2025eko martxoak 10

Maiatzaren 3tik aurrera toki-erakundeek ezingo dute erabilera bakarreko plastikorik erabili antolatzen dituzten ekitaldi publikoetan

36/2024 Foru Dekretuak udalek betebeharreko neurriak ezartzen ditu hondakinak murrizteko eta ingurumenarekin arduratsuak diren praktikak sustatzeko

Foto noticia

2025eko maiatzaren 3an jarriko da indarrean ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko 36/2024 Foru Dekretua. Nafarroako Gobernuak sustaturiko araudia izan da, ekitaldi publikoetan hondakinen sorrera murriztea eta praktika jasangarriak sustatzea helburu nagusia duena, ekitaldi horiek kulturalak, kirol arlokoak, jaialdiak edo bestelakoak izan. Dekretuak, besteak beste, erabilera bakarreko plastikoen erabilera debekatzen du.

Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi publiko guztietan izango du eragina dekretuak, erakunde publikoek antolaturikoetan eta administrazioek diruz lagundurikoetan bai eta administrazio-baimen berariazkoa behar dutenetan ere. Ez da aplikatuko ordea, jarduera sailkatuaren lizentzia duten lokaletan egin ohi diren ekitaldi publikoetan.

Honakoak dira derrigorrez betebeharreko alderdi berri nagusiak:

 

Hondakinak murriztea: Erabilera bakarreko plastikozko produktuak ezin izango dira banatu. Besteak beste, mahai-tresnak (sardexkak, aiztoak, koilarak), platerak, lastotxoak edota kirol probetarako ur edontziak. Ezingo dira erabili, halaber, monodosi edo kapsula bakarretan ontziratutako produktuak.

 

Berrerabilpena sustatzea: Antolatzaileek material berrerabilgarrien erabilera sustatu beharko dute eta ontziak gordailutu, itzuli eta berrerabiltzeko sistemak jarri, erabilera bakarreko ontziak ez diren bestelako irtenbideak bilatuz. Adibidez, ekitaldi publikoetako jarduera gastronomikoetan, herri bazkarietan eta bestelakoetan, erabilitako baxera berrerabilgarria izan beharko da.

 

Hondakinak bereiztea: Ezinbestekoa izango da hondakinen gaikako bilketa egiteko (organikoa, ontziak, papera, beira eta errefusa) edukiontziak jartzea eta edukiontziak egoki kudeatuko direla bermatzea.  Kirol ekitaldiei dagokienez, edukiontzien eremu horiek hornidura eremuetan kokatuko dira.

 

Ingurumen arloan sentsibilizatzea: Toki-erakundeek herritarrak hondakinak murriztearen eta horiek sailkatzeak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko informazio kanpainak sustatu beharko dituzte, ekitaldi bakoitzean ezarritako neurriei buruzko informazio zehatza emanez.

 

Kontrola eta jarraipena egitea: Hondakinak kudeatzeko plan bat egin beharko da nahitaez eta berotegi-efektuko gasak murrizteko ekintzak eta/edo neurriak ezarri beharko dira.

 

Neurri gehigarriak

Nahitaezko neurriez gain, Foru Dekretuak aukerako hainbat neurri ezartzen ditu inspiratzaile gisa, besteak beste: elikagai-soberakin posibleak gizarte-erakundeei ematea, horien banaketa bermatzeko; informazioa eta komunikazioak formatu digitalean banatzea, paperaren eta tintaren kontsumoa murrizteko; ontziratu gabeko produktuen erosketen bidez gainpaketatutako produktuak saihestea; beharrezkoa izanez gero, tinta biodegradagarriak erabiltzea.

Bestelako proposamenak ere egiten ditu dekretuak: talde berde bat (pertsona edo taldea) eratzea, ekitaldiaren ingurumen-alderdiak zaintzeaz eta bertaratutako pertsonak sentsibilizatzeaz eta informatzeaz arduratuko dena; elikagaiak eta edariak aukeratzea ingurumen-iraunkortasuneko irizpide garrantzitsuenekin; edo mugikortasun jasangarria bultzatzea, besteak beste.

Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretuak ezartzen du, halaber, Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) ikurra sortu dela. Bertan onartzen da ekitaldia ingurumen-jasangarritasuneko baldintzetan egiten dela, nahitaezko gutxieneko baldintzetatik haratago, eta modu aktiboan lagundu dela hondakinen prebentzioan eta kudeaketan, eta klima-aldaketa arintzen.

Udalak betebehar berri horietara egokitzeko lanetan ari dira jada, ekitaldien kudeaketa eredu arduratsuago eta jasangarriago baterantz beste urrats bat direlako.

Ondorengo esteketan informazio zehatzagoa eskuratu daiteke:

36/2024 Foru Dekretua

Gida praktikoa (gaztelaniaz)

Volver arriba