2024ko urriak 28

Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorrei buruzko Aurreproiektuaren aldeko txostena eman dute toki-erakundeek

Toki administrazioentzako transferentziak %1,6 igo dira guztira, Foru Ogasunaren diru-sarrerak %3,8 handituko diren arren. Transferentzia Arrunten Funtsa %5,4 handitu da (KPIa gehi 2 puntu ekainetik ekainera) eta Kapital Transferentzien funtsa %3,4 (KPIa). Gainontzeko transferentziak %19,7 txikitu dira hein batean Next Generation funtsen ekarpena apalagoa izan delako.

Foto noticia

Toki-erakundeen ordezkariek Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorren aurreproiektuaren aldeko txostena egin zuten urriaren 25ean izandako Toki Araubideko Foru Batzordean.

Jakina denez, Toki Ogasunen Funtsa urtero eguneratzen da dagokion Foru Legeari jarraiki, transferentzia arruntei dagokienez bai eta kapital transferentziei dagokienez ere eta bere garaian toki-erakundeen oniritzia jaso zuten irizpideen arabera. Hala ere, departamentuek aurreikusten dituzten funtsaren bestelako transferentziak, gehienetan dirulaguntza moduan ematen direnak, okerrera egin dute azken urteetan, Foru Ogasunaren diru-sarrerekin erkaturik behintzat.

Oraingoan, Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek nabarmendu zuenaren arabera, animaliak babesteko Foru Legeak toki-erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak finantzatzeko partidek behera egin dute. Nahiz eta legeak berak xedapen gehigarri batean ezartzen duen toki-erakundeei dagokion finantza nahikotasuna bermatuko zaiela.  Lehendakariak faltan somatu zituen halaber, amiantoa kentzen laguntzeko toki-erakundeei emaniko partidak, 2030 agendekin lotutako jardueretarako partidak eta Nels Sarearentzako partidak.

Alcuazek, bestalde, gogoan izan zuen Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak foru eta toki eskumenen argipena egitea eskatzen duela eta gai horrekin aurrera egin beharra dagoela.

 

Zenbait datu

Toki-erakundeekin lotutako aurrekontuen aurreikuspenek Parlamentuko tramitazioan aldaketak izango badituzte ere, Toki Araubideko Foru Batzordean aurkezturiko aurreproiektuaren datu nagusiak honakoak izan ziren:

Aurrekontuetan guztira transferentziak %1,6 handitu dira. Transferentzia Arrunten Funtsa %5,4 hazi da (legeak aurreikusitakoaren arabera: KPI gehi bi puntu, ekainetik ekainera), Kapital Transferentzien Funtsak %3,4 egin du gora (KPIaren arabera ekainetik ekainera, lege berberak dioenari men eginez), eta gainontzeko transferentziek, guztira, %19,7 behera egin dute. Azken atal horretan, nabarmentzekoa da Gobernuko departamentuetako transferentzia arruntek %0,6 gora egin dutela eta kapital transferentziek %49 behera egin dutela hein batean Europako Next Generation funtsen ekarpen txikiagoa egon delako.  Funts horien beherakada kontuan hartu gabe, %5,6 gutxitu dira adierazitako azken transferentzia horiek.

Zenbakitan, Transferentzia Arrunten Funtsa 317 milioitan gelditu da eta Kapital Transferentziena berriz, 34,8 milioitan.

Lurralde Kohesioko departamentua ez den beste departamentuetako transferentzien barruan, igoera adierazgarrienak 0-3 hezkuntza ziklorako (%5,6koa) eta etxerik gabeko pertsonak hartzeko zerbitzuetarako (%67koa) izan dira.

Beherakada jasandako partidei dagokienez ordea, nabarmentzekoak dira berdintasunen politiketarako transferentziak (%14 txikitu dira), eskualdeko garraiorako bideratutakoak (%10 behera) edota udalen kultur ekintzetarako bideratu diren 135.000 euro gutxiago.

Kapital transferentzien barruan nabarmen egin dute behera animaliak babestearekin lotutako partidek eta ibaiak babesteari bideratutakoek.

Argazki oina

Toki Araubideko Foru Batzordearen saioa, 2025eko Nafarroako Aurrekontuei buruzko aurreproiektuaren gaineko txostena eman zenekoa.

 

Volver arriba