2024ko apirilak 29

Konstituzio Auzitegiak konstituzioaren kontrakotzat jo ditu hauteskunde kanpainetako gastuak gainditzeagatik ezarritako gutxieneko 5.000, 25.000 eta 50.000 euroko isunak

NUKFk bi legegintzaldi daramatza hori eskatzen

Foto noticia

Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak, aho batez, onartu du Gorenak adierazitako afera, Alderdi Politikoak Finantzatzeari buruzko Legeak hauteskunde gastuaren muga %1 eta %3 artean gainditzen duten kasuetan aurreikusten duen gutxieneko 5.000 euroko isunak konstituzioaren kontrakotzat jotzen dituena.  Gaia Torre Pacheco udalerriko alderdi independente batek aurkeztutako helegitearen harira etorri zen. Alderdi horri 5.000 euroko isuna jarri zioten gastu-muga baino 91 euro gehiago gastatzeagatik.

Antzeko egoerak gertatzen ziren Estatu osoan eta, bereziki, Nafarroan hauteskundeetara aurkezten ziren herritarren hautesle-elkarteekin. Ehundaka hautesle-elkarteri, nagusiki Nafarroakoak, Kontuen Auzitegiak espedientea zabaldu zien duela bi legealdi gastua gainditzeagatik eta 50.000 euro arteko isunak jasotzeko arriskua zuten aipatu gastu-muga %10 gainditzen bazuten.

Orain, Konstituzio Auzitegiak ebatzi du gastua %1 eta %3 artean gainditzeagatik 5.000 euroko gutxieneko isuna ezartzea Konstituzioaren kontrako gehiegikeria dela 23.1 eta 6. artikuluei jarraiki. Izan ere, lehenengo artikulu horrek herritarrek afera publikoetan parte-hartzeko duten funtsezko eskubidea bermatzen baitu eta bigarrenak alderdi politikoak “pluraltasun politikoa” adierazteko, “herritarren borondatea eratzeko eta adierazteko” bide gisa eta “parte-hartze politikorako funtsezko tresna” gisa definitzen baititu.

Auzitegi berberak konstituzioaren aukakotzat jo ditu, halaber, gastu-muga %3 eta %10 artean gainditzeagatik gutxieneko 25.000 euroko isunak eta %10 gainditzeagatik gutxieneko 50.000 eurokoak.

 

Gastu-muga ezinezkoak hautesle-elkarte txikientzat

Adierazi beharra dago, araudiak hautesle-elkarte txikientzat batere nahikoak ez diren gastu-mugak ezartzen dituela hauteskunde kanpainetarako. Hauteskundeetara zein udalerritan aurkeztu udalerri horretako biztanle bakoitzeko 0,11 euro izango dute hauteskunde kanpainarako. Horrela, hautesle-elkarte batek 1.000 biztanleko udalerri batean 110 euro baino ez du gastatzerik kanpainan; eta 10.000 biztanleko batean, 1.100 euro. Zenbateko horiek ez dira nahikoak kartelak edo esku-orriak inprimatu eta banatzeko edota areto bat  edo ekitaldi baterako megafonia kontratatzeko.

Horregatik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak behin eta berriro adierazi zuen, 2015-2019 legealdian bereziki, isunen gutxieneko zenbatekoak murriztu beharra zegoela hautesle-elkarteen kasuan, eta gastu-muga handitu beharra zegoela arrazoizko zenbatekoak edukitzeko. Dena dela, Federazioa saiatu bazen ere eta hainbat gestio egin bazituen ere Espainiako Gobernuaren, Gorte Nagusien, Nafarroako Parlamentuaren eta alderdi politikoen aurrean, ez zuen azken horien babes nahikorik lortu. Gainontzeko alderdiei bide batzuetatik edo besteetatik kanpainetan diru gehiago gastatzea baimentzen zaie.

Orain, Auzitegi Gorena eta Konstituzio Auzitegia izan dira, konstituzioaren kontrakotasuna adieraziz bata eta epaia emanez bestea, toki hautesle-elkarteen eta horien udalen eskaerei men egin dietenak.

 

Argazki oina

NUKFk araudiaren aldaketa aldarrikatu eta hautesle-elkarteek jasandako tratua salatu zuen ekitaldietako baten irudia.

Volver arriba