Euskal Jai Erremonte Fundazioak aurten ere bere txapelketak eskaini dizkie udalei
Fundazioa nafar jatorridun pilota modalitate hori suspertzeko jaio zen eta zenbait udal patronatuaren kide dira
Euskal Jai Erremonte Fundazioaren kudeatzaile Jaime Aguirrek aurten ere jo du NUKFko lehendakari Xabier Alcuazengana, fundazioak antolatzen dituen txapelketen barruan udalei erremonteko jaialdiak egiteko aukera eskaintzeko.
Erakunde pilotazaleak eskaintzen dituen jaialdietan modalitate horretako profesional onenetarikoen partidak daude.
Honako herriz herriko txapelketetako partidak eskaini ditu Fundazioak Nafarroako herrietan egin ahal izateko: Udaberriko Erremonte Profesionalaren Txapelketa (apirilaren 19tik ekainaren 30era); Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionalaren XIX. Txapelketa (uztailaren 19tik urriaren 11ra); eta Eguberriko Banakako Erremonte Profesionalaren Txapelketa (azaroaren 29tik abenduaren 20ra).
Pilota-jaialdiek 2.000 euroko kostua dute Fundazioak foru erakundeen finantzaketa jasotzen baitu. Ikusleen ekarpena, 5 eta 10 euro artekoa, izaera soziala duten erakundeentzako bideratzen da.
Fundazioak gogorarazi du partidak frontoi gehienetan egin ahal direla eta, babes-sarerik eduki ezean, antolatzaileek jartzen dutela.
Bertako modalitatea babestea
Erremonte Fundazioak nafar jatorria duen pilota modalitate hori babesteko jaio zen modalitatea gainbeheran zegoen momentu batean, eta hasieratik Nafarroako Gobernuko eta zenbait udalen laguntza izan zuen. Egun, Foru Exekutiboaz gain honako udalak dira Patronatuaren kide: Iruña, Atarrabia, Burlata, Eguesibar, Esteribar, Uharte, Lekunberri, Doneztebe, Baztan eta Agoitz.
Nafarroako Parlamentuko babesa ere badute. Hain zuzen ere, Foru Parlamentuko Kultur Batzordeak ebazpen bat onetsi zuen Nafarroako erremontearekiko babesa eta konpromisoa adierazita, “Foru Erkidegoan sortutako pilota modalitatea izaki eta errespetua, kidetasuna eta ardura sozialaren gisako baloreak lantzen dituen gure lurraldeko kirol ondarea delako”. Batzordeak gainera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Nafarroako toki entitateei eskatu zien Euskal Jai Berri Erremonte fundazioarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa har dezaten ahalik eta erremonteko jaialdi gehien antolatzerakoan, horrela, Nafarroako geografia guztira iristeko eta bertan jaiotako pilota modalitatea babestu eta zaindu ahal izateko.
Argazki oina
Aimar Saldias, E Remonte Iruña enpresako erremontista profesionala.