Farmazietan jendea hartzeko ordutegia eta zaintzako zerbitzua murrizten dituen dekretu baten proiektuaren gaineko kontrako txostena egin dute toki entitateek
Toki ordezkarien ustez, dekretuaren eragina bereziki ezkorra izango da landa ingurunean
Toki entitateetako ordezkariek Osasun Departamentuak aurkezturiko foru dekretuaren proiektuaren gaineko kontrako txostena egin zuten iragan ekainaren 3ko Toki Araubideko Foru Batzordean. Proiektuak farmazia bulegoetarako jendea hartzeko ordutegia, zaintzako zerbitzua eta oporraldia ezartzen ditu eta toki ordezkarien iritziz zerbitzuaren okertzea dakar zaintzak eta irekitzeko derrigorrezko ordutegiak murrizten dituelako. Dekretua landa inguruneari eragiten dio bereziki.
Proiektuaren asmoa da 2023ko beste bat aldatzea adierazitako alderdiak malgutzeko. Aldaketa esanguratsuenen artean daude farmazia-eremuen sorrera eta horiek hartzen dira erreferentziako oinarrizko lurralde-elementu gisa zaintzen araubidea zehazteko. Lehen, oinarrizko osasun-eremuen arabera egiten zen. Testuak, oro har, zaintza zerbitzuen murrizketa dakar.
Gainera, dekretuak oporrak, herriko jaiak eta abar direla eta farmaziak ixteko aukera ematen du, udalerrian bakarra egonda ere, beste farmazia bat 30 kilometro baino gutxiagora dagoenean. Lehen tartea 20 kilometrokoa zen.
Horretaz gain, arauak farmazia bat aldi baterako ixteko aukera ematen du 6 hilabetez, 3 hilabete gehiago luzatu ahalko delarik, “justifikaturiko kausa” batengatik.
Osasun Departamentuak farmaziak jartzeko erraztasunak emateko edota zenbait tokitan daudenak ixtea ekiditeko bide gisa justifikatu ditu neurriok.
Batzordean, toki entitateetako ordezkariak ados azaldu ziren landa eremuetako farmazia-zerbitzuak mantentzea ahalbidetzeko neurriak hartzearekin baina dekretuaren proiektuan jasotako proposamenak ez diren bestelako pizgarriak baliatuta.
Argazki oina
Iruñeko farmazia bat.