Toki Araubideko Foru Batzordeak egindako azken bilkuran, toki-erakundeen ordezkaritzaren eztabaidara jarri ziren Gazteriari eta Belaunaldi arteko Justiziari buruzko Foru Legearen aurreproiektua, eta klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea aldatzen duen Foru Legearen aurreproiektua. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) toki ordezkariek bi ekimen horien aldeko txostena eman zuten.
Etorkizuneko Gazteriari eta Belaunaldi arteko Justiziari buruzko Foru Legeari dagokionez, testu berriak 2011tik indarrean den araua ordezkatuko du, eta gazteriari zuzenduriko politika publikoetarako esparru zabalagoa eta eguneratuagoa eskaini asmo du. Legeak zeharkako ikuspuntu batetik heltzen dio gazteriaren arloari, politika publikoetan gazteen parte-hartzea eta inplikazioa txertatzen du baita jarduketa sektorialak txertatu ere etxebizitza, enplegua eta mugikortasunaren arloetan, besteak beste.
Lege-testuak toki-erakundeak espresuki barne hartzen ditu bere aplikazio esparruan, erakunde horiek, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, gazteriako politikak susta ditzaten helburu duela. Lege horren ondorioetarako, 12 eta 30 urtekoak dira gaztetzat jotzen direnak.
Toki administrazioari dagokionez, aurreproiektuak zenbait aurreikuspen biltzen ditu udalek eta kontzejuek gazteriaren arloko politikak gara ditzaten sustatzeko. Aurreproiektua aztertzerakoan, toki ordezkariek aldeko txostena eman zuten nahiz eta jakitun izan toki-erakunde askok mugak dituztela, tamaina txikikoek bereziki. Hori horrela, begi onez ikusi zen hasiera batean zurruntasunez ezarritako betebehar batzuk birformulatu egin direla eta toki-erakunde bakoitzaren gaitasunen arabera garatu ahal izateko gomendio edo konpromiso gisa jarri direla.
Esate baterako, 1.000 gazte baino gehiago erroldatuta dituzten toki-erakundeek gazte-informazioko zerbitzu bat emateko betebeharra ezarri beharrean, testuan adierazten da helburu horretan aurrera egiteko behar diren mekanismoak bultzatu beharko direla. Era berean, ezartzen da 1.000 gazte baino gehiago dituzten erakundeak lehentasunez gazteei zuzendutako instalazioren bat izaten saiatuko direla, eta, halaber, gazte-plan bat onartzeko betebeharraren ordez, horrelako plangintza-tresnak izateko ahalegina egingo dela ezartzen da.
Gainera, aurreproiektuak jasotzen du Nafarroako Gobernuak aldizkako laguntzak antolatuko dituela gazte-politikak garatzeko behar den finantza-nahikotasuna bermatzeko, gai hori bereziki garrantzitsua baita toki-erakundeen inplikazio eraginkorra ahalbidetzeko.
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea
Bestalde, Toki Araubideko Foru Batzordeak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea aldatzeko aurreproiektua ere aztertu zuen. Erreforma horren helburua da manu jakin batzuk estatuko legeriara egokitzea, arauaren helburu orokorrei eutsiz, baina arauaren aplikazioa eta betetzea bideragarriagoak izateko aldaketak txertatuz.
Aurreikusitako aldaketen artean, bizitegi-eraikinetan eta hirugarren sektorekoetan gasolioaren hornidura kentzeko epea luzatzea dago, 2027tik 2028ko ekainaren 30era luzatzea zehazki. Energia eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioei aplikatzen ahal zaizkien mugen salbuespen bat ere jasotzen da, kokaleku jakin batekin lotuta dagoeneko izapidetzeko onartu diren proiektuetarako.
Toki-erakundeei zuzenean dagokienez, testuak ezartzen du kanpoko argiteria publikoko instalazioak itzalita egon beharko direla egunez, eta gauez, oro har, itzalita egon beharko dutela jarduera txikieneko aldietan.
Aldaketak aurreikuspen bat ere badakar, toki-erakundeen edo partikularren jabetzako baso-lurrak baso-gaietan eskumena duen departamentuari lagatzeko aukera ematen duena. Horrekin batera, babesleku klimatikoak eta horien sustapena arautzen ditu, eta hiriguneetan sarbide publikoko espazioen erabilera sustatzeko betebeharra aurreikusten du, herritarrek baldintza meteorologiko txar edo kaltegarrien aurrean babesteko aukera izan dezaten.