Nafarroak Klima aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko legea onetsi du

Nafarroako Parlamentuak onetsi du Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea, zeinak 2030erako negutegi efektuko gasak %55 murriztea eta 2050ean klima neutraltasuna lortzea helburu duen.
Legeak ezartzen dituen betebeharren zati bat toki entitateei eragiten die. Horregatik, NUKFk legeari Toki Araubideko Foru Batzordean aldeko txostena emanik ere, eskatu zuen eta lortu du legeak jasotzea Nafarroako Gobernuak toki entitateen eta partikularren esku jarri behar dituela lortu nahi diren helburuak bete ahal izateko baliabideak eta aholkularitza teknikoa.
Neurri nagusiak
Legean, gobernantzaren esparruan, bi dira nabarmendu beharreko neurriak: Klima Aldaketari buruzko Bulego baten sorrera arlo horretako neurriak sustatzeko eta helburu bera duen Nafarroako Funts Klimatiko baten sorrera. Gainera, herritarren Batzar bat sortzea ere aurreikusten du.
Bestalde, legeak Nafarroako Administrazioen planifikazioan eta izaera orokorreko xedapenetan klima ikuspegia kontuan hartzeko beharra ezartzen du, klima inpaktuaren ebaluazio baten bidez. Ikuspegi hori 5.000 biztanletik gorako toki entitateen aurrekontuetan ere kontuan hartu beharko da eta, oro har, plangintza tresnetan.
5.000 biztanletik gorako udalerriek klima eta energia jasangarrirako ekintza planak ere onetsi beharko dituzte eta biztanle gutxiagoko udalerriek berriz, bakarka edo batera egin ahalko dituzte aipatu planak.
Legeak, halaber, isuriak ebaluatzeko eta horren berri herritarrei emateko betebeharra ezartzen die toki entitateei eta sentiberatze jarduerak ere egin beharko dituzte.
Autokontsumoa eta energia-komunitateak
Energia berriztagarrien sustapenari dagokionez, toki entitateek kontsumo-kooperatibak eta hurbileko ekoizleen kooperatibak eta energia-komunitateak sustatzeko baldintzak erraztu beharko dituzte. Horri dagokionez, legeak ezartzen duenaren arabera, “administrazio publikoek energia berriztagarriko instalazioetan tokiko partaidetza egon dadin sustatuko dute eta bultzatuko dute herritarren, energia berriztagarrirako tokiko komunitateen eta gizarte zibileko beste erakunde batzuen komunitateen gaikuntza (…)”. Horretaz gain, legeak komunitate horien aldeko ondare publikoaren gaineko azalera-eskubidea ere ezartzea aurreikusten du.
Energia efizientzia eta mugikortasuna
Beste neurri esanguratsu batek 2027tik aurrera debekatu egiten du gas naturala hodi bidez banatzeko azpiegitura duten herrietan kokatuta dauden bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinak gasolioz hornitzea. Gainera, besteak beste, dotazio-erabilerakoak izanik, 500 m2 baino gehiagoko estalkia daukaten eraikinek, eraberritzeak egiten badituzte sistema fotovoltaikoak instalatu beharko dituzte. Era berean, aparkalekuetan eguzki-plakak instalatzea aurreikusten da eta argiteriarekin lotutako xedapenak ezartzen dira.
Mugikortasunaren alorrean, legeak 5.000 biztanletik gorako udalerriak bi urteko epean mugikortasun jasangarriko plan bat edukitzera behartzen ditu. Biztanle gutxiagokoek ere halako plana egin ahalko dute.
Administrazioen eredugarritasuna
Legeak eredugarritasun eta lidergo funtzioak egokitzen dizkie administrazioei eta karbono aztarna txikiagoa duten produktuak kontsumitzeko neurriak hartzeko eskatzen die. Gainera, bi urteko epean, isurketak murriztu eta konpentsatzeko konpromisoaren bide-orria onetsi beharko dute, 2040rako haien jardueraren esparruan karbono neutraltasuna lortzeko. Bestalde, epe berean, 5.000 biztanletik gorako udalerriak behartuta egongo dira zeinek bere klima-aldaketarako ekintza plana izatera. Bi urteko epea izango dute halaber, erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko jarduketa-plan energetikoak gauzatzeko.
Ildo horrekin bat, administrazio publikoek beren udalerrian karga puntuak izan beharko dituzte eta, urtebeteko epean, erositako ibilgailu arin guztiek “zero isurketakoak” izan beharko dute.
Baliabideak
Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak dioenez, “Nafarroako Gobernuak toki erakundeen eta herritarren eskura jarriko du foru lege honetan aurreikusitako helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko aholkularitza zerbitzu bat eta behar adinako bitarteko ekonomikoak.