2025eko abenduak 22

Garapen Lankidetzako Toki Funtsak 2025ean finantzaturiko proiektuen erakusketa hartuko du berean Nafarroako Parlamentuak urtarrilaren 10a bitarte

Erakusketak Funtsak babesturiko 14 proiektuak biltzen ditu eta toki-erakundeen esku egongo da Nafarroa zeharkatuko duen ibilbide ibiltari baten barruan

Foto noticia

Nafarroako Parlamentuak “Ekintza txikiak, aldaketa handiak. Herri txikienak ere mundua alda dezake” izeneko erakusketa izango du ikusgai bere atarian Gabonetan. Erakusketa Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) sustatu du Garapen Lankidetzako Toki Funtsa eta 2025ean finantzaturiko proiektuak ezagutzera emateko.

Parlamentuko atarian bisitatu ahalko da abenduaren 22tik urtarrilaren 10era, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.  Nafarroako toki-erakundeek nazioarteko lankidetzaren alde egindako baterako lana herritarrei hurbiltzea da helburua.

Parlamentuan egon ondoren, urtarriletik aurrera erakusketak Nafarroan barna hasiko du bere ibilbidea toki-erakundeek (eta bereziki erakunde txikienek) berean eduki ahal izateko aukera tokian tokiko herritarrekin partekatzeko, eta Funtsak duen eragina eta jomugaren inguruan gardentasuna eta pedagogia publikoa indartzeko.

Toki esparrutik ahaleginak batzen dituen Funts bat

Garapen Lankidetzako Toki Funtsa Nafarroako toki-erakundeen batasunean oinarrituriko eredu bat da, zeinean erakunde horiek baliabideak batzen baitituzten inbertituriko euro bakoitzaren eragina handituz.  Eredu horri esker, tamaina txikiagoa duten udalerriek ere lankidetza proiektuetan parte hartzeko aukera dute ekarpen txikiak eginez. Izan ere, ekarpen horiek batuz, irismen handiko amankomuneko funts bat sortzen baitute.

27 urteko ibilbidea du Funtsak eta denbora tarte horretan 4,6 milioi euro bideratu ditu, 48 herrialdetan 200 proiektu finantzatu ditu eta 4 milioi pertsonari mesede egin die.

Erakusketa elebitan dago (gaztelaniaz eta euskaraz) eta roll-up erako 16 panelek osatzen dute: aurkezpen panel bat, Funtsa azaltzen duen panel bat, 2025ean GGKEk finantzaturiko proiektuei buruzko hamahiru panel, eta amaierako beste panel bat Burlatako, Barañaingo eta Eguesibarko udalekin batera Ruandan Médicus Mundiren eskutik gauzatzen ari den hiru urteko proiektuaren inguruan.

Aitorpena GGKEi eta toki-erakundeei

Aurkezpen ekitaldian, NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek Funtsaren balioa nabarmendu du toki esparrutik eraikitako elkartasunaren adibide gisa eta, bereziki, “lankidetza bikoitzaren” isla gisa: batetik nazioarteko lankidetza egiten baitu Funtsak proiektuak gauzatzen dituzten GGKEn eta gizarte erakundeekin batera eta, bestetik, Nafarroako toki-erakundeen arteko lankidetza ere badelako, erakunde handi eta txikiek ahaleginak batzen baitituzte amankomuneko proiektu batean.

“Funtsak NUKFren izaera argi islatzen du: Nafarroako udalgintzaren batasuna toki-erakunde bat bera ere atzean gera ez dadin. Elkarrekin eraginkorragoak gara eta urrunago heltzen gara”, adierazi du Alcuazek. Era berean, azaldu duenez erakusketa ez da Iruñean geldituko, Nafarroatik barna bidaiatuko du Funtsak sustatzen dituen proiektuekiko hurbiltasuna, gardentasuna eta pedagogia publikoa indartzeko. “Nahi duguna da herritarrek ezagutzea zer egiten den, nola egiten den eta zergatik merezi duen hori egitea”, defendatu du.

Urtarriletik aurrera erakusketa berean ikusgai jarri nahi duten toki-erakundeak NUKFrekin jarri beharko dira harremanetan eta eskaera-formulario bat bete beharko dute udalerri bakoitzean erakusketarako aurreikusitako data eta tokia zehazteko.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba