkoak jasoko dituzte tarteka, udalerri txikienek oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko.
Zerbitzuak finantzatzeko funtsak 23,8 milioi euro izanen ditu, 0 eta 3 urte bitarteko haur-eskoletan haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan edo liburutegietan ematen diren zerbitzuen arabera. Montepioen defizita estaltzeko funtsak 31,4 milioi euroko esleipena du aurten.
Azkenik, Lurralde Kohesiorako funtsak 19,2 milioi euro izango ditu, eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-garapenean funtsezko eta eragile-lana egiten duten udalerriei zuzenduta dago.
Egindako ordainketak
Legez aurreikusitako deskontuak eta atxikipenak aplikatu ondoren, bigarren ordainketa honetan 171 411 248,38 euro ordainduko zaizkie zuzenean toki-erakundeei. Lehenengo ordainketan, ordaindutako zenbatekoa 156 798 097,15 eurokoa izan zen.
Beraz, ekitaldi honetan zehar, toki-erakundeek 328 209 345,53 euro jasoko dituzte zuzenean. Funtsaren 330 557 163 eurora iristeko falta den zenbatekoa 2 159 293,48 euroko aldi baterako atxikipenei eta NILSAri ordaintzaile alternatibo gisa deskontatutako eta ordaindutako 188 523,99 euroko zenbatekoei dagokie.
Atxikipenek ez dute esan nahi toki-erakundeek zenbateko horiek galduko dituztenik. 7/2022 Foru Legeak dagokion ordainketaren %10 atxikitzea ezartzen du aurreko bigarren ekitaldiko kontu orokorra edo aurrekontu-likidazioa aurkeztu ez duten erakundeei; kasu honetan, 2024ko dokumentazioa aurkeztu ez dutenei. Betebehar hori bete ondoren, atxikitako zenbatekoak ordainduko dira.
Zehazki, lehenengo ordainketan 1 427 436,82 euro atxiki ziren; bigarrenean, berriz, atxikipena 731 856,66 eurokoa izan da. Bigarren ordainketan atxikitako zenbatekoa txikiagoa izatea hainbat toki-erakundek egoera erregularizatu eta azken hilabeteetan falta zitzaien kontabilitate-informazioa aurkeztu izanaren ondorio da.
Era berean, lehenengo ordainketan 82 275,07 euro deskontatu ziren, toki-erakunde batzuek NILSArekin dituzten harreman ekonomikoetatik eratorritako zorren ondorioz. Bigarren ordainketan, kontzeptu horri dagokion zenbatekoa 106.248,92 eurokoa da. Zenbateko horiek, guztira 188 523,99 euro, zuzenean NILSAri ordainduko zaizkio, ordaintzaile alternatibo gisa, eta funtsaren zuzkidura orokorraren barruan sartzen dira.