Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituneko 159 udalek dagoeneko badute emisioak neurtzeko oinarrizko inbentarioa
Agiriak 2005ean isuritako CO2-a neurtzen du urte hori oinarritzat hartzen baita 2030ean isuriak %40 murriztera iristeko.
Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikita dauden 159 udalerriek abenduaren 15az geroztik dute 2005ean isuritako berotegi efektuko gasen inbentarioa. Hori oinarritzat harturik, itunari atxikitzean hartutako konpromisoari jarraiki, isuriak zenbatean murriztu beharko dituzten kalkulatu ahalko dute 2030ean %40ko murrizketara iristeko. Aurten, toki entitate bakoitzak bere gain hartutako helburuak betetzeko plana (Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plana) eginen du.
Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Gobernuko Lursarea Agentziak inbentarioak udalei igorri zizkien ia ehun toki hautetsi bildu zituen on line ekitaldi baten ostean. Inbentarioak egin dituztenen izenean, David Font-ek erabilitako metodologia azaldu zuen. Miguel Morcillo Alkateen Itunaren Bulegoko Espainiako ordezkariak berriz, programan eragina izango duten aldaketak azaldu zituen Europako Parlamentuak eta Batzordeak asmo handiagoko murrizketa helburuak hartu ostean.
Inbentarioak
Kalkuluak egiteko oinarri diren 2005eko inbentarioek lau esparru kontuan hartzen dituzte: Udal Administrazioa (argiteria, eraikinak…), etxebizitzen esparrua, mugikortasuna eta hondakinak. Zerbitzuen esparrua eta industriari dagokiona kanpoan gelditzen dira.
2005ean, aipatu lau sektoretako isurien %74 garraioari zegokion; %22 etxebizitzen esparruari; %2 hondakinei; %1,1 udal eraikinei eta %0,5 argiteriari. Ordutik 2018ra bitartean, aurrerapausoak eman dira isurien murrizketan eta garraioari dagozkionak baino ez dira hazi (%2,2ko hazkundea). Etxebizitzen sektoreak %28 murriztu ditu isuriak eta hondakinen sektoreak %24. Hortaz, toki entitateek bidearen zati bat egina dute 2030erako isurien %40ko murrizketa lortzeko.
Asmo handiagoko helburu berriak
Miguel Morcillok gogora ekarri zuen Europako Parlamentuak eta Batzordeak aipatu %40ko murrizketa %55era handitzeko konpromisoa hartu berri dutela. Neurriak ez die dagoeneko Alkateen Itunaren barruan dauden toki entitateei eragingo, konpromisoak aurreko baldintzekin hartu baitzituzten, bai eragingo die ordea hemendik aurrera itunarekin bat egiten dutenei.
Izan ere, Europar Batasuneko erakundeak 2050erako zero emisio lortzeko helburua ezartzea pentsatzen ari dira eta Itunaren Bulegoak helburu horren ildotik doan atxikitze agiri batean lanean ari da. “2050eko Alkateen Ituna birpentsatu beharra dago –adierazi zuen Morcillok- eta hura berretsi”.
Klimaren aldeko mugimendurik handiena
Europar Batasunak sustatutako Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna klimaren eta energiaren alorreko tokiko ekintza bultzatzeko hirien eta herrien mundu mailako mugimendurik handiena da. Une honetan, 59 herrialdetako 10.000 udalerrik dute ituna sinatuta. Udalerri horietan, osotara, 300 milioi pertsona baino gehiago bizi dira.
Ekimen horren bidez, toki gobernuek honako helburuak betetzeko ardura hartzen dute: berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketari egokitzeko ikuspegi amankomuna finkatzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea.
Dituzten eskumenak kontuan hartuta, toki agintaritzak giltzarri dira klima aldaketaren aurkako politika publikoetan. Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunean parte hartzeak babesa eskaintzen du, aitorpena, eta, era berean, baliabideak eta sarean lan egiteko aukera ere eskaintzen du hartutako konpromisoak bultzatzeko.
Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna demokratikoki eratutako toki agintaritza guztiei irekia dago horien tamaina edo energia eta klimaren arloan dituzten politiken ezarpen maila edozein dela ere.
Hain da erronka handia, eragile guztien, publikoen zein pribatuen, inplikazio aktiboa ezinbestekoa dela. Trantsizio energetikoa izugarrizko erronka da udalentzat baina, aldi berean, aukera paregabea ere bada; besteak beste, Europako politikekin eta lehentasunekin lerrokatutako toki proiektuak finantzatu ahal izateko.
Toki konpromisoaren mugarriak
Europako Batzordeak 2008an abiatu zuen “Alkateen hitzarmena” deitu zena, eta helburu izan zuen toki entitateak parte harraraztea eta laguntzea EBk kliman eta energian dituen helburuak betetzeko. 2010ean, 2.000 udalerri zeuden atxikita.
2012an, Europako Batzordeak Mediterraneoko hegoaldeko herrialdeetara zabaldu zuen hitzarmena, auzotasun politikaren barnean, eta, horretarako, laguntza bulegoak ireki zituen haietan.
Ekimen horren osagarri beste bat sortu zen, Egokitzearen aldeko alkateak deitu zena. Horrek aldaketara egokitzeko konpromisoa gehitu zion isurketak murriztekoari; izan ere, klima aldaketa, modu batean edo bestean, saihestezina da, eta egun ere gertatzen ari da. Bi ildo horiek 2015ean bateratu ziren, Europako Parlamentuan urriaren 15ean egin zen ekitaldi batean.
Ekimen berriak asmo eta irismen handiagoak biltzen ditu: hiriek helburuak ezarriko dituzte berotegi efektuko gasen isurketak %40 murrizteko 2030erako eta neurriak hartuko dituzte klima aldaketari egokitzeko eta txirotasun energetikoaren kontra borrokatzeko. Gainera, EBk erabaki zuen Ituna munduko herrialde guztietara zabaltzea.
2016tik aurrera, Klimaren eta Energiaren aldeko alkateen munduko ituna toki gobernuen mugimendu handiena da, eta hartu dituzten konpromisoak handiagoak dira estatuenak baino.
2017an, Ipar Amerikan, Hego Amerikan eta Karibean, Txinan eta Asiako Hego-ekialdean, Indian eta Japonian zabaldu ziren bulegoak, eta, haiekin, egungo sarea osatu zen.