Larraona ikastetxeko ikasleek alderdi politikoak bildu dituzte kode etiko baten inguruan
Iruñeko Udaleko alkategaiek eta erakundeetako eta gizarteko beste ordezkari batzuek konpromisoen dekalogoa sinatu dute. NUKFko lehendakariak ere proposamena izenpetu du

Gaur goizean, Iruñeko Larraona ikastetxeko ikasleek Iruñeko alkategaiak eta beste entitate batzuetako eta gizarte zibileko ordezkariak bildu dituzte “politikarientzako eta herritarrentzako kode etiko bat” izenpetzeko ekitaldian. Ikastetxeak ikaskuntza-zerbitzua metodologiarekin egiten dituen proiektuetako baten barruan gauzatutako jarduera izan da.
“Azken urteetan, kezka handiz ikusten ari gara gizartean gero eta polarizazio handiagoa dagoela. Oso larria da hori. Herritarren eta politikaren arteko distantzia gero eta handiagoa da. Astez aste, eztabaidak ikusten ditugu Gorte Nagusietan edo autonomia-erkidegoetako ganberetan, beren irain, deskalifikazio eta agresibitate mailagatik arrakala hori areagotzen dutenak”. Hala hasten da dekalogoaren sarrerako testua politikari eta herritarrei autokritika egiteko eta alderdi horretan jarrera hobetzeko bide emanez.
Dekalogoa UPN, Partido Popular, Ciudadanos, PSN, Contigo Navarra eta EH Bildu alderdietako Iruñeko alkategaiek izenpetu zuten. Ez zuen izenpetu baina ekitaldian parte hartu zuen ordea, Geroa Baiko hautagaiak ikasleekin lehenengo puntua jorratu arte: “Beti egia esateko konpromisoa hartzen dut eta bete ezin dudana ez zin egiteko konpromisoa ere hartzen dut”.
Dekalogoa izenpetu zuten ere bai Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Iruñeko alkateak, Arartekoak, NUKFko lehendakariak eta unibertsitate, zientzia, gizarte, enpresa, lan eta hirugarren sektoreko ordezkariek.
Dekalogoa
Dekalogoa Nafarroako politikako, erakundeetako eta gizarteko ordezkariekin egindako lan, eztabaida eta elkarrizketa prozesu luze baten fruitua da eta politika egiteko modua hobetzen laguntzeko helburu du, modu horretan gizartea hobetzeko. Bi atal ditu; politikarien konpromisoak jasotzen dituena bata, eta herritarrei zuzendua dagoena bestea:
Politikan aritzen diren pertsonentzat
- “Beti egia esateko konpromisoa hartzen dut eta bete ezin dudana ez zin egiteko konpromisoa ere hartzen dut”.
- Gure gizartean gero eta gehiago haziz doan polarizazioari aurre egiteko konpromisoa hartzen dut.
- Beste alderdi politikoekin elkarguneak eta adostasunak bilatzen saiatuko naiz.
- Ustelkeriari uko egiten diot bere forma guztietan.
- Besteak iraintzeari, deskalifikatzeari eta erasotzeari uko egiten diot.
Herritarrak izan nahi duten pertsonentzat
- Bozkatzeko eskubidea dagokion seriotasunez erabiltzeko konpromisoa hartzen dut.
- Zehaztasun eta aniztasun handiagoz informazioa jasotzeko konpromisoa hartzen dut.
- Politikariekiko eta erakundeekiko kritika suntsitzailea egiteari uko egiten diot.
- Edozein motatako indarkeria protesta modu gisa erabiltzeari uko egiten diot.
- Ustelkeriari uko egiten diot bere forma guztietan.