Klimaren aldeko Alkateen Itunaren udalek urteroko jardunaldia egin dute klima aldaketari aurre egiteko jarduketak partekatuz
Ehun toki ordezkarik klima aldaketa egokitzeko eta leuntzeko eta txirotasun energetikoaren aurka egiteko tokiko esperientzia batzuen berri izan zuten
Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna Europar Batasunak sustaturiko mugimendua da eta, Nafarroan, Foru Administrazioak bultzatzen du. Azaroaren 23an, itunari atxikitako toki entitateek haien jardunbide egoki zenbait partekatu zituzten Iruñean egindako jardunaldian.
Urtero topaketa hori egitea Nafarroan Ituna koordinatzen duen Lursarea erakundeko arduradunek hartutako konpromisoa da, Nafarroan duela urtebete egin kongresuan harturikoa.
Jardunaldian zehar, dozena bat udalek haien Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Planetan gauzatutako zenbait esperientzia azaldu zituzten. Zehazki, Burlatako, Bidaurretako, Fiteroko, Ezkabarteko, Urrotz-Hiriko, Garesko, Ultzamako, Iruñeko, Centellesko (Bartzelona), Orduñako (Bizkaia) eta Orexako (Gipuzkoa) ordezkariek eta Nafarroako Gobernuko zenbait Departamentutakoek egindako jarduketa batzuk azaldu zituzten honako hauekin loturik: azpiegitura berdeak, aterpe klimatikoak, sute planak, eskola guneak birnaturalizatzea, komunitate energetikoak, zentral elektriko txikiak berreskuratzea, energia xahutzearen kontrako eskola jarduketak, txirotasun energetikoaren kontrako amankomuneko zerbitzuak eta abar.
207 udal klimaren aurka
Nafarroan 207 udal daude Energia eta Klimaren aldeko Alkateen Itunari atxikirik jada; Foru Erkidegoko udalen %75 alegia, eta populazioaren %86 barne hartzen dutenak. Horietatik, 156 udalek Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintzarako Plana egina dute dagoeneko.
Ituna 2008an Europako alkatetza nagusietako batzuek sustatutako ekimena da, beranduago, Europa guztira hedatu dena eta, azkenik, gainontzeko kontinenteetara ere bai. Egun, 11.847 udalek izenpetu dute ituna. Itunaren helburu nagusia klima aldaketaren kontra borrokatzea da, udal esparruan neurriak hartuta eta, zehazki, 2030erako negutegi efektuko gasak %40 murriztea du jomuga. Bide-orriaren hasiera 2005ean udal sektore eta zentro zehatz batzuetan egindako kontsumoaren inguruko auditoretza da. Horren ondotik, udalek Ekintza Plana egiten dute txirotasun energetikoa leuntzeko, egokitzeko eta horren kontra egiteko neurriekin.
Nafarroako udal gehienek plana egina dute eta orain hasiko dira bertan jasotako neurriak ezartzeko prozesuarekin.
Argazki oina
Ingurumeneko kontseilari José María Aierdi bertaratuak agurtu zituen jardunaldiaren hasieran.