NUKFk Lurralde Kohesioko Departamentuari eskatu dio Toki Inbertsioen Planaren barruan obretarako Toki Programazioaren atala desblokeatu dezan
Toki Inbertsioen Planaren atal hori abiatzeko, Departamentuak toki entitateek eskatutako obra guztien artean planaren barruan sartuko direnen zerrenda onetsi behar du

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atala desblokeatzeko eskatzen dion akordioa onetsi zuen aho batez Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak atzo, martxoak 14; atal horren barruan barne hartuko diren obren zerrenda ez baita oraindik argitaratu. Batzordearen iritziz, zerrenda argitaratzeko atzerapenak toki entitateen artean ziurgabetasuna sortzen du, oraindik ere ez baitakite planean sartzeko eskatu zituzten obrak planean sartuko ote diren eta horrek 2023an egingo dituzten inbertsioak planifikatu ezin izatea dakarrelako.
Jakina denez, Toki Inbertsioen Planak (TIP) hiru atal barne hartzen ditu. Lehenengoan barne hartutako obren gauzatzea Nafarroako Gobernuak erabakitzen du tokiz gaindiko planifikazioaren barruan. Besteak beste, goi hornidurako horniketa eta hondakinen tratamenduarekin lotutako obrak dira, oinarrian.
Determinazio Libreko Programa deituriko atala berriz, toki entitateek libreki erabakitzen dituzten obrei eskainita dago.
Eta azkenik, Toki Programazioko atala dago, zuzkidura ekonomiko handiena duena, eta hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareetako obrak, zoladura-lanak edo zeharbideen urbanizazio-lanetarako eta toki zuzkiduretako obrak barne hartzen ditu. Obra horiek toki entitateek proposatzen dizkiote Departamentuari eta horrek, legeak ezarritako irizpideei jarraiki, finantziazioa lortuko duten obrak hautatzen ditu.
Finantziazio-lerro horrek, beraz, garrantzi berezia du toki entitateetan eta momentuz ez dakite eskatutako obretakoren batek finantziazioa edukiko duen edo egin ahalko den.
Hona hemen Batzorde Betearazleak hartutako erabakia:
TOKI INBERTSIOEN (TOKI PROGRAMAZIOAREN) FORU LEGEA DESBLOKEATZEKO ESKAERA
Nafarroako Parlamentuak, gehiengoz, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea onetsi ondoren, 2022ko apirilaren 1ean jarri zen indarrean eta, hortaz, urtebete eman du dagoeneko indarrean.
Foru Lege horren arabera, Toki Inbertsioen Planen aipatu urteko zuzkiduraren hasierako banaketa honakoa da: %30 Inbertsioen Programetarako, %40 Toki Programaziorako eta %30 Determinazio Libreko Programarako. Hala ere, 2022rako, Toki Inbertsioen Planerako zuzkidura zati berdinetan banatu da, hasiera batean, Inbertsioen Programen eta Determinazio Libreko Programaren artean. Hau da, hasiera batean Toki Programaziora bideratu behar ziren 12 milioi euroak bi zati berdinetan banatu ziren, Inbertsioen Programaren zenbatekoa 15 milioi eurora handituz eta Determinazio Libreko Programa ere 15 milioi eurora handituz.
Aurreikuspen hori justifikaturik zegoen, besteak beste, 2022an Toki Programazioaren inbertsioak ezin zirelako egin toki entitateek inbertsioak egiteko eskaerak aurkezteko epea zabaldu behar zelako eta, ondoren, inbertsioen hautaketa eta lehenespena egin behar zelako horrek dakarren prozesu guztiarekin.
Baina ulerkorra den 2022rako justifikazio hartatik, egun, ia 2023ko apirilean gaude eta Nafarroako toki entitateek oraindik ere ez dakite Toki Inbertsioen Planaren barruan Toki Programazioaren ataleko inbertsioen zerrenda zein den.
Toki Programazioaren atalak toki entitateek herritarrei kalitatezko zerbitzua ematea helburu duten oso inbertsio garrantzitsuak jasotzen ditu hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareetarako, zoladura-lanak sareekin egiteko; sarerik gabeko zoladura-lanetarako; zeharbideen urbanizazio-lanetarako eta toki zuzkiduretarako.
Egoera horrek ziurgabetasun nabarmena sortzeaz gain, toki entitateek 2023rako egingo dituzten inbertsioak aldez aurretik planifikatu ezin izatea eta udal aurrekontuetan sartu ezin izatea dakar. Gainera, inbertsioen zerrendaren argitalpenak atzeratzeak 2023 ekitaldirako aurreikusitako 12 milioi (+KPI) euroko partida gauzatzea ekiditen du.
Horrenbestez, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak honako hau erabaki du:
1.- Lurralde Kohesioko Departamentuari eskatzea Nafarroako Parlamentuaren aginduari jarraiki eta Foru Legean jasotakoari men eginez, eskura dituen mekanismoak gai ditzan Toki Programazioaren ataleko inbertsioen zerrenda onetsi eta argitaratzeko.
2.- Lurralde Kohesioko Departamentuari eskatzea egoera desblokeatzeko behar diren erabakiak har ditzan ahalik eta lasterren Toki Inbertsioen Plana gauzatu ahal izateko aurretik Nafarroako Parlamentuak onetsitako ezaugarri bereko beste Foru Lege batzuekin ahalbidetu izan den moduan.
Nafarroa, 2023ko martxoa