Nafarroako Gobernuak eta NUKFk boluntariotzako, gardentasuneko eta herritarren partaidetzako ekimenak sustatuko dituzte toki-erakundeen artean
Lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute beste behin ere, aurreko legealdietan elkarrekin egindako lana berritzen duena
Nafarroako Gobernuak eta NUKFk boluntariotzako, gardentasuneko eta herritarren partaidetzako ekimenak sustatuko dituzte legealdi honetan toki-erakundeetan. Horretarako, Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek eta Gobernuko lehendakaritzako zuzendari nagusi Joseba Asiainek beste lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten abuztuaren 6an, aurreko legealdietan izenpeturikoak berritzen dituena. Oraingo honetan, esku artean zituzten lan-arloez gain, boluntariotza ere landuko dute.
Izenpeturiko hitzarmenari jarraiki, Foru Exekutiboak eta Nafarroako toki-erakundeek, NUKFren ordezkaritzapean, konpromisoa hartzen dute gobernu irekiaren arloan lankidetzarako eta esperientziak trukatzeko formulak sustatzeko eta honako gaien inguruko jardunaldiak eta mintegiak elkarrekin antolatzeko: gardentasuna, datuen irekiera eta berrerabilera, herritarren parte-hartzea, herritarrekiko arreta eta kontuak ematea. Elkarrekin lanean arituko dira gainera, aipatu arloen inguruan hautetsientzako eta langileentzako prestakuntza plan bat idazteko, eta garatzeko eta denen eskura egongo den baliabide erabilgarrien banku bat sortuko dute. Interes berezia duten proiektuek izango dituzte xede eta bertan gobernu irekiko eta gardentasuneko esperientziak eta ekimenak aplikatuko dituzte.
Helburua herritarrekin elkarrizketa etengabea lortzea da eta kontuak emateko eta ardurak hartzeko dinamika bat ezartzea administrazioaren eta herritarren arteko harreman inklusiboa lortzeko; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak eta Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak ezartzen dutenari jarraiki.
Alderdien konpromisoak
Hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, Nafarroako Gobernuak gobernu irekiari buruz aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko konpromisoa hartzen du, toki-erakundeekin arlo horren inguruko esperientziak egiten laguntzekoa eta arlo horretan toki-erakundeen prozesuak eta estrategiak diseinatzen laguntzekoa. Halaber, toki-erakundeekin lankidetzan arituko da herritarrak sentiberatzeko jarduketak egiteko, prestakuntza eta ikerketa jarduerak antolatzeko eta parte-hartze prozesuak abiatzeko.
Horretaz gain, Tokiko Partaidetza-batzordeak abiatzeko eta birformulatzeko laguntza eskainiko du, bertako ordezkariei dagokienez pluraltasuna eta erabakitzeko gaitasuna hobetze aldera. Era berean, beste erakunde batzuek antolatzen dituzten toki-erakundeei buruzko prestakuntza- eta hausnarketa-saioak babestuko ditu.
Hitzarmenak, bestalde, boluntariotzako erakundeen garapena eta hazkundea sustatzea aurreikusten du. Horretarako, kolektibo horrek toki-erakundeekin lankidetzan egiten dituen jardueren arreta- eta kudeaketa-prozesuak hobetzea da asmoa.
Herritarrekiko arretari dagokionez, Foru Exekutiboa toki-erakundeekin lankidetzan arituko da, horiek sustatuko ditu eta aholkularitza eskainiko die herritarrekin harremanetan jartzeko bideak hobetzeko bai eta harreman horren ikuspegia hobetzeko ere; pertsona guztien eskubideekin begirunetsua eta inklusiboa izateko.
Gardentasunaren arloan, Gobernuak toki esparruko informazioa zabaltzea eta datuak berrerabiltzea ahalbidetuko dituzten tresnak ezartzen lagunduko du Nafarroako datu irekien plataforma eskura jarrita. Horri dagokionez, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendaritza nagusiak informazioa amankomunean jartzea eta kudeatzea ahalbidetuko duen gune digital bat sortzeko konpromisoa hartzen du.
NUKFk berriz, gobernu irekiari buruzko prestakuntza-ekintzak eta dibulgaziozkoak eta mintegiak zein jardunaldiak antolatzeko konpromisoa hartzen du. Horretaz gain, lankidetza hitzarmenaren barruan sustatuko diren jarduerak toki-erakundeen artean zabalduko ditu bere komunikazio-bideak erabilita eta hitzarmenaren xede diren arloei buruzko gaiak argitaratuko ditu. Era berean, Federazioak gobernu irekiaren dinamikak zabaltzen lagunduko duten toki-erakundeen arteko taldeen edo foroen sorrera eta funtzionamendua sustatuko du.
Aurreikusitako ekintzak gauzatzeko, pentsatua dago koordinazio eta jarraipen batzorde tekniko bat sortzea. Hitzarmena izenpetzen duten Nafarroako Gobernuko bi zuzendaritza nagusietako ordezkariek eta NUKFko ordezkariek osatuko dute batzordea.
Gogoan izan behar da toki-erakundeen parte-hartze prozesuak sustatzeko Nafarroako Gobernuak horien eskura jartzen duela “Parte Hartu, Nafarroa!” plataforma, Nafarroako Foru Komunitateko herritarren parte-hartzea bideratzeko leihatila digitala.
Zerbitzu horri esker, herritarrek politika publikoen inguruko kudeaketa, erabakiak hartzea, jarraipena eta ebaluazioa eskuragarri dute eta horren berri jasotzen dute bai eta horretan lagundu ere. Tresnak “minisites” delakoak sortzeko aukera ematen du erakunde ezberdinetarako. Erakunde horiek independenteak dira erabiltzaileak erregistratzeari eta edukiari dagokionez eta bistaratze pertsonalizatua eduki dezakete baina sisteman instalaturik dauden tresnak eta integrazioak baliatuta. Sistema horiek dira Foru Exekutiboak bere herritarren parte-hartze prozesuetan erabiltzen dituenak.
Oraingoz, Agrupación AUE Valdorba / Orbaibar erakundearen “site” espezifikoa erabilgarri dago. Bertan ikusgai daude AUE Valdorba / Orbaibar plan estrategikoa; ibar jasangarriagoa, inklusiboagoa eta berritzaileagoa eraikitzeko bide-orria; gauzatuko diren proiektuak; datozen ekitaldiak eta deialdiak; eta abiatu diren prozesu parte-hartzaileak. Horretaz gain eskuragarri dago Atarrabiako Udaleko site propioa, Ricardo Bel kalea hobetzeko prozesu parte-hartzailea abian duena.
Agrupación SA Valdemañeru erakundea (Artazu, Mañeru, Zirauki eta Girgillao udalerriak barne hartzen dituena) eta Uharteko Udala ere tresna hori erabiltzen hasi dira, Nafarroako Gobernuarekin dagozkion hitzarmenak izenpetu ondoren, parte-hartze prozesuak abiatzeko.
Boluntariotza sustatzea Nafarroako eremu ezberdinetan
Era berean, boluntariotzako erakundeei laguntza emateko eta fenomeno hori Nafarroa osoan sustatzeko, Nafarroako Gobernuak “Nafarroa, orotan lagun” plataforma du, pertsona boluntarioen eta erakundeen arteko harremana errazten duen bitartekaritzako zerbitzu digitala.
Plataforma horrek berriki tresna bat gehitu du: mapa interaktibo bat. Mapa horrek hirugarren sektoreko 268 erakundetako eta Nafarroa osoan zehar banaturiko 300 puntu baino gehiago geolokalizatzen ditu. Zerbitzu berriari esker, Nafarroako boluntariotzako erakundeak bilatu daitezke udalerriaren arabera eta erakundeen informazioa zuzenean eskuratu daiteke baita Nafarroan zehar sakabanaturiko boluntariotzako programetara zuzenean sartu ere.
Mapa interaktibo hori egitea 2024-2027ko Nafarroako Boluntariotzaren III. Planak biltzen dituen 59 neurrietako bat da. Plana martxoan onetsi zuen Nafarroako Gobernuak eta boluntariotzaren alorrean datozen lau urteetan izango duen bide-orria da. Planak sei jarduketa-lerro estrategiko jasotzen ditu: sentiberatzea, indartzea, koordinatzea, ezagutzea, genero ikuspegia eta arau-esparru berria.