2024ko abuztuak 13

Foru Gobernuak eta toki-erakundeek trantsizio energetikoaren alorrean egingo dituzten inbertsioen berri eman dute Industriako kontseilariak eta NUKFko lehendakariak

Foru Gobernuak 14 milioi euroko ekarpena egin die toki-erakundeei. 7,4 milioi energia-komunitateentzako laguntzei, autokontsumoari, ibilgailu elektrikoari, deskarbonizazio termikoari, argiteria-aldaketari eta proiektuen idazketari emango zaizkie, milioi 1 zuzenketa-proiektuei eta 6 milioi Europako proiektuei

Foto noticia

Mikel Irujo, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakariak eta Uxue Itoiz, Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako zuzendari Nagusiak prentsaurrekoa eman zuten abuztuaren 13an, Nafarroako Gobernuak eta toki-erakundeek elkarrekin egiten duten lana nabarmentzeko.  Zehazki, departamentuak 14,4 milioi euro jarri ditu udalerrien eta kontzejuen eskura, laguntza deialdien eta, besteak beste, digitalizazioa erabiliz sektore horren deskarbonizazioa bultzatuko duten proiektuen bitartez.

Irujo kontseilariak adierazi zuenez, “2024an Nafarroako Gobernuko funtsen %47 bideratu ditugu toki-erakundeetan trantsizio energetikoa sustatzeko”. Halaber adierazi zuen “zenbateko hori 2,4 milioi euro dira, zehazki, eta departamentuak kudeatzen dituen beste funtsekin batera 14,4 milioi euro dira osotara gauzatzen ari diren dirulaguntzen eta proiektuen artean”.

Xabier Alcuaz NUKFko lehendakariak ordea gogoan izan zuen toki-erakundeek urteak daramatzatela trantsizio energetiko bete-betean, argiteria publikoa aldatzen, berokuntza-galdarak aldatzen, autokontsumorako eguzki-energiako instalazioak jartzen edota komunitate energetikoak sustatzen herritarren mesedetan. Gainera, beste jarduketa batzuk egin dituzte mugikortasun jasangarriaren alorrean hirigintzako eta trafikoko hainbat jarduketen bidez edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutabeak jarrita.

Egun, gainera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hitzarmen bat abiatzear du Nafarroako Gobernuarekin toki-erakundeetako teknikariei eta politikariei trantsizio energetikoaren  alorrean aholkularitza emateko. Hitzarmen horren barruan, besteak beste, gida bat ere egingo du toki-erakundeetako kudeaketa energetikoaren inguruan.

Deialdia handitzea
Nafarroako Gobernuak trantsizio energetikorako laguntzetarako bideratzen duen aurrekontuaren barruan sartuta dago toki-erakundeei zuzenduriko argiteria aldatzeko, proiektuen idazketarako eta energia berriztagarriak jartzeko deialdia handitzea. Zehazki, 600.00 euro gehiago egongo dira aipatu helburuetarako, aurtengo lehenengo deialdiko milioi bat eurotara batzen zaizkionak.

Oinarriek hiru neurri barne hartzen dituzte. Lehenengoa argiteria publikoa berritzera bideratuta dago eta 300.000 euroko aurrekontua du. Horietatik, 50.000 euro 500 biztanletik beherako udalerriei zuzenduta daude. Bigarren neurria, 250.000 euroko aurrekontua duena, energia berriztagarrietako instalazioetarako inbertsioak finantzatuko ditu. Azkenik, hirugarren neurri bat dago proiektuen idazketarako eta auditoretza energetikoak egiteko; 50.000 euroko aurrekontua du.

Laguntza horietara aurkezten ahalko dira udalak bai eta kontzejuak eta mankomunitateak ere Nafarroako Gobernuko tramiteetarako web-atarian dagoen fitxaren bidez. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik hasita. Beraz, irailaren 4an amaituko da. Epe horretan, interesdunek eskaera baino ez dute aurkeztu behar. Behin onetsita, azaroaren 10era bitarte izango dute diruz lagundutako ekintza egiteko.

Laguntza horietaz gain, gogoan izan behar da toki-erakundeek beste laguntza ekonomiko batzuk ere jaso dituztela. Hain zuzen ere, 2.737.457,12 euro jaso dituzte galdarak eta beste sistema termiko mota batzuk aldatzeko; 2.030.581,42 euro autokontsumoko instalazioetarako; 200.500 euro ibilgailu elektrikoak erosteko; 252.561,41 euro kargatzeko guneak jartzekoa eta 588.655,98 komunitate energetikoak sustatzeko.

Proiektuak
Laguntza deialdi horietaz gain, 7 milioi euro gehiago dago toki-erakundeekin lotutako proiektuetarako, deskarbonizazioa sustatzeko.
Batetik, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak 999.100 euro kudeatzen ditu toki-erakundeak onuradun dituzten hainbat diru-partidatan banaturik.  Zehazki, 566.500 euro bideratu ditu galdarak eta kanpoko arotzeria aldatzeko eta autokontsumoko instalazioak jartzeko; 207.000 euro komunitate energetikoak sustatzeko eta 62.600 euro prestakuntzarako.

Zenbateko horiei beste 163.000 euro gehitu behar zaizkio CENER erakundeak Enerclusterrekin lankidetzan I+G+b proiektu bat egiteko bideratu direnak bizki digitalak egiteko helburuarekin. Bizki digital horiei esker, udalerrietako egoera aztertu ahalko da eta horietako bakoitzerako deskarbonizaziorako agertoki hoberenak proposatu ahalko dira.

 

Argazki oina

Xabier Alcuaz, Mikel Irujo kontseilaria eta Uxue Itoiz prentsaurrekoan.

 

Volver arriba