Klimaren aldeko Alkateen Itunaren toki-erakundeek esperientziak partekatu dituzte
41 toki-erakundek parte hartu dute Itunaren II. Jardunaldian, Tafallan
41 toki-erakundetako ordezkariek Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Alkateen Itunaren esperientziak eta aurrerapausoak partekatu zituzten azaroaren 21ean. Itunak 210 udalerriren atxikimendua du egun.
Jardunaldian, mahai-inguru batean, politikariek eta teknikariek klima aldaketa leuntzea eta horri egokitzea asmo duten zazpi esperientzia aurkeztu zituzten honako arlo hauetan: hurbileko kontsumoa, hirigintza, mendien kudeaketa, energia hidroelektrikoaren eta fotovoltaikoaren ekoizpena eta eltxo tigrearen aurkako borroka.
Jardunaldian honako erakundeak izan ziren: Alkateen Itunaren Europako Bulegoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa (NUKF), Erdialdeko Garapenerako Partzuergoa, Jasangarritasunaren aldeko Toki-erakundeen Nafarroako Sarea (NELS sarea), Cederna-Garalur, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Itunari atxikitako udal eta kontzejuetako zenbait ordezkari eta Nasuvinsako Lursarea unitate teknikoa. Azken horrek LIFE NAdapta proiektuaren barruan kokaturiko Alkateen Itunaren lan teknikoak egiten ditu Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarentzat.
Jarduketa zehatzak
Nasuvinsa sozietate publikoak Nafarroako zenbait udalerritan egin diren Ekintza Planak eta horien barruan dauden ekintzak nabarmendu zituen toki ekintza klimatikoaren alorreko jardun egokien adibide gisa eta beste udal batzuentzat iradokitzaile eta eredu izan daitezkeenak.
Ondoren, bideo formatuan, jardun egokien eredu diren zazpi kasu aurkeztu zituzten horien protagonistek: Tania Rodríguez Cederna-Garalurreko teknikariak Zangozako Merindadeko ‘Jakiak ehuntzen’ proiektua aurkeztu zuen. Proiektuak tokiko produktuak merkaturatzeko zirkuitu motzak sortzea du xede, ekoizten dena lurraldean bertan kontsumitzeko. Ekimenak Zangozako Merindadeko 57 udalerritako ekoizleak, saltokiak eta kontsumitzaileak batu ditu. Fundación Daniel y Nina Carasso fundazioaren finantziaziori esker, “Elikadura-sistema lurraldekatuen” proiektuetarako deialdiaren bidez, sare logistiko bat diseinatu eta abian jarri dute eremuko saltoki txikiei, jatetxeei, establezimendu turistikoei eta abarrei tokiko produktuak eskuragarri jartzeko.
Uharte Arakilgo alkate Txomin Huartek ordea, ‘Energia hidraulikoa eta eguzki-energia tokiko autokontsumorako’ ekimena azaldu zuen, Sakanako udalerri horretan abiaturikoa eta autosufizientzia energetikoa ardatz duena. Uharte Arakil edateko urez hornitzen duen Ganbeleta iturburua indar handiz sortzen da eta uralitako hodiak etengabe apurtzen ziren. Nafarroako Gobernuak finantzaturiko proiektu horri esker, hoditeria konpondu da eta, aldi berean, instalazioa hobetu eta erabilera berria eman zaio: energia berriztagarria sortzea (hidraulikoa eta eguzki energia aldi berean). Instalazioak urtean 103.500 kw inguru sortzen ditu, udalerriko 35 etxebizitzek kontsumitu dezaketen kopuruaren baliokidea.
Bestalde, Arbontzeko kontzejuburu Salomé Iribarrenek ‘Herriko plaza klima-aldaketara egokitzea’ izeneko Ekintza Plana hizpide izan zuen. Ekintza horrek Nafarroako toki-erakunde txikienen auzolana goresten du. Izan ere, auzolanari esker, hainbat proiektu egiten baitira bestela ekonomikoki bideragarriak ez liratekeenak izango. Kasu horretan, lan kolektiboari esker, topaleku freskoago bat sortu dute tenperatura altuak dauden egoeretarako, hots, aterpe klimatiko bat sortu dute.
Berako alkate Aitor Elexpuruk eta Teresa Ferrer Nafarroako NOPLOiko Ingurumeneko Osasun ataleko buruak jardunaldira bertaratutako toki-erakundeei hausnarketarako deia egin zieten ‘Tigre-eltxoaren aurkako prebentzio-ekintzak’ izeneko elkarrekin egindako lanarekin. Beran egindako lana izan da, azken urte hauetan klima aldaketaren ondorioz eremuan transmisio bektore horren areagotzea dela eta.
Azkenik, jardunaldian hiru bideo bistaratu zituzten baso-suteei aurrea hartzeko eta horietaz babesteko ekintzak erakusteko: ‘Baso-suteen aurrean, paisaia eta herri erresilienteak’ izenburupeko bideoak Legardako alkate Silvestre Belzunegik, Esako alkate Roberto Martínezekn eta Eguesibarko Udaleko zinegotzi Sabi Atipovek azaldu zituzten.
Hiru udalerri horietan, zenbait lan egin dituzte helburu bakar batekin: paisaia erresilienteak sortzea. Bereziki aipagarriak izan dira Legardako eta Esako kasuak. Udalerri horietan, Nafarroan 15.000 hektarea kiskali eta Foru Komunitateko 50 udalerri baino gehiago arriskuan jarri zituzten 2022ko suteetatik eratorritako neurriak hartu dituzte. Eguesibarko kasuak paisaia babestuetan suteen prebentziorako kudeaketa nabarmentzen du.
Erronkak
Jardunaldian zehar, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunak Nafarroan dituen erronkei heldu zieten. Nasuvinsako Toki Jasangarritasuneko teknikari Aitor García Galarren hitzetan, erronka nagusia “itunaren ezarpena sustatzea da”. “Ekimen hori planifikatzeko ahalegin handia egin da. Orain, paperatik errealitatera igaro behar da”, azpimarratu zuen. Hala ere, Garcíak nabarmendu zuenez “klima aldaketa leuntzea eta horri egokitzea ezinezkoa da gizartea osatzen duten sektore eta eragile guztien inplikaziorik eta bultzadarik gabe. Ez da posible izango banakako ahaleginik zein ahalegin kolektiborik gabe”.
Azkenik, NELS Sareko toki jasangarritasuneko teknikari Edurne Arkotxak jardunaldiaren azken blokea aurkeztu zuen, zeina Alkateen Itunaren barruan lankidetzarako ekintzak ezagutzea eta diseinatzea asmo baitzuen. Tarte horretan, etxeetan eta kirol instalazioetan ur kontsumoa murrizteko 2024an egindako lankidetzako bi ekimen hizpide izan zituzten. Batetik, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dutxan ura aurrezteko sustaturiko kanpaina, udalei eta hezkuntza, lan eta kirol arloko beste entitate batzuei zuzendurikoa. Ekimena uda amaieran hasi zen; 36 udaletan 24.000 hondar-erloju banatu ziren eta herritarrei 4 minututan dutxatzeko erronka luzatu zitzaien ura eta energia neurriz kanpo gastatzea ekiditeko. Kanpaina Nafarroa osora zabaldu da berriki. Bigarren ekimenak berriz, Agoitz, Irunberri eta Eloko udaletako kirol instalazioetan ura aurrezteko sistemak ikertu ditu. Proiektu pilotua izan da, hiru udalerri horietako kirol instalazioetan herritarrak ura aurreztearen inguruan sentikortzea asmo duena.
Argazki oina
Toki-erakundeetako ia berrogeita hamar ordezkarik esperientziak eta ezagutzak partekatu zituzten Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Alkateen Itunaren programaren barruan.