Nafarroako Gobernuak eta toki-erakundeek ibilbide-orri bat ezarri dute Nafarroako udalerrietan berdintasun politikak modu koordinatuan ezartzeko. Helburu horrekin aurkeztu dute Nafarroako toki-erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak planifikatzeko ibilbidearen eguneraketa. Tresna horrek Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABIren) bidez, toki-erakundeei proposatzen dien ibilbidea jasotzen du udalerri bakoitzean era sistematikoan eta homogeneoan berdintasun politikak planifikatzeko.
Aipatu tresna hori Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordean aurkeztu zuten apirilaren 4an egindako lehenengo bilkuran. Batzordea 2024an sortu zuten Nafarroako administrazioen artean lankidetza, elkarlana eta koordinazioa bermatzeko, Foru Exekutiboak eta toki-erakundeek egiten dituzten politika publiko guztietan berdintasunaren printzipioa eta emakumeenganako indarkeriaren desagerrarazpena txertatzeko.
Ibilbidearen xehetasunak
Ibilbidea kalitatezko estandarrei jarraiki berdintasun politika bat sustatu nahi duten toki-erakunde guztiei zuzendurik dago eta bertan deskribatzen dira, esaterako, berdintasuneko arloen buru diren politikarien eta teknikarien funtzioak.
Toki-erakunde bakoitzak egindako hasierako analisi baten ondoren, ibilbideak esku-hartze bat proposatzen du hiru etapa progresibotan, erakunde bakoitzaren ezaugarrien eta egoeraren arabera. Etapei helduta, mailarik oinarrizkoenak gutxieneko baldintzak ezartzen ditu berdintasun politikak funtsa eduki dezan. Hirugarren mailan berriz, azkenekoan alegia, toki-erakundeek berdintasun arlo egonkorrak dituzte, langile berezituekin eta denboran ibilbidea duen berdintasun politika batekin.
Ibilbideak, halaber, programak proposatzen ditu udalerrien garapenak zenbait genero arrakala kontuan izan ditzan; hala nola, zainketen banaketa, pobreziaren feminizazioa edo berdintasuna eraldaketa sozioekonomikorako prozesuetan. Emakumeak ahalduntzeko programak eta udal hezkuntza guneetan eta aisialdirakoetan hezkidetzarako programak ere barne hartzen ditu ibilbideak. Emakumeenganako indarkeriari dagokionez aldiz, garrantzia prebentzioari, sentsibilizatzeari, hautemateari, arretari, desbideratzeari eta koordinazioari emango dioten programak aurreikusten ditu ibilbideak.
Batzordea, koordinatzeko eta sinergiak sortzeko gunea
Berdintasunaren arloan Koordinatzeko Batzordeak administrazioen arteko hizketa-gune bat da esperientziak eta proposamenak amankomunean jartzea ahalbidetzeko eta erkidegoaren eta toki esparruaren artean sinergiak sortzea xede duena, berdintasun politiken kudeaketa eta emaitzak optimizatzeko.
Batzordearen buru Félix Taberna lehenengo lehendakariordea eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Kontseilaria da eta bi lehendakariorde daude; bata, Patricia Abad NABIko zuzendari kudeatzailea eta, bestea, Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKFko) lehendakaria.