2025eko maiatzak 29

Nafarroa eta Ruanda villavesak baturik

Iruñerriko hiri-garraioan zintzilikaturiko elkartasuneko pertxetan ikusgai dago egun hauetan, Medicus Mundik Nafarroako udalen funtsekin Gakenken abiaturiko proiektua

Foto noticia

Iruñerriko hiri-garraioaren erabiltzaileek informazio-pertxa deigarri batzuk ikusten ari dira egunotan villavesetan. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Medicus Mundik batera gauzaturiko sentikortze kanpaina bat da, GGKEak Gakenken (Ruandan) abian duen proiektua ezagutzera emateko. Apustu solidarioa da, Nafarroako toki-erakundeek babesten dutena, NUKFren bidez “Nafarroa Ruandarekin” ekimena finantzatzen baitute.

Sentikortze jarduera horien asmoa da Ruandako komunitate zaurgarrien errealitatea Nafarroako gizarteari hurbiltzea eta proiektuaren benetako helburuaren osagarri dira; proiektuak asmo baitu Gakenkeko Nemba ospitalearen eragin-eremuko herritarren bizi-baldintzak hobetzea, osasun integrala, uraren eskuragarritasuna, malnutrizioaren aurkako borroka eta genero berdintasuna sustatuz.

Ruanda 13,25 milioi biztanle dituen herrialdea da eta erronka sozioekonomiko handiak ditu, populazioaren kasik erdiak pobrezia multidimentsional egoeran baitago. Gakenke barrutiak erliebe malkartsua du eta dentsitate demografiko handia (519 biztanle km² bakoitzeko). Etxeen % 19k bakarrik du elektrizitatea eta populazioaren % 39k malnutrizio kronikoa du.

Elkartasun proiektu horrek hiru urte barne hartzen ditu, 2024tik 2027ra, eta bereziki zaurgarriak diren hamabi komunitatetan eta Nemba ospitalearen eragin-eremuan esku-hartzea helburu du. Ekimenak 156.000 pertsona baino gehiagori on egingo die eta, guztira, 554.000 euroko aurrekontua behar du. Nafarroako toki-erakundeek egindako 318.000 euroko ekarpenari esker abiatu ahal izan dute proiektua.

Ekarpena Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak bideratu du, Nafarroako ehun bat toki-erakunderen garapenerako laguntza ofiziala biltzen baitu Nafarroako Lankidetzarako Toki Funtsaren bidez. Horretaz gain, proiektuan finantzaketa propioarekin parte hartzen dute ere bai Iruñerriko Mankomunitateak eta Burlatako, Barañaingo eta Eguesibarko udalek.

Kultur eta hezkuntza jarduerak

Informazio-pertxak hiri-autobusetan jartzeaz gain, sentikortze kanpainak zenbait kultur eta hezkuntza jarduera ere barne hartzen ditu Nafarroan. Dagoeneko, topaketa-saio batzuk eginak dituzte Burlatako Liburutegiko irakurketa klubean; besteak beste, ‘Nuestra señora del Nilo’ eleberriaren inguruan hausnarketa-saio bat. Halaber, Eguesibarko musika-eskolan (Olatzen) erakusketa bat antolatu dute eta, horretaz gain, Sarrigurengo BHIko ikasleekin zenbait hezkuntza jarduera egin dituzte.

Sentikortze ziklo horren barruan, datorren ekainaren 12an 19:00etan, Barañaingo Kultur Etxean, Ramón Arozarenak solasaldia emango du Kongoko Errepublika Demokratikoko meatze-ustiatzearen inguruan eta horrek Laku Handien eskualdean duen eraginaren inguruan; Ruanda ere testuinguru geopolitiko horretan dago.

Lankidetzarako Toki Funtsak 26 urte

Lankidetzarako Toki Funtsa Nafarroako toki-erakundeen batasunean oinarrituriko eredu arrakastatsua da, zeinean erakundeek urtero baliabideak batzen dituzten inbertituriko euro bakoitzaren eragina optimizatuz. Modu horretan, erakunde txikienek ere finantzaketa eskain dezakete, zenbateko txikietan, eragin handiko funts amankomun batera batuz.

26 urteko ibilbidean zehar, Funtsak 4,6 milioi euro bideratu ditu lankidetza proiektuetara, toki esparrutik erakutsitako elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren erreferente gisa finkatuz. Guztira, 203 proiektu egin dira garapen bidean diren 48 herrialdetan, 4 milioi pertsonari mesede eginez.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba