Iruñeak sanferminen karbono-aztarna kalkulatuko du isuri kutsakorrak murrizteko eta jai jasangarriagoak lortzeko
Udalak bi ziurtapen prozesu egingo ditu funtsezko zerbitzuetan eta logistika eta hondakinak bezalako arloetan eginiko aurrerapausoak erregistratzeko
Iruñeko Udalak abian jarri du San Fermin jaien karbono-aztarna kalkulatzeko eta ziurtatzeko prozedura, hurrengo jaiei begira murrizketa-plan egingarria ezartzeko. Horretarako, ospakizunak irauten dituen bederatzi egun horietan zehar sortzen diren berotegi efektuko gasen isuriak aztertuko ditu, baita aurretik eta ondoren eszenatokiak eta instalazioak jartzeko eta kentzeko eta hiria garbitzeko eta lehengoratzeko egunetan sorturikoak ere.
Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak joan den azaroaren 28an egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuen ekimena, zeinean Bureau Veritas nazioarteko ziurtagiri-emaileak eta Ecoterrae jasangarritasunean aditua den aholkularitza enpresak parte hartuko baitute. Prozedura horren helburua da sanferminek hirian sortzen dituzten C02 eta gainerako berotegi efektuko gasen isurketetan zer pisu duten ezagutzea.
Hori lortzeko, jai egun horietan honako ekintza hauek sortzen dituzten berotegi efektuko gasen isuriak aztertuko dira: instalazioak jartzea eta kentzea, logistika eta hornidura lanak, publizitate elementuak eta hedapen kanpainak, hirira etortzen direnen joan-etorriak eta ostatua eta segurtasun, garbiketa, osasun eta boluntariotzako eta abarretako funtsezko zerbitzuak. Alderdi horietan guztietan sortzen diren zuzeneko eta zeharkako isuriak neurtuko dira; jarduera bera ez ezik jarduera horrek eragiten dituen energia kontsumoak ere aztertuko dituzte. Ildo horretan, datuak bilduko dira, adibidez, sanferminetan erabiltzen diren produktuen fabrikazioari lotutako emisioetatik hasi eta horiek garraiatzeko ibilgailuen kontsumora artekoak barne hartuta.
2023ko eta 2024ko datuen alderaketa
Iruñeko Udalak karbono-aztarnaren kalkulagailu bat ezarri zuen, dagoeneko, aurreko San Fermin jaietan, Europako Next Generation EU funtsek finantzaturiko SF365 Helmugako Turismo Jasangarritasunerako Planaren barruan. Datu horiek, orain aztertze-fasean daudenak, abiapuntutzat hartuko dira, eta urtarrilaren erditik aurrera 2023ko sanferminen karbono-aztarna egiaztatuaren ziurtagiria entregatuko dute.
Datu ziurtatu horiek esku artean edukita, Udalak isuriak murrizteko proposamen bat egingo du 2024ko jaietan aplikatzeko. Hurrengo sanferminak baino hilabete batzuk lehenago, baliozkotutako karbono-aztarnaren hasierako estimazio bat egingo da. Alegia, ekitaldia baino lehenagoko datuekin eta aurreikusitako hobekuntza eta zuzenketak aplikatu ondoren, espero daitekeen karbono-aztarna zein izango den kalkulatuko dute. Ondoren, datorren uztaileko San Fermin jaiak ospatzen diren bitartean, in situ, kalkulatuko dute benetako karbono-aztarna.
Ezarritako neurriak eta lortutako emaitzak aztertu ondoren, 2024ko irailean karbono-aztarna egiaztatuaren beste ziurtagiri bat lortuko da, eta bertan jasoko dira jasangarritasunari eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteari dagokionez egondako aurrerapenak. Kalkulu-, azterketa- eta ziurtapen-lan guztiak UNE-EN UNE-E 14064-1:2019 arauaren arabera egingo dira eta balioztatze- eta ziurtatze-auditoretza egingo zaie.
Kontzientziazioa eta errekuperazioa
Nazioartean hainbeste oihartzuna duen eta hiri osoan zehar banaturiko ekintzetan ehunka mila pertsona biltzen dituen Sanferminen gisako hiriko ekitaldi erraldoi baten karbono-aztarna murrizteko, herritarren eta bisitarien laguntza ezinbestekoa da. Horregatik, Udalak ingurumenarekiko errespetuari eta gizalegezko jarrerei buruzko kontzientziazio-ekintza zehatzak eginen ditu, hondakinen sorrera murrizten eta atmosferara berotegi-efektuko gasak isurtzea saihesten laguntzeko.
Azken helburua karbono-aztarna pixkanaka murriztea da, jai jendetsuen ingurumen-jasangarritasuna areagotzeko xedez. . Ekimena Iruña 2030 Hiri Agendaren helburuen barruan dago.
Argazki-oina: alkateak ekimena aurkeztu zien hedabideei.