Kontuen Ganberak despopulazioaren aurkako foru lege bat onesteko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago emateko gomendatu du
Despopulazioari buruzko txosten bat argitaratu du, eta bertan Foru Administrazioak arazoari aurre egiteko hartutako neurriak aztertzen ditu
Kontuen Ganberak Nafarroako despopulazioari buruzko txosten bat argitaratu du, eta bertan Foru Administrazioak arazoarekin amaitzeko hartu dituen neurriak aztertzen ditu. Txostenak fenomenoaren konplexutasuna adierazteaz gain, egoera geldiarazteko edo lehengoratzeko zeharkako politikak abiatzeko beharra agerian uzten du. Gainera, despopulazioaren aurkako foru lege bat onestea eskatzen du (Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak hasiak ditu testu bat idazteko lanak) eta zuzendaritza horretan langile gehiago jartzea ere eskatzen du.
Txostenaren arabera, azken hogeita hamar urteotan Nafarroako biztanleria % 27 hazi da, eta aldi berean udalerrien erdiak baino gehiagok (% 56) biztanleria galdu dute.
Gaur egun, Nafarroako 166 udalerrik dute despopulatze-arriskua, udalerri guztien % 61. Arrisku handien duten eremuak Pirinio, Pirinio aurreko, Zangozako eta Lizarrakoak dira.
Txostenak azpimarratzen duenez, despopulazioa arazo konplexua da, hainbat arrazoi eta faktorek eragindakoa. Horiek Estatuan eta Nafarroan egindako azterlan eta planetan identifikaturik daude.
Kontuen Ganberak despopulazioaren aurka borrokatzeko Nafarroako Gobernuaren zenbait ekimen aipatzen ditu. Alde horretatik, nabarmentzekoa da iaz onartutako Despopulazioaren aurkako Estrategia. Honek hainbat ekintza eta proiektu planifikatzen ditu arazoari modu zeharkakoan aurre egiteko. Estrategia hori urte anitzeko plan batean eta urteko plan operatiboan zehaztu behar da. Iaz ez ziren onartu, ez bata eta ez bestea.
Txostenak azpimarratzen du, halaber, ez dela onartu despopulazioaren aurkako foru lege bat, neurri ekonomiko, fiskal eta administratiboekin, herri kaltetuenetan biztanleen galera geldiarazteko.
Pirinioetako Plan Estrategikoa da Kontuen Ganberaren ustez kudeaketa onaren adibide. 32 udalerri hartzen ditu, 5.000 bat biztanle 1.400 kilometro karratutan, hau da, 3,8 biztanle kilometro karratuko. Udalerri horietako gehienek “despopulatzeko arrisku larria” dute.
Plan Estrategikoak partaidetza eta zeharkako gobernantza bultzatzen ditu. Txostenaren arabera, eredu egokia da despopulatzeko arriskuan dauden beste eremu batzuetan aplikatzeko. Alde horretatik, azterlan gehiago egin dira jendez hustutako zenbait eremutan; zehazki, Zangozan, Erdialdean eta Jurramendiko azpieskualdean. Hortik atera ziren neurriak, ordea, ez dira praktikan jarri.
Txostenak Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritzari ere egiten dio erreferentzia. Txostenaren arabera, ez du langile nahikorik despopulazioaren aurkako neurriak koordinatzeko eta bultzatzeko. Aipatzekoa da, alde horretatik, Zuzendaritzak ez duela Pirinioetako Plan Estrategikoan lidergorik eta ez duela bertan parte hartu ere.
Ondorioz, Kontuen Ganberak gomendio batzuk ematen ditu despopulazioari aurre egiteko. Politika publikoak zeharkako ikuspegi koordinatuarekin diseinatzeaz gain, neurrien eraginkortasuna aztertzeko eskatzen du, ez baita beti egiten. Halaber, despopulazioaren aurkako foru lege bat onestea eta Lurralde Kohesioko Departamentuak giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago izatea gomendatzen du. Azkenik, despopulatzeko arriskua duten eremuetan zuntz optikoa eta abiadura handiko Internet bultzatu beharra azpimarratzen du.
Argazki oina:
Irudian, despopulazio arriskuan dagoen udalerri bateko etxebizitza abandonatua