2023ko ekainak 2

Hirikoak ez diren lurzoruetan sua erabiltzeko mugak indarrean jarriko dira, suteak saihesteko

Udako neurriek zerikusia dute sua aisialdirako erabiltzearekin, ibilgailuak baso-lurretan ibiltzearekin, uztondoak erretzearekin eta suteak izateko arriskua sortzen duten makinak erabiltzearekin

Foto noticia

Indarrean daude jada udan suaren erabilerari dagokionez lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen Foru Aginduan ezarritako mugak.  Gogorarazten da, gainera, indarrean dirautela Nafarroako Gobernuak maiatzaren 10ean onartutako 2023ko Baso Suteak Prebenitzeko, Zaintzeko eta Itzaltzeko Urteko Planean jasotakoek, bereziki suteak izateko arriskua sortzen duten makineria eta ekipoen erabilerari lotutakoek.

Neurri horiek baso suteak prebenitzeko eta gutxitzeko ezarri dira eta, aldi berean, jarduera sozioekonomikoari eutsi ahal izateko Estatuko Meteorologia Agentziak ezarritako alerta mailen arabera.

Era berean, hasi da baso suteak prebenitzeko eta itzaltzeko udako kanpaina eta ekainean, uztailean, abuztuan, irailean eta urriaren hasiera bitarte egongo da abian.

Sua erabiltzeko mugak

Zehazki, irailaren 30era arte, lau esparru kontuan harturik ezarri dira mugak: suaren aisialdirako erabilera, ibilgailuen zirkulazioa, erretzeak nekazaritzako eta baso lursailetan, eta suteak izateko arriskua sortzen duten makineria eta ekipoak.

Sua aisialdirako erabiltzeari dagokionez, sute arriskua oso altua edo muturrekoa denean ezingo dira barbakoak edo erromeriak egin ez eta material piroteknikorik erabili ere. Gainera, eta sute arriskuaren indizea edozein dela ere, debeku da sua piztea, Nafarroako hegoalde osoko errepideetako aisialdirako eta atsedenerako guneetan baita horretarako gaitutako tokietan ere.

Honako toki entitateak dira Nafarroako hegoaldeko eremuan sailkaturikoak: Ameskoako Limitaciones, Urbasa, Andia, Goñerri, Ollaran, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atetz, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Bizkarreta, Mezkiritz, Aurizberri, Auritz, Garralda, Orotz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Espartza, Bidankoze, Erronkari eta Garde.

Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, ibilgailu motordunak ezingo dira baso pistetatik eta bestelako landa bideetatik ibili, baso suteen arrisku indizea muturreko mailan dagoenean; betiere, salbuespen batzuk jasotzen dira.

Nekazaritza eta baso lurretan erreketak egiteko Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da. Horretaz gain, erretzea egingo den egunean sute arriskuaren indizea begiratuko da uztondoak zergati fitosanitarioak direla eta erre behar direnean edota landare hondarrak erre behar direnean aipatu Foru Aginduak baimentzen dituen egoeretan.

Azkenik, sute arriskua sor lezaketen makinen eta ekipoen erabilera mugatuko da Estatuko Meteorologia Agentziak Nafarroan ezarritako muturreko gehieneko tenperaturengatiko arrisku-mailaren arabera (meteoalerta): arrisku-maila gorria, laranja edo horia. Arrisku-maila gorrian, ezingo dira aipatu makinak eta ekipoak erabili, horiek nekazaritzakoak, basogintzakoak, obra zibilekoak, meatzaritzakoak edo bestelakoak izan. Maila laranja edo horia denean edo arrisku-mailarik ez dagoenean ordea, arrisku makinak eta ekipoak erabili ahalko dira lan mota bakoitzerako ezarritako egoera eta baldintzetan.

Une bakoitzean baimendurik eta debekaturik dauden jarduerak zehaztasunez ezagutzeko, baso suteen arrisku maila jakiteko eta muturreko gehieneko tenperaturengatiko abisu-maila (meteoalertak) ezagutzeko Nafarroako Gobernuak prevencionincendios.navarra.es web-orria gaitu du. Bertan, gida bat eskuragarri dago suaren erabileraren inguruan eta suaren arrisku maila eta muturreko gehieneko tenperaturengatiko abisu mota jasotzen dituen mapa ikusgai dago. Horretaz gain, Gobernuak honako dokumentua ere egin du maiz egiten diren galderak erantzuteko.

Volver arriba