2025eko otsailak 14

Toki-erakundeetako 150 ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute jada, NUKFk sustaturiko despopulazioari buruzko eztabaidan

Azken topaketa Garesen izan da eta funts berezi baten sorrera edo izapide burokratikoak sinplifikatzeko beharra izan dituzte hizketagai.

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa (NUKF) aurrera doa despopulazioari buruzko parte-hartze prozesuarekin. Ekimenak, dagoeneko, Nafarroa osoko toki-erakundeetako 150 ordezkari mobilizatzea lortu du egundaino programaturiko bost saioetan. Prozesuak erronka demografikoaren aurrean irtenbide eraginkorrak identifikatzea eta proposatzea asmo du eta prestatzen ari diren Landa Garapeneko eta Despopulazioko Foru Legea dela eta abiatu da. Bildutako ekarpenek lege-esparrua eta aurrerago egin ahalko diren lege-jarduketak aberastea da helburua.

Egindako azken parte-hartze saioa Garesen izan zen otsailaren 13an, ostegunarekin. Bertan, Izarbeibar-Novenerako eta Erdialdeko 25 kargudun publikok despopulazioa geldiarazteko beharrezkoak diren neurri nagusiak izan zituzten hizpide.

Gai nabarmenen artean, despopulazio arriskuan dauden udalerrien beharretara egokituriko inbertsioak ahalbidetuko dituen funts berezi bat sortzeari azpimarra berezia jarri zioten.  Era berean, zerbitzu mankomunatuak erraztu eta sinplifikatuko dituen lurralde-antolakuntza garrantzitsutzat jo zuten bai eta etxebizitza planak egiteko laguntza bereziak ezartzea eta banda zabala unibertsala bermatzea ere, oztopo burokratikoak kenduta. Gainera, herri-lurrek landa ingurunean enplegua sortzeko baliabide gisa izan dezaketen ahala nabarmendu zuten.

Bosgarren topaketa-saioa

Garesko topaketa-saioa parte-hartze prozesuan aurreikusitako bosgarrena da. Hurrengo saioak datozen egunetan izango dira Donezteben (Baztan-Bidasoa) otsailaren 18an; Arguedasen (Erribera eta Erriberagoiena) otsailaren 20an eta Arangurenen (Iruñerria) otsailaren 25ean. Aurretik ere Irunberrin, Ariben, Allon eta Irurtzunen egin dira parte-hartze bilkurak.

Saioetan izandako parte-hartze handia toki-erakundeek despopulazioaren aurkako borrokari ematen dioten garrantziaren isla da. Parte-hartze prozesua lurraldeko eragile desberdinen arteko lankidetzarako aukera bat da erronka horri aurre egiteko proposamen zehatzak eta adostuak egiteko.

Prozesua amaitzen denean, parte-hartze saioetan bildutako ondorioak eta gomendioak txosten batean jaso eta Nafarroako Gobernuari igorriko zaizkio. Txosten hori oinarria izango da esku artean duten Landa Garapeneko eta Despopulazioko Legea egiteko eta administrazio publikoek lurralde osorako politika publiko eraginkorrak, lurralde osoko bideragarritasuna eta garapen jasangarria bermatuko dutenak, egiten dituztenean udalen eta kontzejuen beharrak eta proposamenak kontuan hartzeko.

Irudian, Garesko saioan taldeka egindako eztabaida

Volver arriba