2024ko maiatzak 3

Industriak energia-trantsizioa sustatzeko “Energy Berri 2024” programaren eguneraketa aurkeztu die NUKFri eta toki ekintzako taldeei

Komunitate energetikoentzako eta galdarak aldatzeko dirulaguntzak besteak beste iragarritako berrikuntzak

Foto noticia

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak gaur goizean egindako informazio-bilera batean, ‘Energy Berri 2024’ programaren eguneraketa aurkeztu du. Programak energia trantsizioarekin lotuta Departamentuak ematen dituen dirulaguntza guztiak jasotzen ditu.

Guztira 103 milioi euro dira eta berritasun gisa komunitate energetikoak sortzeko eta etxebizitza sektorearen deskarbonizaziorako dirulaguntzak daude. Programa aurkezteko ekitaldia Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan (NUKFn) izan da erakunde horretako ordezkarien eta Nafarroako  lurralde ezberdinetako toki ekintzako taldeen arteko bilkura batean.

Bileran zehar, Irujo kontseilariak azpimarratu duenez “Next Generation funtsak amaitzen ari badira ere, Departamentuak eskura dituen tresna guztiak herritarrak, enpresak eta administrazio publikoak deskarbonizatzeko bideratzearen alde egiten segiko du”. “Horren adibide dira gaur aurkezten ari garen deialdi berriak. Horiek eta urtero argitaratzen diren deialdiekin 103 milioi euro dira guztira” zehaztu du Irujok.

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek adierazi duenez berriz, ezinbestekoa da toki entitateek haien kontsumoen alorreko jarduketei eustea eta herritarren artean dirulaguntzak zabaltzen laguntzea: “toki entitateak –esan du- energia-trantsizioaren funtsezko eragileetako bat dira. Batetik, energia kontsumitzaile handi gisa eta bigarrenik herritarren eta enpresen ekimenak koordinatzeko eta sustatzeko eta gizartea sentikortzeko zeregin garrantzitsua dutelako”.

Alcuazek, halaber, adierazi duenez “oraindik lana egiteko badago ere, entitate horiek lan handia egin dute, jada, zenbait esparrutan: autokontsumoan, komunitate energetikoetan, argiteria sistema aldatzeko edo galdarak aldatzeko, besteak beste”.

Informazio-bileran Nafarroako Gobernutik honakoak izan dira: Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusi Uxue Itoiz; eta Trantsizio Energetikoaren zuzendari Esperanza Aristu. Toki Ekintzako Taldeetako ordezkariak ere bilkuran izan dira. Zehazki EDERreko kudeatzaile Sergio Villava; Consorcio de Desarrollo de Navarra Zona Media partzuergoko kudeatzaile Cristina Bayona; Cederna Garalurreko kudeatzaile Ibon Mimentza; eta Sakana Garapen Agentziako arduradun Iker Manterola.

Etxebizitza sektorearen deskarbonizazioa

Bileran aurkeztu dituzten deialdi berrien artean etxebizitza sektorea deskarbonizatzeko laguntzak daude, 700.000 euroko aurrekontua dutenak. Laguntza horien xedea erregai fosilak erabiltzen dituzten galdarak aldatzea da eta horien ordez energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak ezartzea.

Deialdiak diruz lagundu daitezkeen bost neurri ditu: klimatizaziorako edota etxeko ur berorako aire-urezko instalazio aerotermikoak; biomasako instalazioak (galdarak edo berogailua); klimatizaziorako edota zirkuito itxiko etxeko ur berorako instalazio geotermikoak; eta, azkenik, klimatizaziorako edota zirkuito irekiko etxeko ur berorako instalazio geotermikoak edo hidrotermikoak.

Laguntza horiek eskatu ahalko dituzte jarduketak jasango dituzten etxebizitzak edo eraikinak Nafarroan kokaturik dituzten pertsona fisikoek. Laguntza kalkulatzeko inbertituriko euroak eta Kw-ak kontuan hartzen dituen koefiziente bat erabiliko da, gehieneko laguntza 13.500 euro delarik.

Laguntza horiek datorren astean NAOn argitaratzea aurreikusia dago baina deialdiaren oinarriak dagoeneko ikusgai daude Nafarroako Gobernuaren tramiteen atariko web-fitxan.

Gainera, deialdiaren inguruko zehaztasun gehiago emateko Trantsizio Energetikoko Zerbitzuak web-mintegi bat antolatu du maiatzaren 9an, 9:30ean. Mintegian izena emateko inprimaki hau bete edo dgeidie@navarra.es helbidera idatzi behar da.

Komunitate energetikoentzako laguntzak

Programak, halaber, beste berritasun bat dakar: komunitate energetikoak sustatzeko berariazko laguntza deialdi bat, 1,3 milioi euroko zuzkidura duena. Hau ere datozen asteetan NAOn argitaratuko da. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Gobernuko tramiteetarako web-atariko fitxan kontsultatu daitezke.

Deialdi horrek ere diruz lagundu daitezkeen bost neurri jasotzen ditu. Lehenengoa, komunitate energetikoak definitzeko eta eratzeko parte-hartze prozesuak egitea da. Bigarrena, dagoeneko eratutako komunitate energetikoek egingo dituzten jarduketak planifikatzea, laguntzea eta aholkatzea. Hirugarrena, energia berriztagarrien, energia efizientziaren eta mugikortasun jasangarri eta konpartituaren inguruko proiektuak egitea. Laugarren lerroak energia berriztagarriak, efizientzia energetikoa eta mugikortasun jasangarria eta konpartitua finantzatzea asmo du. Eta azkenik, beste laguntza lerro bat dago, komunitate energetikoen aldeko hitzarmenak edota espazioen lagapena sustatzen duena.

Laguntza teknikoak kontratatzen dituzten eta diruz lagungarriak diren neurriekin lotutako inbertsioak egiten dituzten dagoeneko eratutako komunitate energetikoak izan daitezke laguntza horien onuradun. Gainera, 1 neurriaren kasuan, eratze bidean dauden komunitate energetikoak ere izan ahalko dira onuradunak.

Kenkari fiskalak eta energia aurrezteko ziurtagirien sistema

Azkenik, ‘Energy Berri 2024’ programak bi tresna jartzen ditu herritarren eta enpresen eskura esparru ezberdinetan energia-trantsizioa sustatzeko. Lehenengoa, Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen kenkariak dira energia berriztagarrietarako, ibilgailu elektrikoetarako eta karga-sistemetarako instalazioetan inbertsioak egiteagatik. Kenkariekin loturiko informazio guztia eskuratzeko eta eskaerak aurkezteko tramiteen web-atariko fitxa kontsultatu daiteke.

Bigarren tresna energia aurrezteko ziurtagirien sistema da. Mekanismo hori Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak abiatu du eta, Nafarroan, Trantsizio Energetikoko Zerbitzuaren bidez kudeatzen da.

Sistema horren bidez, haien energia kontsumoa gutxitzen duen jarduera bat egiten duten enpresek aurrezte horren ziurtagiri bat lortu dezakete. Ondoren, enpresa horiek legez urtean energia-aurrezpen zehatz bat lortzera beharturik dauden energia-enpresei saldu ahalko diete ziurtagiri hori. Horrela, lehenengo enpresak, subjektu ordezkari gisa izendatua, ziurtagiri horren salmentaren bidez bere aurrezkiak monetizatu ditzake eta bigarren enpresak, subjektu behartua gisa izendatua, legeak ezartzen dituen urteko energia aurrezteko helburuak erdietsi ahalko ditu.

Sistema horren inguruko informazioa eskuratzeko eta eskaerak egiteko Nafarroako Gobernuko tramiteen web-atariaren fitxa kontsulta daiteke.

 

Argazki oina

NUKFren lehendakariak bileraren zehaztasunak azaldu dizkie hedabideei.

 

 

 

Volver arriba