Gaur, maiatzak 9, Europako Eguna ospatzen da. Duela 65 urte, Robert Schuman Atzerri Gaietako ministroak bere izena daraman adierazpena irakurri zuen. Idatzian, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (IAEE) sortzea proposatzen zuen bere estatu kideek ikatzaren eta altzairuaren ekoizpena bateratzeko. Bost urte igaroak ziren Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik.
“Munduko bakea ezin da babestu, –dio adierazpenak- bakea mehatxatzen duten arriskuen pareko ahaleginak egin gabe. Europa antolatu eta bizi batek zibilizazioari ekar diezaiokeena ezinbestekoa da harreman baketsuak izateko. (…) Europa ez zen eraiki, eta guda izan zen”.
“Europa –jarraitzen du- ez da aldi batean edota ekinaldi bakarrez egingo: jarduera zehatzen bidez egingo da, lehenengo izatezko elkartasuna sortuko duten ekintzen bidez. Frantziako Gobernuak proposatzen du Frantzia eta Alemaniako ikatz eta altzairu ekoizpena goi aginte erkide baten menpe jartzea, eta antolaketa hori Europako gainerako herriei irekia izatea. Ikatz eta altzairu ekoizpenak bateratzeak berehala bermatuko du ekonomia garapenerako oinarri erkideak sortzea, europar federazioaren lehenengo etapa, eta eskualde horien bidea aldaraziko du. Izan ere, luzaroan armak ekoizten jardun dute, eta horien lehenengo biktimak eurek berak izan dira. (…)
Oinarrizko produkzioak bateratuz eta Aginte berria sortuz, proposamen honek bakea iraunarazteko beharrezkoa den europar federazio baten lehenengo oinarri zehatzak ezarriko ditu. Frantzia, Alemania eta kide egiten diren gainerako herriak, bada, europar aginte horren erabakiak betetzera behartuta egongo dira”.
Aipaturikoak adierazpenaren paragrafoetako batzuk dira. Egun, Europa bertako herritarrei eta haien herrialdeei sakon eragiten dien bidegurutze baten aurrean dago. Potentzia batzuen beligerantziak, demokrazia auzitan jartzeak edo gerrak kontinentearen geroa mehatxatzen dute.
Eta kontinentearen administrazio-egiturak eta egitura politikoak ez dira erronka horiei aurre egiteko gai. Europarrak Batasunaren funtzionamenduarekin kritiko azaltzen dira. Eta, hala ere, Espainiako herritar gehienek konfiantza handiagoa dute Batasunaren gaitasunetan estatu kideen gaitasunean baino munduko erronka handiei aurre egiteari dagokionez. Hala jarri du agerian El País egunkariak argitaraturiko inkesta batek.
Europar sentimenduari buruzko 0 eta 10 bitarteko eskala batean, Espainiaren bataz besteko nota oso ongi da; zehazki 7,4. Inkestatuen bi herenek uste du Europa Espainiarentzat onuragarria izan dela eta hamarretik ia zazpik Europar Batasuna “demokrazia”, “ongizatearen estatua”, “bakea” edo “justizia” kontzeptu baikorrekin lotzen du. Aitzitik, inkestatuen erdiek termino ezkorrak erabili zituzten; hala nola, “burokrazia”, “nazioarteko ahultasuna”, “herritarren segurtasun eza” edo “subiranotasunaren galera”.