2023ko martxoak 21

Hezkuntza Departamentuak eta NUKFk hitzarmena sinatu dute Nafarroan Haur Hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketa definitzeko

Foru Gobernuak eta Udal eta Kontzejuen Federazioak haur eskolen gaineko eskumenak zedarritu, horien finantzaketa zehaztu eta eskaintza planifikatu dute

Foto noticia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakari Juan Carlos Castillok hitzarmena sinatu dute gaur, Nafarroako Foru Erkidegoan Haur Hezkuntzako lehen zikloaren hezkuntza ikuspegia eta kudeaketa eredua zehazteko oinarriak ezartzeko.

Carlos Gimenok eta Juan Carlos Castillok izenpetutako hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako eta Lurralde Kohesioko departamentuek Nafarroako haur eskolak kudeatzeko ereduak eta bideak aztertuko dituzte eta horien hezkuntza-, ekonomia- eta langile-kudeaketa eta finantzaketa zehaztuko dute bai eta inplikaturiko administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa eta alderdi sozialarekiko elkarrizketa sistema bat ezartzeko prozedura zehaztu ere.

Foru Gobernuak eta Federazioak haur hezkuntzako lehen zikloaren eskaintza publikoa planifikatzeaz gain, eskola-mapa, modalitateak eta eskaintza linguistikoa ere zehaztuko dituztela ezartzen du hitzarmenak. Gainera, zikloaren inguruko eskumenak aztertuko dituzte eta beste hainbat alderdi jorratuko: haur eskolen tipologia, sorrera eta aldaketa, azpiegiturak eta ekipamendua, haur eskoletan sartzeko araudia, eskola horien araudi organikoa, finantzaketa, egutegia eta ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak eta Lurralde Kohesiokoak eta NUKFk lehen ziklo horren unibertsalizazioa, doakotasuna eta izaera publikoa dute helburu eta hori erdiesteko batera lan egiteko konpromisoa hartu dute. Bai Foru Gobernuak bai Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak kalitatezko hezkuntza-inguruneak izatea nahi dute, desberdintasun pertsonalak, kulturalak eta sozialak konpentsatzeko, haurrei, familiekin lankidetzan, beren nortasuna eta gaitasun guztiak garatzeko prozesu ezin hobea eskaintzeko, ongizate- eta segurtasun-esparru batean.

Gaur sinaturiko hitzarmenaren hirugarren klausulak Nafarroako haur hezkuntzako lehen zikloaren batzorde bat sortzea aurreikusten du, lehen hezkuntza ziklo horren hezkuntza ikuspegia eta kudeaketa eredu bateratua definitzeko hausnarketa esparrua eta tresnak ahalbidetuko dituena. Batzordea foru agindu bidez eratuko da eta zortzi kide izango ditu; horietako hiru Hezkuntza Departamentua ordezkatuz, kide bat Lurralde Kohesioko Departamentuaren ordezkari gisa eta lau kide berriz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz. Horietatik bi kidek Batzordeburu eta idazkari karguak izango dituzte. Batzordeak egoki ikusten duen edonor gonbidatu ahalko du bere lan-saioetara, kontsulta izaera izango duena, proposaturiko helburuak erdiesten laguntzeko. Batzordeak egindako ezein ekimen hitzarmena izenpetu duten erakundeei jakinaraziko zaie horiek gauzatu eta praktikan jartzeko.

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloaren Batzordeak aurtengo lehenengo hiruhilekoan eratu eta abian jarriko da kideak izendatu ondoren. Batzordearen jarduketen egutegia eta lan-bileren maiztasuna batzordeak berak ezarriko ditu; edonola ere, gutxienez, urtean hirutan bildu beharko da.

 

Volver arriba