2024ko irailak 13

Lantzen ari diren despopulazioaren kontrako foru legeari lotuta toki-erakundeen proposamenak ezagutzeko, parte-hartze prozesu bat egingo du NUKFk

Batzorde Betearazleak erroldatze irizpideak bateratzeko protokolo baten berri ere izan zuen

Foto noticia

NUKFren Batzorde Betearazleak irailaren 10ean egin bilkuran, toki-erakundeekin parte-hartze prozesu bat egitea adostu zuen, argitaratuko den despopulazioaren kontrako foru legearen inguruan dituzten proposamenak ezagutzeko. Lurralde Kohesiorako Departamentuak Federazioari despopulazioaren inguruko ekarpenak egiteko eskariaren ondotik etorri da parte-hartze prozesua egiteko erabakia. Testuinguru horretan, datozen egunetan despopulazioaren alorrean sortutako lantaldea deituko duela jakinarazi zuen lehendakariak parte-hartze prozesu horren diseinuan lanean hasteko.

Erroldatzeko protokoloa

Bilkura berean, udal batzuekin (besteak beste Iruñekoarekin) sortutako talde teknikoak egindako dokumentuaren berri izan zuen Batzorde Betearazleak. Dokumentuan, egoera zaurgarrian edo etxe gabe dauden pertsonak erroldatzeko irizpideak bateratu dira eta asmoa da toki-erakundeek orientabide gisa baliatu ahal izatea.   Nafarroako Gobernuak eta Arartekoak NUKFri adierazia zioten irizpide horiek bateratzea komeni zela.

Aipatu talde teknikoak egindako lana Migrazio Politiketako lehendakariordeari eta Arartekoari aurkeztu zioten eta, ondoren, Batzorde Betearazleari berari. Federazioak, orain, Batzorde Betearazleko kideek dokumentuari ekarpenak egiteko epea zabaltzea adostu du. Amaierako emaitza lantaldeari eta Batzorde Betearazleari igorriko zaie.

Toki-erakundeetako langileei energiaren alorreko prestakuntza emateko hitzarmena. Toki langileei energiaren alorreko prestakuntza emateko, Industriako eta Trantsizio Ekologikorako Departamentuarekin hitzarmen bat izenpetzea onetsi zuen Batzorde Betearazleak. Hitzarmenaren barruan, toki-erakundeetan energia kudeatzeari buruz gida bat egiteko eta arlo horri buruz teknikari eta politikarientzako prestakuntza eskaintzeko konpromisoa hartuko du Federazioak.

Birgaitze lanetarako dirulaguntzak amaitu dira. Azkenik, etxebizitza eraikinetan edo horien zati batzuetan birgaitze energetikoa egiteko dirulaguntza batzuk amaitu direla jakinik, toki-erakundeak zein egoeratan dauden ezagutzeko Etxebizitzako zuzendari nagusiarekin bilkura egitea adostu zuen Batzorde Betearazleak.

Volver arriba