Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta Iruñeko Abokatuen Elkargoak hitzarmen bat adostu dute sexu indarkeriaren biktimak diren haur eta nerabeak artatzeko Barnahus eredua abian jartzeko. Hitzarmenak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Inma Jurioren, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazen eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren dekano Blanca Ramosen babesa du. Lau urteko indarraldia izango du eta beste lau urte gehiago luzatu ahalko da aldeek hala adostuta.
Hitzarmenak adin txikikoen aurkako sexu erasoen aurrean jarduteko protokolo orokor bat abiatzea aurreikusten du baita berariazko protokoloak ere, inplikaturiko alde guztientzat. Horien artean daude Nafarroako Gobernuko bost departamentu (Lehendakaritza eta Berdintasuna; Hezkuntza; Osasuna; Eskubide Sozialak, Ekonomia Soziala eta Enplegua; eta Barnea, Funtzio Publikoa eta Justizia); NUKF (bere 44 oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez, eta, Iruñaren kasuan, 13 auzo-unitateen bidez); eta Iruñeko Abokatuen Elkargoa, zuzenbide publikoko korporazio gisa, zeina justiziaren administrazioa hobetzen eta biktimen ofiziozko defentsa antolatzen eta ematen laguntzen baitu. Elkargo horretan gainera, berriki guardia-zerbitzu berria jarri dute Barnahus baliabiderako.
Esku-hartzen duten aldeak anitzak direnez gero, inplikaturiko aldeen lankidetza formalizatzeko tresna egokiena hitzarmena dela ikusi da.
Zehazki, Foru Exekutiboak honako zerbitzu hauek ditu adin txikikoei arreta emateko: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren biktimak artatzeko zerbitzuak (Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroak eta Lizarrako, Tuterako eta Iparraldeko Eskualdeko sexu-indarkerietako biktimentzako arreta integraleko taldeak); ikastetxeen sarea, giltzarri dena balizko kasuak hautemateko; osasun-sistema, funtsezko baliabidea ere bai hautemateko, bideratzeko eta osasun arreta emateko; Nafarroako eremu guztietan ezarritako haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeak, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzarekin eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin koordinaturik; eta Justiziako Gizarte Zerbitzua, Barnahus-Nafarroa baliabidearen kudeaketaz eta koordinazioaz arduratzen den erreferentziazko unitate arduraduna. Hitzarmenak Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuen lankidetza, beren eskumenen arloan betiere, batzeko aukera jasotzen du.
Arreta integrala eta erreparatzailea ingurune egokitu eta lagunkoi batean
Barnahus-Nafarroa baliabide publiko berezitua da, Foru Gobernuaren Justizia Sozialeko Zerbitzuaren mendekoa, eta eskaintzen duena da arreta integrala, koordinatua eta sexu-indarkeriaren biktima diren haur eta nerabe bakoitza ardatz duena. Baliabide horren abantaila nagusia da egokituriko ingurune lagunkoi batean biltzen dituela biktimak babesteko, osatzeko eta beren eskubideak itzultzeko beharrezkoak diren esku-hartze judizialak, medikoak, psikologikoak eta sozialak. Zerbitzuak 600 metro koadroko lokala du Iruñean, urtarrilaz geroztik, eta bertan baliabideak toki berean biltzen dira 3 eta 15 urte bitarteko neskentzat, 3 eta 17 urte bitarteko mutilentzat eta desgaitasun intelektuala duten edozein urtetako pertsonentzat.
Barnahus eredua islandierako terminoa da, “haurtzaroaren etxea” esan nahi duena. Baliabide publiko berezitua da eta bere printzipioen artean honako hauek ditu: arreta ematen dieneko haur eta nerabeen gaineko interes gorena; beren kasuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna babestea; haur eta nerabeak arreta prozesuan hartzen diren erabakien gainean partaide egitea; birbiktimizazioa ekiditea; diziplinarteko jardute berezitua; ingurune irisgarria eta babesgarria eskura jartzea; eta arreta ematea generoa, haurtzaroa, kulturartekotasuna eta sexu aniztasuna kontuan hartzen dituen ikuspegi batetik. Gainera, doako zerbitzua da, izaera publikoa duena, eta kaltea erreparatzea eta eskubideak itzultzea ditu arreta puntu nagusiak bai eta prebentzio eta sentsibilizazio komunitarioa ere.
Finean, eredu zatikatu tradizionala beharrean, erantzun bateratua, berezitua eta adin txikiko bakoitzaren benetako beharretara egokitua ematen du, beren ongizate emozionalari, segurtasun juridikoari eta osatze integralari lehentasuna emanez.
Barnahus talde finkoa eta mugikorra eta bi lantalde
Barnahus-Nafarroa talde finkoa, Justizia Sozialeko Zerbitzuaren mendekoa, koordinatzaile batez, psikologiako hiru profesionalez, bi gizarte langilez eta bi administrariz osatua dago. Eta Barnahus talde mugikorra deiturikoa berriz, honakoek osatzen dute: Nafarroako Gobernuko inplikaturiko zerbitzuek, oinarrizko gizarte zerbitzuen titularrak diren toki-erakundeek (udalek eta mankomunitateek) eta Iruñeko Abokatuen Elkargoak, biktimen eta beren familien eta talde teknikoaren aholkularitza organo juridiko gisa. Hitzarmenak, bada, bi talde horien arteko lankidetza esparrua ezartzen du.
Aipatu egitura hori guztia lanean dihardu organo judizialen eta fiskaltzaren (kasua judizializatzen bada) eta segurtasun-indarren parte-hartzea ezertan eragotzi gabe. Kasu horretan, Foruzaingoa da Barnahus baliabidearekin koordinatzeko erreferentea, haurrek eta nerabeek jasandako sexu indarkeria eteteko, artatzeko eta jakinarazteko eta Foruzaingoa da, beraz, gainontzeko segurtasun-indarrekin (Udaltzaingoa, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila) koordinatu beharko dena. Segurtasun-indar horiek salaketak jaso ahalko dituzte eta, hala badagokio, Barnahus-Nafarroari dagokion deribazio-fitxa igorriko diote posta enkriptatuaren bidez.
Barnahus-Nafarroa baliabidea bi lantaldetan egituratzen da: batetik, departamentu arteko lantaldea dago, lan-jarraibideak ezartzen dituena inplikaturiko eragile guztien sare-lanean, eta protokoloak ebaluatzen dituena horretarako hiru hilabetean behin bilerak eginez. Bestetik, lan teknikoko taldea dago, banakako egoera bakoitzaren profesional erreferenteez osatua, eta bilkurak egingo dituena kasu berriei heltzeko eta horien plangintza bateratua ezartzeko.