Nafarroako erakundeek berritu egingo dute emakumeen kontrako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen duen erakunde arteko akordioa
Foru Exekutiboak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta NUKFk bi hamarkada baino gehiago lanean aritu ondoren lortutako koordinazio maila aztertu dute
Nafarroako erakundeek emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen duen erakunde arteko akordioa berritzea eta hobetzea adostu zuten azaroaren 8an.
Egungo akordioa, alderdiek izenpeturiko hirugarrena, 2017ko azaroan sinatu zen emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiten aritzen diren erakundeen artean ahalik eta koordinazio eta lankidetza handiena lortzeko, eta horrela, kalitatezko arreta bermatzeko osasunaren, hezkuntzaren, gizartearen, poliziaren, zuzenbidearen eta justiziaren alorretan. 2017ko akordioak, 2002an izenpeturiko eta 2010ean berrituriko lehenengoari jarraitasuna emateaz gain, ahaleginak eta baliabideak koordinatzeko maila nabarmena lortzea ahalbidetu du.
Nafarroako Jauregian egindako bilkuran, akordioa izenpetzen duten erakundeen ordezkariek parte hartu zuten. Besteak beste, honakoek: María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak; Félix Taberna Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak; Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari-kudeatzaileak; Alicia Echeverría Espainako Gobernuko Ordezkariak; Joaquín Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakariak; Jaime Goyena fiskal nagusiak; eta Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak.
Baliabide, arreta eta etengabeko prestakuntza prozesuan dauden profesional gehiago
Azaroaren 8ko bilkuran, Erakunde Arteko III. Akordio horren azken urteko txostena, 2023ari dagokiona, aurkeztu zuten. Bertan islatzen dira Nafarroan Foru Administrazioak, tokikoak eta estatukoak bideratu dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak emakumeenganako indarkeria prebenitzeko eta horren biktima diren emakumeak eta bizirik atera direnak babesteko. Txostenak, halaber, gauzatutako sentikortze neurriak jasotzen ditu baita hautematerako, arreta integraleko, babeserako eta justiziako baliabideetan artaturiko emakumeen inguruko informazio kuantitatiboa jaso ere.
Txostenak agerian uzten du erakunde ezberdinek biktimei eta bizirik atera direnei emandako arreta hobetzeko egindako ahalegina, horretarako baliabide, arreta eta etengabeko prestakuntzan dauden profesional gehiago baliatuta. Aurten, dagoeneko, emakumeek jarritako 1.600 salaketa baino gehiago erregistratu dira.
Aldiaren mugarri gisa, Sexu Indarkerietarako Arreta Integraleko Zentro (CAIVS) berria sortu izana nabarmentzen da. Zentro horrek esku-hartze integraleko irizpideak betetzen ditu eguneko 24 orduetan, asteko zazpi egunetan eta urteko 365 egunetan, indarkeriatik bizirik atera diren emakumeentzako eta haien ingurunearentzako arreta psikologiko, juridiko, sozial eta hezitzailearekin, eta profesionalentzako aholkularitzarekin.
2023ko Ekintza Planak 194 neurri aurreikusten zituen, eta horietatik 172 gauzatu ziren guztira, bederatzi eremutan banatuta: ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa, indarkeriaren hautematea, arreta eta berreskurapena, poliziaren jarduera eta babes eraginkorra, justizia, kaltearen ordaina, profesionalen prestakuntza eta erakundeen arteko koordinazioa. Horrela, 2023ko egikaritze-aldian amaitutako ekintzak % 74,23 izan ziren, eta 2024an aurrera egiten jarraitu dutenak, berriz, % 14,43 (programatutakoen artean 28). Ekitaldi honetan egikaritutako aurrekontua 3,6 milioi eurokoa izan zen.
Argazki oina
Azaroaren 8ko bilkuran hartutako irudia.