2023ko azaroak 8

Nafarroak alerta meteorologikoak udalerrietara bidaltzeko sistema automatizatua jarri du abian

Alkateek, toki-erakundeetako babes zibileko arduradun nagusiak diren aldetik, AEMETen informazio eguneratua izango dute edozein alerta ezartzen den unean

Foto noticia

Hilabete honetatik aurrera, Nafarroako udalerriek tresna berri bat izango dute, Estatuko Meteorologiako Agentziaren (AEMET) alertak automatikoki eta denbora errealean jasotzeko aukera emango diena. Beren eremuan eragina izango duten abisu horiekin, unean-unean informazioa edukiko dute eta udaleko larrialdi-planetan jasotako ekintzak azkar martxan jarri ahal izango dituzte. Gainera, herritarrak haien ondasunak edo oinarrizko azpiegiturak babesteko balio duen edozein neurri gehigarri hartzeko aukera izango dute.

Sistema berriari esker, AEMETeko alertak argitaratu bezain laster Nafarroako Gobernuko zerbitzari batera iristen dira eta, bertan, larrialdi mailaren arabera sailkatzen dira (alerta laranja eta gorria). Ondoren, alertak fenomeno meteorologikoek kaltetutako eremuetako udal arduradunei helarazten zaizkie.

Bidalketa automatiko horiek Telegram aplikazioaren edo posta elektronikoaren bidez egiten dira udalen aukeran. Modu horretan, SMS teknologiak edo alertak eskuz bidaltzeak sortzen dituen eragozpenak ekidin nahi dira.  Salvador Díez Barneko zuzendari nagusiak eta José Javier Boulandier Babes Zibileko eta Larrialdietako zerbitzuko zuzendariak azaroaren 7an egindako bilkuran tresnaren funtzionamendua azaldu zioten Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuetako Federazioko lehendakariari. Informazio hori bera Nafarroako alkateei ere helaraziko zaie.

Orain arte, AEMET alertak posta elektroniko bidez iristen ziren 112-SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko aretora eta handik SMS bidez jakinarazpena igortzen zitzaien kaltetutako eremuetako alkateei. Prozedura hori larrialdiko aretoarentzako lan gainkarga handia izaten zen eta, batzuetan, abisuak igortzean atzerapenak egon zitezkeen aretoaren jarduna oso handia zen momentuetan, ohikoa izaten dena larrialdi handi bat kudeatzea egokitzen denean.

Gainera, SMS teknologiak berak duen desabantaila da bidalketa handia denean mantsoago joaten dela eta, beraz, momentu batzuetan lehentasunekoak diren mezuen bidalketa atzeratu egiten da.

Lan koordinatua toki-erakundeekin

Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak nabarmendu du tresna hori abian jartzeak toki-erakundeekin estuki eta era koordinatuan lan egiteko lerro estrategikoari erantzuten diola larrialdiaren aurrean lehentasunez ekin ahal izateko. Era berean, behin sistema aktibatu eta egoki funtzionatzen duela ontzat ematen dutenean, sistemaren erabilgarritasunak handitu ahalko dira eta Babes Zibileko eta Larrialdiko Zerbitzuak udalerriei haien udalerrian gertatzen diren bestelako larrialdien berri ere eman ahalko die.

Volver arriba