2024ko urriak 15

Nafarroako Gobernuak idazkarien lanpostuak betetzeko proposaturiko merezimendu lehiaketan konstituzio-kontrakotasun arazo bat adierazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Administrazioarekiko Auzien Salaren iritziz, lehiaketan eskatzen dituzten baldintzekin udal idazkaritzako lanpostuetarako sarbidea de facto mugatzen ari diete lanpostuan gutxienez bi urte lanean aritu ez diren izangaiei. Magistratuen esanetan, zalantza sortzen da eta ez dago argi lanpostuak bete ordez postu zehatzak betetzen ari ote diren eta hori debekaturik dago Konstituzio Auzitegiaren doktrinari jarraiki.

Foto noticia

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak konstituzio-kontrakotasun arazo bat adierazi du 2022ko maiatzeko Foru Legearen bi artikuluren inguruan. Legearen asmoa zen merezimendu lehiaketa baten bidez toki-erakundeetako idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako bete gabeko lanpostuak betetzea. Administrazioarekiko Auzien Salaren iritziz, lehiaketan eskatzen dituzten baldintzekin udal idazkaritzako lanpostuetarako sarbidea de facto mugatzen ari diete lanpostuan gutxienez bi urte lanean aritu ez diren izangaiei. Auto batean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak konstituzio-kontrakotasun arazo bat adierazi du Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legearen 6. artikuluko 1 eta 2 ataletan. Auzitegiak jarduketak eten egin ditu behin-behinean Auzitegi Konstituzionalak aferaren inguruan ebazpena eman arte. Konstituzio-kontrakotasuna onartzen badu, prozesua etenda mantenduko da bermeen auzitegiak afera ebatzi bitartean.  Auzi-jartzaileek, idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako oposizio-lehiaketako eta txanda libreko izangaiek, konstituzio-kontrakotasuna adieraztea erabaki zuten lanpostu horietan merezimenduen lehiaketa bidez sartzea justifikaturik ez zegoela iritzita.

Egindako alegazioetan, auzi-jartzaileek 2. atala jartzen zuten zalantzan, Nafarroako toki-erakundeetan idazkari edo kontu-hartzaile gisa emaniko zerbitzuak Espainiako beste udalerrietan emanikoak baino gehiago baloratzea konstituzioaren aurkakoa dela iritzita, baldintza hori baztertzailetzat jotzen baitzuten beste lurralde geografiko batean lanpostu berdinetan zerbitzuak eman dituztenen lehiatzeko aukera ukatzen duelako, lanpostu horien artean ezberdintasun funtzionalik ez dagoenean eta eduki aldetik ere ezberdintasunik ez dagoenean.

Halaber, egindako deialdiren batean gainditurik baina posturik gabe gelditu izana merezimenduen lehiaketan %45 baloratzearekin ere ez zeuden ados demandatzaileak. Haien ustez, portzentaje hori “onargarritzat jo daitekeenaren muga gainditzen du” eta “neurriz kanpokoa da”, are gehiago jakina denean “merezimendu hori bi pertsonek baino ez dutela, 40 urtean deialdi bakarra egin delako, 2012koa”.

Nafarroako Gobernua, Fiskaltzaren Ministerioa ez bezala honek ez baitzuen eragozpenik adierazi, konstituzioaren aurkako arazoa adieraztearen aurka agertu zen.

Administrazioarekiko Auzien Salaren osoko bilkurak emaniko ebazpen judizialean, magistratuen esanetan “printzipioz zilegi eta logikoa da deialdia gainditu duten izangaiei balorazio gehigarri bat egitea baina lege batean egitea logikoa ez den arren, %45eko portzentajea neurriz kanpokoa izan liteke eta lehiaketaren emaitza erabaki lezake, kontuan harturik 40 urtean deialdi bakarra egin dela, 2012an. Ondoren ez da inolako aukerarik egon gaikuntza hori lortzeko ezta lanpostu horietara oposizio-lehiaketa bidez sartzeko, hortaz, hautapen prozesuak kanpoan uzten ditu 2012aren ondoren titulazioa lortu duten izangai guztiak”.

Horrenbestez, gehitu du Auzitegiak, bi irizpideak batera kontuan hartzea “zalantzan jartzen du hainbestetan aipatu den 6. artikuluaren 2. atalaren konstituzionaltasuna eta, ezinbestean, zalantza sortzen da ez ote ari diren postu zehatzak betetzen lanpostuak bete beharrean, eta hori Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera debekaturik dago”.

Magistratuen iritziz, afera aztertuta, “ondoriozta daiteke idazkaritzako lanpostuetarako sarbidea de facto mugatzen ari zaiela deialdiaren xede den idazkaritzako postuan gutxienez bi urte eman ez dituen izangai guztiei”.

 

 

 

Volver arriba