2023ko azaroak 2

Nafarroako Gobernuak azken sei hilabeteetan euriteek eragindako kalteak jasan dituzten eta zerga salbuespenak izango dituzten 98 udalerrien zerrenda onartu du

Udalerri horietako pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dute laguntza hori, Gobernuaren bilkuran hartutako erabakiaren arabera

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak 98 udalerri sartu ditu aurtengo maiatzetik irailera bitartean izandako ezohiko euriteek eragindako udalerrien zerrendan. Horrela, udalerri horietan kalteak jasan zituzten pertsona fisiko eta juridikoek Foru Gobernuak egoera horietan aurreikusitako zerga-salbuespenak baliatu ahal izango dituzte. Salbuespen horiek aplikatu dituzten udalerrientzako konpentsazioak ere onartu dira.

Hala jasotzen du Nafarroako Exekutiboak astearte honetako saioan onetsitako erabaki batek, zeinak Lurralde Kohesiorako Kontseilari Óscar Chivitek emaniko urriaren 27ko 73/2023 Foru Agindua berresten baitu. Kontrataturiko aseguru polizen konpentsazioen edota estatuan edo Europar Batasunean aurreikusitakoen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, adierazitako laguntza horiek.

Foru Aginduak, halaber, euskarri juridikoa emango die Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ekaitzek kalteturiko nekazaritza azpiegituretarako aktibatuko dituen laguntza ekonomikoen deialdiei.

Maiatzaren 14a eta irailaren 1a bitartean, maila ezberdineko kalteak eragin dituzten 18 gertakari izan dira Nafarroan, gehienbat, iraupen txikiko euri jasak. Gertakari bortitzena irailaren 1ean eta 2an izandako DANA fenomenoa izan zen; 24 ordu iraun zituen, kasu batzuetan, eta euri-uholdeak eta kalteak eragin zituen bideetan eta laborantzetan.  Nabarmentzekoa da, halaber, irailaren 10ean eroritako txingorra. Kalteturiko udalerrien zerrendak Babes Zibileko, Toki Azpiegituretako eta Nekazaritzako Azpiegituretako zerbitzuek egindako txostenetan du oinarri.

Zehazki honakoak dira euriek kalteturiko udalerrien zerrendan sartutakoak: Aberin, Allo, Ameskoabarrena, Antsoain, Agoitz, Aranguren, Arano, Arellano, Armañantzas, Arroitz, Artazu, Auritz, Aiegi, Barañain, Barbarin, Bargota, Beraskoain, Bera, Berriozar, Bidaurreta, Burlata, Cabredo, Caparroso, Zarrakaztelu, Kaseda, Oltza Zendea, Cintruénigo, Zirauki, Ziritza, Zizur, Corella, Desojo, Deikaztelu, El Busto, Erro, Lizarra, Etaiu, Etxalar, Etxauri, Ezkabarte, Fitero, Galar, Galipentzu, Garaioa, Goizueta, Gesalatz, Girgillao, Iguzkitza, Xabier, Elizagorria, Legarda, Lerga, Lesaka, Ledea, Longida, Los Arcos, Irunberri, Lukin, Mañeru, Melida, Mendabia, Mendaza, Mirafuentes, Morentin, Mues, Murieta, Murillo El Cuende, Murillo El Fruto, Nazar, Noain (Elortzibar), Obanos, Olexoa, Orotz-Betelu, Oteitza, Iruña, Piedramillera, Gares, Erromantzatua, Zare, Jaitz, San Martin Unx, Zangoza, Santsol, Santakara, Sorlada, Torres del Río, Uxue, Urraulbeiti, Uterga, Deierri, Villamayor de Monjardín, Villatuerta, Atarrabia, Esa, Zabaltza, Zizur Nagusia eta Zugarramurdi.

Lurralde kontribuzioaren, JEZaren eta eraikuntzen gaineko zergaren salbuespenak
Harturiko erabakiaren arabera, aipatu zerrendako udalerrietan kokaturiko ondasun higiezinen jabeak diren pertsona fisikoak eta juridikoak 2023ko lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egongo dira eta zerga hori ordaindu izanez gero, itzulketa eskatzen ahalko dute. Era berean, Jarduera Ekonomikoen Gaineko (JEZ) zergatik salbuetsita egongo dira zerga hori ordaintzen duten kalteturiko pertsonak.

Zerrendan jasotako udalerri kaltetuetan dauden jarduerak ere Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko zergatik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazioari, eraikuntzari eta obrari eragin dion portzentaje berean.  Salbuetsitako jarduerek kalteturikoa ordezkatzea edo berriro eraikitzea barne hartuko dute eta horregatik ordaindutako kopuruen itzulketa eskatzen ahalko da.

Bestalde, toki entitateek salbuespenak eta itzulketak direla eta aurreratu beharko duten zenbatekoaren eraginez zerga alorrean jasoko ez dituzten diru-sarrerak ere konpentsatzea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak. Zergen salbuespenera heldu nahi dioten pertsona fisikoek eta juridikoek dagokien udalean eskaera egin beharko dute, aste honetan gobernu saioan berretsitako Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAOn) argitaratu eta bi hilabeteko epean.  Eskaeran, besteak beste, kaltea zenbatesten duen txosten tekniko kualifikatua aurkeztu beharko dute bai eta peritu-tasazioa ere.  Onura fiskalak aplikatu nahi dituzten udalerriek aldiz, konpentsazio-eskaera aurkeztu beharko dute Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian.

Volver arriba