Nafarroako Parlamentuak Gobernuak sindikatuekin adostutakoak sartu ditu administrazio publikoen langileen Estatutuan
Aldaketek zenbait alderdi ukitzen dituzte: mailaz igotzea, borondatezko eszedentzia, mugigarritasuna, kontratazio partziala administrazio batzuekin edota opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egunak.

Joan den martxoaren 23an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bateginaren aldaketa onetsi zuen Negoziazio Mahai Orokorrean Gobernuak eta sindikatuek adostutako akordioekin lerrokatzeko.
Hona hemen aldaketa nagusienak:
Gradua eta antzinatasuna. Testuak afera horren inguruan zenbait argibide ezartzen ditu.
Mailaz igotzea. Hemendik aurrera, langileak mailaz igo ahal izateko, sartzeko hautapen prozesuetan lanpostu huts batzuk erreserbatuko dira Nafarroako edozein administrazio publikotako funtzionarioek txanda murriztuaren bidez parte hartu ahal dezaten, Estatutuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte betiere.
Lanpostua gordetzea borondatezko eszedentziagatik. Hemezortzi hilabetez gordeko da.
Barne mugigarritasuna. Administrazioek barne mugigarritasuneko prozesuak deitu ahalko dituzte, bere zerbitzura dituzten langileen jatorrizko atxikipen-esparruaren barruan. Prozesuak bi urtean behin egingo dira.
Kontratazio partzialak. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileek kontratu bat baino gehiago eduki ahalko dute administrazio ezberdinekin, lanaldiaren %100 gainditzen ez bada betiere.
Lanpostuaz jabetzea geroratzea. Lanpostuez jabetzea geroratu ahalko da erditzeagatik, adopzioarengatik eta bestelako egoerengatik.
Oporrak eta baimenak. Funtzionarioek bi opor-egun gehiago izango dituzte 20 urteko antzinatasuna betetzen dituztenean, opor-egun bat gehiago 25 urteko antzinatasuna betetzean eta beste opor-egun bat 40 urteko antzinatasuna betetzean. Gainera, norberaren aferetarako bi eguneko lizentzia ordaindu gehigarria izango dute 18 urteko antzinatasuna betetzean, egun bat gehiago 24 urteko antzinatasunarekin eta beste egun bat gehiago hortik aurrera hiru urtean behin.
Lizentzia ordainduan lanaldia murriztea minbizia duten seme-alaba adingabekoen kasuan. Lanaldi erdira murriztu ahalko da.