Azaroaren 26an hauteskundeak egingo dira maiatzaren 28an hauteskunderik egin ez zituzten Nafarroako 38 udaletan eta 77 kontzejuetan
Espainiako Gobernuak udal hauteskundeak deitu ditu eta Nafarroakoak gauza bera egingo du 77 kontzejutan
Espainiako Gobernuak datorren azaroaren 26rako hauteskundeak deitu ditu maiatzaren 28ko hauteskundeetan hautagairik aurkeztu ez zituzten edo emaitzak bertan behera geratutako 44 udalerritan. Horietatik 38 Nafarroakoak dira. Nafarroako Gobernuak gauza bera egitea espero da ordezkaririk hautatu ez zuten 77 kontzejuekin.
Hauteskunde-kanpainak hamabost egunez iraunen du, ostirala den azaroaren 10aren gauerdiko zeroetatik ostirala den azaroaren 24aren gauerdiko hogeita lauak arte.
Hauteskunde horiekin Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoan aurreikusitako tramitea betetzen da, toki hauteskunde prozesuarekin amaitzea alegia.
Hala, lege horri jarraiki, hautagairik aurkezten ez den kasuetan edo hauteskunde-emaitzak epai irmoz edo Hauteskunde Batzorde eskudunaren erabakiz baliogabetzea eragin duten irregulartasunak hautematen diren kasuetan, sei hilabeteko epean egingo dira hauteskunde partzialak.
Honakoak dira maiatzaren 28ko toki hauteskundeetan hautagairik aurkeztu ez zuten, eta beraz, berriro hauteskundeak egin beharko dituzten udalerriak:
Nafarroan: Aribe, Auritz, Burgi, Eslaba, Ezkaroze, Garde, Garralda, Hiriberri, Izaba, Itzaltzu, Nabaskoze, Orbaitzeta, Orotz-Betelu, Zare, Sartze, Urzainki, Uztarroze, Bidangoze, Aranaratxe, Bargota, Deikaztelu, Etaio, Legaria, Lezaun, Arantza, Areso, Atetz, Beraskoain, Eratsun, Iturmendi, Muruzabal, Tirapu, Urrotz, Uterga, Zubieta, Barasoain, Beire eta Orisoain.