Jardunaldia antolatu du NUKFk Industriako Zuzendaritzarekin batera udal igerilekuen energia-kostua murrizteko laguntzak eta neurriak jorratzeko
Autokontsumoa, energia berriztagarrien aldeko apustua eta zero kilometroko energia sortzea Industria eta Energiako zuzendari nagusiak proposaturiko neurrien artean

Toki entitateetako 40 ordezkari inguruk parte hartu zuten irailaren 24an NUKFk Nafarroako Gobernuko Industria eta Energiako Zuzendaritza Nagusiarekin batera antolatutako jardunaldian. Bertan, zuzendaritzako ordezkariek estalitako udal igerilekuen energia-faktura murrizteko eskuragarri dauden laguntzak azaldu zituzten eta energia-kostua gutxitzeko har daitezkeen neurriak aipatu.
Uxue Itoiz zuzendari nagusiak esandakoen artean, autokontsumoa proposatu zuen energia-kostuak murrizteko, bai eta toki energia berriztagarrien aldeko apustua indartzea eta zero kilometroko energia sortzea ere. Azken batean, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren alorrean jasangarriagoak izateko apustua egitea proposatu zuen. Zuzendari nagusiak azpimarratu zuen, halaber, aipatu neurriez gain energia-efizientziaren alorreko beste batzuk ere hartu behar direla; hala nola, argiztapena aldatu eta Led sistemekin ordezkatzea; mugimendu detektagailuak eta ordutegi programagailuak erabiltzea; klimatizazio-, ponpaketa- eta aireztatze-sistemak hobetzea; edota kontrol informatikoko sistemak jartzea energiaren erabilera neurtzeko eta optimizatzeko.
Itoizek gogora ekarri zuen egungo Europako funtsek energia-efizientziarekin zerikusia duten inbertsioetarako dirulaguntza-lerroak indartu dituztela.
Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKFko) lehendakariak, ordea, adierazi zuen jardunaldiaren jatorria Federazioak eta zenbait toki entitatek abuztuan egindako bilera bat zela. Bilkura hartan, toki entitateek kezka adierazi zuten igerileku estalien gisako instalazioetako energia-fakturaren kostuak hazi direlako eta udal altxortegietan sortzen ari diren defizitak izan zituzten hizpide.
Castillok esan zuenez, bilkuraren ondoren zerbitzua enpresa pribatuen bidez ematen duten udalen egoera juridikoa aztertzea ere adostu zuten eta Nafarroako Gobernuari energiaren gainkostuak toki entitateetan sortutako defizit ekonomikoari aurre egiteko finantza-laguntzak abia ditzan eskatzea erabaki zuten. Lehendakariak, halaber, dagoeneko laguntza ekonomikoak eskatzeko Lurralde Kohesioko Departamentuaren ordezkariekin bilkura egin dutela jakinarazi zuen.
Jardunaldia Iruñeko Iturrama Civivoxean izan zen eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak toki entitateen eskura jartzen dituen laguntza eta aholkularitza mekanismoak, eskuratu daitezkeen dirulaguntzak eta autokontsumorako instalazioak jartzeko egin behar diren izapideak zehazteko balio izan zuen. Gainera, kasu praktikoak ere azaldu zituzten egin beharreko jarduketak eta inbertsioak itzultzeko epeak ezagutzeko.
Autokontsumoa
Autokontsumorako eguzki-plaka fotovoltaikoak edo termikoak instalatzea izan zen bileran proposaturiko neurrietako bat udal igerilekuetan energia-kostuak murrizteko eta efizienteagoak izateko. Neurri hori gauzatzeko, zenbait laguntza daude; adibidez: 20kWp-ko potentzia duen instalazio baterako kostua 21.700 eurokoa da.
Laguntza kalkulatzeko, kontuan hartu behar da instalatutako kW bakoitzeko 910 euroko muga dagoela, beraz, kasu horretan diruz lagundu daitekeen kostuaren oinarria 18.200 eurokoa izango litzateke. Instalazioa 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean egiten bada, jasotako laguntza %40koa izango litzateke, hau da, 7.280 eurokoa. Udalerriak biztanle gehiago baditu ordea, laguntza %25ekoa izango litzateke, hots, 6.370 eurokoa.
Azkenik, Departamentuko teknikariek energiaren planifikazio teknikoaz eta ekonomikoaz arduratuko den kudeatzaile bat edukitzearen garrantzia azpimarratu zuten. Bere eginkizunen artean egon beharko luke, besteak beste, energia-eraginkortasuna, energia erostea eta kudeatzea, espazioak kudeatzea eta erabilera bezalako arloetan neurriak koordinatu eta proposatzea, eta mentalizazio-lanak egitea. Horrela, energiaren erabilera efizienteagoa izango da eta energia-kostuak txikiagoak.